Alan J. Pakula
1972ko hauteskundeak baino lehen, Washington Post egunkariko Bob Woodward erreportariak itxuraz garrantzirik ez duen Alderdi Demokrataren egoitza nagusiko lapurreta bat ikertuko du. Auziaren defentsan lehen mailako abokatuak ikusteak harritzen badu ere, are susmagarriagoa da akusatuaren eskuetan kanpaina errepublikarreko antolatzaileen izenak eta helbideak aurkitzea. Post-eko emakumezko zuzendariak ikerketekin segitzea erabaki eta kasua Woodward beraren eta Carl Bernsteinen eskuetan utziko du. Alderdi Errepublikarraren barnean gero eta gorago seinalatzen duten frogak erdietsiko dituzte, Etxe Zurira bertara iristen diren arte.
Roger Spottiswoode
Estatu Batuetan hiesaren izurriaren historiaren lehenengo bost urteak kontatzen ditu (1980-1985). Hasiera batetik burutu zen ikerketa zientifikoa du hizpide, eta birus misteriotsu eta ezezagun baten aurrean medikuek zuten ezjakintasuna nola ikerketaren finantzaketari ezetz esan zion Reaganen administrazioaren axolagabetasuna deskribatzen ditu. Batzuren eta besteen artean, une hartan deus ere ezagutzen ez zen gaisotasunari jendeak, eta bereziki gay komunitateak, dion beldurra dago.
Francis Ford Coppola
Estatu Batuak Vietnamgo Gerraren sarean harrapatuta daude, vietcongdarrak ezin sartuzko oihanetik irtenarazi nahian. Willard kapitainak Kanbodiako mugako indigena menditarren komunitatean bere legea ezartzen duen ?txapel berde? izandako Kurtz jenerala hiltzeko mandatu berezia jasoko du. Bere helmugara heltzen den heinean, Willard pixkanaka bere gizonak galduz joango da infernurainoko jaitsiera beldurgarrian murgilduz.
Philippe Mora
Dokumental honek 30eko urteetako albistegi eta pelikuletako zatiak biltzen ditu, 1929an New Yorkeko Burtsaren behera etortzeak ekarri zuen Depresio Handiak eragindako hamarkada oso bat deskribatzeko. Garai hartako kantuak ere biltzen ditu eta beraz, amerikar historiaren une etsigarri horren funtsezko testigantza izango da.
Bob Fosse
30eko hamarkadaren hasieran, irakaskuntzan aritzeko asmoz, Berlinera doan Brian Roberts idazle britainiarrak Sally Bowles amerikar artista bitxia ezagutzen du. Sallyk Kit Kat-en egiten du lan, kabaret berlindar batean, non gauero Zeremonia-maisu androgino batek bere publiko libertinoaren aurrean jazzaren erritmoan larrugorritze-ikuskizun bat aurkezten duen. Klub barruan hedonismoa nagusi den bitartean, kalean pixkanaka nazismoak Alemania kontrolpean hartuko du, eta Kit Kat-en bertan ere, azkenerako aldaketa sozial beldurgarri horrek eragina izango du.
Maria de Medeiros
Portugal - Espainia - Italia - Frantzia
98 min.
Portugalen, 1974ko apirilaren 24tik 25erako gauean, irratian debekatutako kantu bat entzuten da: Grandola, vila morena. Kontsigna bat da, Europako diktadura zaharrenetako batean armak baztertzea erabaki duten militarrek matxinada has dezaten. Txilen Pinocheten kolpea gertatu zenetik hilabete gutxi bakar batzuk igaro dira, baina altxamendu hau oso bestelakoa da. Testuinguru honetan, pelikulak hiru pertsonaia nagusien istorioa kontatzen du: bi kapitaina, Maia eta Manuel, eta Antonia, horietako batekin ezkondutako irakasle eta kazetari gaztea. Maia kapitainaren pertsonaia ?krabelinen iraultzako? buruzagietako batean, Salgueiro Maia famatuan oinarritzen da.
Basilio Martín Patino
Franco jeneralaren altxamendua eta ondoren etorri zen Espainiako Gerra Zibila kontatzen dituen dokumentala (1936-1939), bai errepublikar ikuspuntua, bai falangistena kontuan hartuz. Borrokaldian filmaturiko sekuentziak eskaintzen ditu, gerran zuzeneko informazioa izan zuten idazle ezagunen testigantza narratiboak eta liskarrean parte hartu eta bizirik atera zirenei egindako bisitak.
Patricio Guzmán
Txileko erregimen militarra amaitu ondoren, Patricio Guzman bere herrira itzultzen da agintariek ordurarte debekatutako La batalla de Chile bere dokumentalaren emanaldira. Iraultza sozialista eta ondorengo estatu-kolpe pinotxetista ia gogoratzen ez duen txiletar belaunaldi berri bat osatzen duen bere publikoak gogoeta egiten du hainbeste urteetako debekuaren ondoren pelikula ikusi izanak eurentzat duen esanahiaz. Guzmanentzat, diktadoreak ezarritako ahanzturak herri baten memoria eta kemena noraino suntsi ditzakeen ikusteko aukera da honako hau.
Roland Suso Richter
1961ean gaude, Berlingo Harresia eraiki zuten urtean. Harryk ez du jada Ekialdeko Berlingo errepresioa gehiago jasaten; bere arreba Lotterekin ihes egin nahi du, baina Mendebalde Berlinerako ihesaldia haren alaba txikiarentzat arriskutsuegia ote den beldur da. Harryk Mendebaldera aldegitea lortuko du azkenean, baina bila itzuliko zaiola agintzen dio bere arrebari. Behin salbu dagoela, aspaldiko laguna duen Matthis injineruarekin elkartuko da Harry, ezinezkoa dirudien plan bat burutzeko, hots, harresiaren azpitik tunel bat zulatzea. Horretarako, harresiaren bestaldean senideak zein lagunak askatu nahi dituzten pertsonen laguntza lortzen saiatuko dira. Bederatzi hilabeteko lanaren eta lur erorketak, uholdeak eta Stasi-ko espioiak saihesten jardun ondoren, taldea Ekialdeko Berlingo eraikin baten sotora iritsiko da.
Volker Schlöndorff
Georg Laschen izeneko kazetari aleman batek argazkilari batekin bidaiatzen du Beirutera, non enbaxada germaniarreko enplegatu bat topatzen duen, Arianna. Ariannak haur bat adoptatu nahi du eta Georgek beharrezko izapideak egiten laguntzen dio. Ordurarte, Georgek ez du ez inorrekin, ez ezerekin konprometitu nahi izan, baina libanoar gerraren krudelkeriak eta Ariannarekin duen harremanak den-dena birplanteatzera behartzen dute. Neskak amorante palestinar bat duela jakitean ordea, gatazkak suntsitutako hiria uztea erabakitzen du. Hamburgora itzultzen denean, halako gerra errukigabeaz informatzeari uko egiten dio.
Stanley Kubrick
Mundua menperatzeko konplot komunista bat dagoela sinestuta, Aireko Estrategia Komandantziako jeneral batek bere kabuz agintzen du Moskuren aurkako eraso nuklear bat, eta atxilotu ez dezaten basean bere jarrerari eusten dio. Hortik aurrera, burutik eginda dagoen jeneralaren, Sobietar Batasunera abiatu diren bonbaketarien eta Pentagonoko gerra-kabinetearen artean akzioa atsedenik gabe txandakatuko da, eta Estatu Batuetako presidentea ekidin ezina dirudiena saihesten saiatuko da, jeneral erreboltariak bakarrik ezagutzen baititu B-52en egitekoa bertan behera utz ditzakeen kodigoak.
Imanol Uribe
Burgosen 1970eko abenduaren egindako prozesuaren auzipetuek ETAko kide nola egin ziren eta Manzanas komisario torturatzailea hil zuen atentatuaren ondorioz izandako sarekada izugarrian ETAko 13 gizon eta 3 emakume atxilotu zituztenekoa kontatzen dute. Prozesatutako bederatzi lagun heriotz-zigorrera kondenatu zituzten, baina Franco jeneralak, iritzi publiko espainol eta nazioartekoaren eraginez, epaia konmutatu zuen.
Otto Preminger
Israelgo estatuko sorreraren historian oinarritzen den pelikula honek holokaustotik bizirik ateratako 611 gizon-emakume zeramatzan ?Exodus? itsasuntziaren abentura kontatzen du, zeinak Palestinako kostaldera iristeko britainiar okupazio-agintariak derrigortutako blokeoa desafiatu behar izan zuen. Ibilbide bera jarraitu zuten milaka judutar gehiagok. Pelikularen azken zatiak independentzia deklaratzen deneko Israelgo egoera erakusten du, barneko tirabirak eta ekialde ertaineko bizilagunen gerra-deklarazioa.
Emil Weiss
1945eko maiatza. Big Red One izeneko Itsas infanteria estatubatuarraren dibisio ospetsuak Europako bere azken borrokaldia irabazten du Sudeste txekoslovakiarretan eta Falkenauko kontzentrazio-esparruan giltzapean zeuden presoak askatzen ditu. Orduan kabua zen Samuel Fuller, gero zine-zuzendari aintzatetsia bihurtuko zenak batailan parte hartu eta gertakari hau filmatu zuen. Filmaketaren baldintzak aurkezten dituen sarreraren eta kontzentrazio-esparruaren askapenaren pasartearen ondoren, Fullerrek duela berrogei urte filmatu zituen hogei minututako soinurik gabeko irudiei buruzko azalpenak ematen ditu.
Barbet Schroeder
General Idi Amin Dada 1971 eta 1979 bitartean 300.000 herrikideen heriotzaren erantzule izan zen diktadore ugandarrari buruzko dokumentala da. Nazioarteko gaurkotasunean ezagun egin zen bere herritik asiar jatorria zuten biztanleak kanporatzea agindu zuenean, eta gero basatikeria franko egin zuen. Amin beraren onespenaz, kamerak diktadorea safari batean, igeriketa lehiaketa batean eta bere ospea erakustearren antolaturiko beste hainbat gertaeratan jasotzen du, baina irudi hauek haren eromena eta paranoia begi-bistan utziko dute. Dena den, berehala agintetik kendu zuten, eta arabiar herrialde batean asiloa eskatu zuen.
Roberto Rossellini
Alemania ?Zero urtean? dago, gerra osteko berreraikuntzaren hasiera. Alemaniar hiritarrak porrotaz eta Hitlerren jarraitzaileek buruturiko genozidio ikaragarriaz jabetuta daude. Edmund izeneko 12 urteko ume batek hilzorian dagoen bere aita zaindu behar du. Merkatu beltzean lanean ari dela, Edmundek aspaldiko bere irakasle bat topatzen du, nazien jenerala izandako bati mutikoak lortzen dizkion homosexual bat. Ezagutzen dituen pertsonen bitartez, aurrera egitea merezi duten bakarrak pertsona indartsuak direla pentsatzen hasia da Edmund eta ahulak desagertuarazi beharko liratekeela. Honela, ideia hauek buruan, gaixorik dagoen bere aita hiltzea erabakitzen du.
Tomás Gutiérrez Alea
50eko urteetako Kuban Batistaren aurkako altxamendu armatuari buruzko hiru istorio dramatikoz osatua (El herido, Rebeldes eta La batalla de Santa Clara), etorkizun hobeago baten itxaropenean bizi, maitatu eta borrokatu zuen gazteria baten historia da. Kubako Iraultzaren epika eta mistika pelikula honetan ikuspegi kasik dokumental batez kontatzen dira.
David Helpern
Egileak filmatutako materiala albistegien sekuentziekin nahasiz, Hollywood on Trial Joseph McCarthy senadoreak gidaturiko komunisten aurkako ?sorginen ehizari? buruzko dokumentala da. ?Hollywoodeko Hamarren? kasuan oinarritzen da zehazki, 1947an Amerikarkontrako Ekintzen Komitearen galderak erantzuteari uko egin zion gidoilari eta zuzendariz osaturiko talde horretan. Horren ondorioz, euren izenak zerrenda beltzean jarri zituzten, eta honek ezein ekoizlek ez zituela kontratatuko esan nahi zuen, eta gainera kartzelaratuak izan ziren.
Zhang Yimou
Fugui jokuarekiko duen zaletasun neurrigabearengatik zorrak jandako gizon aberatsa da. 40 urteak dira Txinan, eta Fuguik eta Chunsheng bere lagunak itzalen antzerki talde bati esker diraute bizirik. Guda zibilean garaipen komunista gertatuz gero, Fugui bere emazte Jiazhenekin, zeinak bera abandonatu zuen, adiskidetzen da. Antzerki taldeak iraultza bultzatzen du herritarren moralari eutsiz. Guztiek hartzen dute parte Aurrera Jauzi Handia deritzan abiatze ekonomikoaren saioan. Halaber, Chunshengek eragindako Fuguiren semearen heriotzak ezkontideen zoriontasuna uhertzen du. Kultur Iraultzak eztanda egiten du. Mediku guztiak mendira bidaltzen dituzte lanera. Fuguiren alaba, Fengxia erditzear dagoen unean ikasleak besterik ez daude hari laguntzeko, inork geldi arazten ez dakien odol hustutze batez hiltzen delarik. Fugui eta Jiazhenek, jada zaharturik, bizi arrazoia biloba hezitzean aurkituko dute.
Oliver Stone
Jim Garrison, New Orleanseko fiskala, Kennedy presidentearen hilketarekin zerikusia duen kontu bat ikertzen ari da, eta egia aurkitu arte jarraitzea erabaki du, bere karrera, bere bizitza eta bere familiarena arriskuan jarri arren. Billdutako frogen arabera, Kennedyren hilketa, presidentea erditik kentzeko konspirazio baten emaitza izan zen, amerikarrak Vietnametik erretiratzeko agindua ematera zihoalako, hain zuzen.
Bo Widerberg
Joe Hill sindikatu-buruzagia exekuziora eraman zuten 1915eko gertaerak kontatzen dira. Istorioa Joeren bidaia batekin hasten da, bere jaioterri Suediatik Estatu Batura etorkin gisa doanean. Behin bertara iritsita, Wobblies sindikatuarekin harremanetan jartzen da (benetako izena International Workers of the World zen, baina azkenean beste izen hori hartu behar izan zuten etorkinek IWW siglak ahoskatzeko arazo ugari baitzituzten). IWW milioi laurden bat afiliatu izatera iritsi zen, baina bururik gabe utzi zuten Lehen Mundu Gerran, sindikatuko 150 lider kartzeleratu zituztenean. Beti bere banjoaz lagundurik, Joe laister kanta sindikalistak konposatzen hasiko da. Denboraldi batez Wobblies-ekin lanean aritu ondoren, Utahra doa, eta bertan maite duen emakumea babestearren, hilketa bat leporatuko dio bere buruari, eta fusilamendu-pelotoi baten aurrean exekutatuko dute.
Stanley Kramer
Judgment at Nuremberg Alemanian Bigarren Mundu Gerran batik-bat kontzentrazio-esparruetan egin ziren gerra-krimenen kontakizun arduragarria da. Basatikeria hitleriarrak mundu osoari jakinaraziz, pelikula Nurembergen ospatu ziren epaiketetan oinarritzen da eta gerra-krimenak burutu zituzten gizabanakoei erantzukizunak eskatzearen beharraz gogoeta egiten du, epaitutako askok euren buruak erru kolektiboak argudiatuz zuritzen zituztenez edo arrazoitzat euren nagusien aginduak obeditu besterik ez zituztela egiten aipatuz.
Shohei Imamura
Izenburuak Hiroshiman bota zuten lehen bonba atomikoaren ondorengo euri erradioaktiboa aipatzen du. Yasuko, neska ezkongai gazte batek, zoritxarrez Hiroshima bixitatzen du eztandaren egunean. Harrigarriro, ez du inolako zauririk eta badiaren bestaldean dagoen bere herrira itzultzen da. Tamalez, eskualde osoan eragin izugarria izan du ?euri beltzak? eta hurrengo urteetan erradioaktibitateak poliki-poliki baina gupidagabe bertako bizilagunen osasuna eta arima hondatzen ditu. Yasukoren lagun-ohiek ez dute gaisotasunaren jatorria ulertzen eta neskari egozten diote hura herrira ekartzearen errua. Paria bat bihurtzen da azkenerako, eta bonbak Yasukoren bizitza suntsituko du bete-betean gainean erori izan balitzaio bezalaxe.
Patricio Guzmán
Salvador Allende presidentearen agintaldiaren hirugarren urtean, eskubiak eta ezkerrak irrikaz bizi dute parlamenturako hauteskunde kanpaina, eta kamera kalera aterako da bitartekorik gabe zer gertatzen den jasotzera. Burgesia eta patronala gobernu sozialista bertan behera botatzen saiatuko dira. Politikariak, militanteak eta hiritar xeheak euren iritzia adierazten dute, 1973ko iraileko tragedia ekarriko zuten gertakizunen kronika zuzena eta bizia eskainiz. Txileko herria da protagonista anizkoitza igarotako urteen poderioz gero eta interesgarriago den ikuspegia erakusten duen kronika horretan.
Patricio Guzmán
1973ko ekainean arrakastarik izan ez zuen erreboltatik hasi eta militarrek urte bereko irailean Monetaren jauregia bonbardatu eta Allende presidentea Konstituzioa defendatuz hil zuteneko estatu-kolperainoko guztia jasotzen du kronikak eta honen osteko errepresioa. Dokumentala zehatza da oso, negu austral asaldatu horretan eskuinaldeko oposizioaren aurrerakada eta bat egiteko gai ez ziren ezkerreko alderdien antolakuntzarik eza erakusterakoan. Une batzuk, gainera, maisu-lantzat har daitezke behaketa zinematografikoaren aldetik: Allenderen landa-laguntzailearen ehortzea, auzo marjinaletako emakumeei egindako elkarrizketak edo Txileko gizartearen zatiketaren sintesi ona bihurtzen den telebistako eztabaida-saio bat.
Gillo Pontecorvo
Aljerian 130 urteetako galiar kolonialismoaren ondoren, 1954an Askapenerako Fronte Nazionalak (AFN) independentziarako borroka hasi du bertan finkaturiko frantsesak erasotzeari ekinez. Gobernadoreak AFN-ren babesleku den kasbah hesituz ito nahi du altxamendua, baina erasoak bertan darraite. Frantsesek jausgailuen dibisio bat zabaltzea erabaki dute Mathieu koronelak gidaturik, zeinak atzemandako aljeriarrak torturatzen dituen euren kideak salatu ditzaten. Mathieuk AFN-ren buruzagi guztiekin bukatzen du honela, baina matxinadak aurrera darrai. Milaka aljeriar kalera ateratzen dira eta hiriburua hartzen dute, azkenik 1962ko uztailean independentzia lortuz.
Luis Puenzo
Diktadura militarra garaiko Argentinan, Alicia eta Roberto senar-emazteak ondo bizi dira gizonak goi-mailan dituen adiskideei esker. Alaba adoptatu bat daukate, Gaby. Egun batean, Aliciaren lagun izandako Ana azaltzen da, Europan hainbat urte erbesteraturik egon dena. Aliciak orduan Anak hilabete baino gehiago kartzelaratua eta torturatua izan ondoren aldegin zuela jakiten du. Anak atxilotuen artean haurdun zeuden emakume asko zeudela kontatzen dio, eta hauei euren haurrak jaiotzean kendu egin zizkietela erregimen militarraren inguruko familiei adopzioan emateko. Honek Aliciaren gogoan kezka pizten du, ez baitu Gabyren jatorria ezagutzen eta izapide guztietaz Roberto arduratu baitzen.
Dino Risi
Lehen Mundu Gerra ondoren desmobilizaturik eta inolako lanbiderik gabe, Domenicok delitu txikiei esker nekez bizirauten du Milanen. Egun batez bere kapitaina izandakoa, Paolinelli, topatzen du, oraindik ernatzen ari den mugimendu faxistaren buruzagietako bat, eta haiekin elkartzen da. Manifestazio batean Umberto ejerzitoko bere laguna topatzen du eta honi Ator Beltzeetan parte har dezaten sartuko dio buruan. Kale-garbitzaileen greba batean, aurka egingo diote poliziari eta horregatik, bi urteko kartzela-zigorra bete beharko dute. Alabaina, faxistek handik hilabete batzuetara kalean utziko dituzte, Erromako Ibilaldirako garaiz.
Joris Ivens, Marceline Loridan
Frantzia - Ipar Vietnam
113 min.
Ipar Vietnam eta Hego Vietnamen arteko mugaketa marran, hau da, 17.paraleloan kokatzen den pelikula honek bertako jendearen eguneroko bizitza eta era berean, amerikarren aurkako borroka kontatzen digu. B-52en bonbardaketa etengabeak zirela eta, zonalde honetako vietnamdarrak egunez lur azpian bizi eta gauez soroak landu behar zituzten. Aste gutxitan, eskualde honetan bonbaketariek 20.000 tona lehergailu baino gehiago bota zituzten.
Marcel Ophüls
1940tik 1944ra bitartean Vichyren gobernuaren administraziopean zegoen Frantziaren zati batek nazien Alemaniarekin kolaboratu zuen, eta horrek aztarna polemikoa utzi zuen historia galiarrean. Marcel Ophülsek artxiboko sekuentziak eta Frantziako erdialdeko Clermont-Ferrand eskualdeko kolaborazionistei eta erresistentziako kideei 1969an eginiko elkarrizketak nahasten ditu, baita hainbat alemaniar militar ohiei eginikoak ere. Protagonisten artean, Pierre Mendès-France agertzen da, Vichyren aurkako ekintzengatik espetxeratua, eta gerora lehen ministro izango zena, eta baita Christian de la Mazière ere, uniforme alemaniarrak jantzita ekialdeko frontean borrokatu zuten 7.000 gazte frantses horietako bat.
Romain Goupil
Pariseko 68ko Maiatzeko Michel Récanati buruzagiak denboraldi iraultzaile haren ondoren bere iharduera politikoa jarraitu zuen. 1973an bolada labur batez gartzeleratu egin zuten. Mugimendu haren porrotagatik etsiturik, eta maite izan zuen emakume bakarraren heriotzagatik lur jota, bere bizitza itxaropen eta aktibismo denboraldi batetik etsipen sakoneko beste batera pasa zen, 1978an bere buruaz beste egitera bultzatu zuena. Romain Goupil bere lagun eta militantziako kideak zuzendu zuen Récanatiren bizitzan oinarrituriko dokumental hau.
Alain Resnais
Alain Resnaisi labur hau egitea agindu zitzaion, Bigarren Mundu Gerraren historia kontatzen zuen proiektu baten barnean. Izenburua Hitlerren aginduaren itzulpen literala da, zeinaren arabera Alemaniako segurtasuna arriskuan jartzen zuen edozeinek ?desagertu egin behar zuen, Hirugarren Reicharen gauean eta laino artean arrastorik utzi gabe (Nacht und Nebel)?. Pelikula Auschwitzeko kontzentrazio-esparruko aurri abandonatuetan hasten da eta Nurembergeko epaiketekinamaitzen da, publikoari gogoraraziz lazgarrikerien erantzukizuna ez zela soilik naziena izan.
Sergei M. Eisenstein, Grigori Aleksandrov
Urriko Iraultzaren hamargarren urteurrena ospatzeko eta 1917ko gertakari haietako protagonista izan zen herri sobietarraren omenez egindako pelikula. Petrogradon aipatu iraultza piztu zuten gertakizunak berreraikitzen ditu. Filma estatu sobietarraren ideologia eta propaganda-bide izan arren, Stalinek zentsuratu egin zuen bertan iraultzaren arrakastarako funtsezkoa izan zen pertsonaia bat agertzen zelako: gero zoritxarra gertutik ukan zuen Leon Trotsky, alegia. Beraz, hura azaltzen zen sekuentzia gehienak moztu zituzten.
René Clément
Bigarren Mundu Gerraren amaiera gertu dago. Armada aliatuak Pariserantz doaz eta Erresistentzia galiarraren bando ezberdinak hiriburu barnean iharduten eta matxinada bat antolatzen saiatzen dira. Paris kargupean duen Dietrich von Cholitz jeneral alemanari, hiriaren kontrola galduz gero, edo aliatuak gehiegi hurbilduz gero, hiriari su emateko eta bertako monumentuak suntsitzeko agindua eman dio espreski Hitlerrek. Von Cholitz Hitlerren konfiantzazko militarra da, baina, ustekabean, ez ditu haren aginduak beteko.
Stanley Kubrick
Lubakietan gerra lokara iritsi da, ez aurrera ez atzera. Frantziako Estatu Nagusiak iritzi publikoa lasaituko duen ekintza entzutetsu bat behar du. Honela, Broulard jeneralak Mireau jerenalari alemaniar posizio bat bereganatu dezan eskatzen dio. Mireauk Dax koronelari Estatu Nagusiko planaren berri emango dio orduan. Hura gauzatzeko ardura duen Daxi plana zentzugabea iruditzen zaio. Alabaina, Dax berak gidatuko du erasoa, triskantza izugarria bihurtuko dena. Bigarren soldadu-txandak erasotzeari uko egingo dio. Mireau jeneralak, bere onetik aterata, Rousseau kapitainari bere gizonak borrokatzera behartzeko bonbardatu ditzala agintzen dio. Rousseauk ezetz dio, idatzizko agindurik ez bada. Erreklutak bira egin eta atzera lubakietara itzultzen dira. Daxek gerra-kontseiluan Mireauk fusilamenduarekin zigortu nahi dituen hiru soldaduen defentsa bere gain hartuko du.
Eduardo Meilij
Juan Domingo Peronen bizitzari, lanari eta el Justizialista, bere alderdi politikoari buruzko dokumental itxurako pelikula da, 1943 eta 1955 bitartean Errepublika Argentinarrean kokatua; hau da, estatu-kolpe peronistatik erregimenaren erorialdi bitartekoa. Pelikulen aurretik zine-aretoetan derrigorrez proiektatu behar ziren Prentsa eta Zabalkunde Idazkaritzak ekoiztutako albistegi zinematografikoen eta dokumentalen sekuentziekin osatua dago.
Darrell Roodt
Place of Weeping filmak Weenen (Hego Afrika) eskualdeko landa-komunitate batean langile nekazari beltzek jasan behar dituzten bidegabekeriak kontatzen ditu. Gracie izeneko gazte ausartak beste langileentzat jarraibide bilakatuko den askatasunaren aldeko borroka pertsonalari ekiten dio, emozio-traumari, bere patroi zuri arrazistaren aldetik jasandako abusu lotsagarriei, eta bere heriotzari berari aurre eginaz. Hego Afrikako zine-areto guztietan zabaldu zen apartheida kritikatzen zuen bertako lehen luzemetraia izan zen, eta ez bakarrik beltzentzako areto bereizietan.
Milcho Manchevski
Manchevskiri pelikula hau egiteko asmoa hainbat urtetan kanpoan izan ondoren, Mazedonia bere jaioterrira egindako bidaia batean bururatu zitzaion. Bere herriko gerra zibilean inspiratu, eta argumentu unibertsalak zituzten hiru kontakizun xalo idatzi zituen: Hitzak narrazioan ezinezko maitasunaz hitz egiten zuen (monje ortodoxo batek albaniar neska gazte izu bati babesa ematen dio); Aurpegiak errelatoan dilema konponezin bat ageri da (gerrak nola eragiten duen ingeles emakumezko editore baten bizitzan, sentimenduak bere senarraren eta amorantearen artean banatuta dauzkanarengan); Irudiak istorioan antzinako lagunak egungo etsai amorratu zergatik bihurtu diren ulertzen saiatuko da (mazedoniar gerra-argazkilari bat bere herrira itzultzen da). Pertsonaia hauen eta giro ezberdinen arteko lotura filmaren bukaeran bakarrik gertatzen da.
Fruit Chan
1997ko udan girotua, Britainia Handiak Hong Kong Txinari eman aurreko eta ondorengo hilabeteetan, pelikulak ejerzito britainiarrean militarra izan den baina bere unitatea desegitean langabe geratu den Hong Kongeko biztanle baten bizitza kontatzen du. Enplegu berri bat aurkitzeko ez da gai, eta orduan bere anaiarekin elkartu da, gaizkile-talde bateko nagusi batentzat txofer gisa lan egiten duenarekin. Euren bizitzekin gustura ez, eta bi anaiek beste lagun batzuekin banku bat lapurtzea pentsatu dute, zeinean beste soldadu-ohi bat segurtasun-goardia den. Lapurreta desmasia hutsa gertatuko da, bidean askoz ere bortitzagoa den lapur-talde bat gurutzatuko baitzaie.
Paul Leduc
1913an, John Reed kazetari iparramerikarra Mexikoko muga zeharkatu eta Pancho Villaren jarraitzaile Urbina jeneralaren kuartelera doa, Durangora. Urte t'erdian, Reedek iraultzaileen konfiantza bereganatu eta gatazkan esku hartuko du, eguneroko bizitza soldaduekin eginaz.
Roberto Rossellini
Erromako okupazio naziaren garaian, Manfredi injinerua, alemaniar poliziarengandik ihes dabilen partisanoen buruzagiaren eta Francesco erresistentziako militantearekin ezkontzera doan Pina alargunaren bizitzak gurutzatu egiten dira. Gestapok bere arrastoa jarraitzen duen bitartean, Manfredik, Francescoren laguntza zorionekoari esker, On Pietro erretorearen etxean babesa aurkituko du. Haatik, Manfrediren amorante-ohia den aktoresa batek saldu egingo du, haren ezkutalekua ezagutzera emanez. Francesco atxilotu egiten du Gestapok eta bere gizona daraman kamioiaren atzetik doanean Pina metraileta-segida batek akabatzen du. Ezerk ez du nazien amorrua gelditzen. Manfredi torturapean hiltzen dute eta On Pietro bere eliztarren begirada sinesgogorraren aurrean fusilatzen dute.
Margarethe von Trotta
Mendebaldeko Alemania - Txekoslovakia
122 min.
Rosa Luxemburg (1872-1919) ekintzaile germaniar-poloniarraren erretratua, Alemaniako Alderdi Sozialista Demokratikoko kide, eta ondoren Espartakisten mugimendu iraultzailearen sortzaile-kide Karl Liebknecht eta Leo Jogichesekin batera. Borrokan emandako bizitza baten ondoren, bai arlo politikoan (bederatzi bider kartzeleratu zuten) nola maila pertsonalean, azkenik hil egin zuten Lehen Mundu Gerrako porrotaren ostean Alemanian gertatu zen eta huts egin zuen matxinada espartakista bitartean.
Oliver Stone
Richard Boyle kazetari iparramerikarrak 1980 eta 1981 bitartean El Salvadorreko altxamenduan izandako bizipenetan oinarritzen da. Boyle, alkoholak eta drogak areagotutako krisialdi pertsonal eta profesionalean bete-betean murgilduta zebilela, El Salvadorrerantz abiatzen da gerra-berriemaile gisa. Harekin bere lagunik onena doa, jota dagoen disc-jockey bat. Bertan gerrillen eta gobernuko ejerzitoaren arteko istiluen lekuko apartak izango dira. El Salvador infernua bilakatu da, non mutur ezberdinetako mugimendu politikoek giza-baloreak zapaltzen dituzten, eta hondamen honen erdian Boyle, Maria bere neska-lagun salvadortarra, salbatzen saiatuko da.
Stanley Donen, Gene Kelly
Zinema mutuko bi izar handik, Don Lockwood eta Linda Lamontek, arazo larri bati aurre egin behar diote: zinema soinudunaren agerpenari. Euren produktoreak, lanean jarraitu nahi badute, lehenbailehen moda horri egokitu beste erremediorik ez dutela jakinarazten die. Alabaina, Lindaren ahotsa jasanezina gertatzen da, eta horregatik iritsi berria den Kathy Selden abeslariarengana joko dute, Lindaren karrera salbatzeko hura bikoiztu dezan. Pelikularen estreinaldi arrakastatsuaren ondoren, Linda harrotasunez eszenategira igotzen da horrek ekar ditzakeen ondorioak kontuan hartu gabe. Donek publikoa neskari kantu bat eska diezaion adoretzen du, eta Linda tarte batez barregarri utzi ondoren, talentu berri liluragarri bat aurkeztuko du: Kathy Selden.
Samuel Fuller
Infanteriako Lehen Dibisioak II. Mundu Gerran Ipar Afrikan eta Europan eginiko kanpainetan oinarritua, akzioaren zatirik handiena 1942 eta 1945 bitartean gertatzen da, gerra lehenbailehen bukatzearren aliatuek borrokaldia areagotu zuten sasoian. Sarjentu beterano baten agindupean, heroi izateko gaitasunik ez duten lau gaztek adiskidetasuna, gabeziak eta heriotzaren etengabeko erronka ezagutuko dituzte ongia eta gaizkia biziraupenak baldintzapetuta dauden mundu batean.
John Ford
Gypo Nolan, dublindar inozo samar eta dirurik gabea, salatari bihurtzen da Sinn Fein-en 1922ko errebolta bitartean, poliziari bere lagun Frankie McPhillipen ezkutalekua jakinaraziz. Gypok bere 20 librako ordainsaria jasotzen duen unean, poliziak Frankie aurkitu eta honek bere buruaz beste egingo du. Iraultzaileen buruzagi Dan Gallagher txibatoa nor izan den ikertzen hasiko da eta Gypok errugabe bati leporatuko dio. Gaua amaitu baino lehen, ordea, Gyporen erruduntasuna agerian geratuko da. Gypo lo dagoela, honekin harremanetan dabilen prostituta batek saldu egingo du eta larriki zaurituko dute. Hartara, eliz batean ezkutatuko da, McPhillip andrea otoitzean ari den horretan, hain zuzen ere. Gizonak bere traizioa aitortu eta andreak barkamena ematen dion une berean Gypo hil egingo da.
Roger Corman
Urte askotan eztabaidatu ondoren, Estatu Batuetako auzitegiek arraza-integrazioa aginduko dute hezkuntzan, 60ko hamarkada hasieran. Ikasle beltzek ordura arte zurientzat bakarrik ziren eskoletara joan ahal izango dute. Beste hainbat lekutan bezala aldaketa honek astindutako Hegoaldeko hiri txiki batera, eskola-bereizketa defendatzen duen erakunde arrazistako kide Adam Cramer helduko da. Cramer komunitatea asaldatzen hasiko da bere erretorika sutsu eta taktika zikinekin, laster kontrolik gabe zabalduko den gorroto-giro sortaraziz.
Bernardo Bertolucci
Pu Yi, Txinako azken enperadoreari, garai historiko nahasia bizitzea egokitu zitzaion. Japoniarrek okupatutako Mantxuriako gobernadore-txotxongilo moduan erabili zuten, eta komunistek berreziketa politikorako esparru batera bidali zuten. Gorteko oparotasuna ezagutu ondoren, bere azken urteak lorazain moduan igaro zituen. Gizon honen bizitzaren kontakizunak Txinako historiaren oinarrizko sei hamarkada berrikustea ahalbidetzen du.
Andrew Marton, Ken Annakin, Bernhard Wicki
The Longest Day filmak Bigarren Mundu Gerran erabakigarria izan zen gertakari baten lehen 24 orduak deskribatzen ditu: Normandiako inbasioa aliatuen aldetik 1944ko ekainaren 6an. Eisenhowerrek ematen du agindua eta gerra-makineria indartsu bat jartzen da martxan, alemanak ezustean harrapatuz, ez baitzuten erasoa egun horretan espero. Indar aliatuek hondartza normandiarrak dituzte helburu, lehorrerantz herriskak eta zubiak bereganatzeko jauskariak bidaltzen dituzten bitartean. Fronte guztietan izaten diren borrokaldi bortitzen ondoren, D Eguna aliatuen garaipenarekin bukatzen da, zeintzuk Frantzian barrena aurrera egin ahal izango duten Normandian erdietsitako posizioei esker.
Shyam Benegal
The Making of the Mahatma filmak Mohandas Karamchand Gandhi mendebaldar bihurtutako abokatu indiarra Mahatma Gandhi pertsonaia historikoa bihurtzen deneko aldaketa-prozesua deskribatzen du, bere bizitza profesional eta familiarrean itxuraz zaurgarria zenarena. Gandhi Indiatik 1893ko apirilean atera zen Hego Afrikan urtebete igarotzeko, herrialde horretan kokaturiko indiar batzuren enpresa batek kontrataturik. 21 urte bertan eman zituen. Hego Afrikan zuri ez zirenek jasaten duten zapalketaz jabetuko da eta indarkeria baztertuz, borroka-molde baketsuak asmatuko ditu. Indiara itzuli zenerako, Mahatma bezala ezaguna zen jada, ?arima handia?, eta bere herria tiro bat ere bota gabe independentziarantz eramango zuen kanpainari ekiteko prest zegoen.
Philip Kaufman
40ko urteen amaieran, Estatu Batuetako Aire indarren entseiu-pilotuek erronka bikain bati heldu beharko diote, itxuraz lortezina dirudienari: soinu-laga haustea. Horietako batek abiadura horretara heltzeko saio batean lurra jotzen du, eta bere hilobian haren lankideetako batzuk biltzen dira, Chuck Yeager kasu, euren arteko pilotu nabarmenena. Yeager soinu-langa gainditzea lortzen duen lehen gizona izango da, baina gero bere nagusiek ez dute astronauta gisa hautatuko eta karrera espazialaren hasiera izan zen Mercury proiektutik baztertuko dute.
Joris Ivens
Madrilen eta Valentzia artean kokaturiko Fuentedueña herriska txikiko biztanleek lur-jabeei berriki konfiskatutako lurraldeetan ureztapen-planak garatzen dituzte. Bienbitartean, Espainiako beste zonalde batzuetan Franco buru dutela matxinatuak aurrera egiten dute eta errepublikar indarrak Madril defendatzen saiatzen dira. Bertsio ingelesaren kontakizuna Ernest Hemingwayk egiten du eta frantsesa, berriz, Joris Ivens berak. Bazen lehen bertsio ingeles bat, Orson Wellesen ahotsaz, eta beste frantses bat, Jean Renoir kontatzaile gisa zuena. Konpainia ekoizleak, Contemporary Historians, Hemingway, Lillian Hellman, John Dos Passos eta Clifford Odetsek sortu zuten, besteak beste.
Terrence Malick
James Jonesen eleberrian oinarritzen den The thin red line filmak Bigarren Mundu Gerran Guadalcanalgo Batailan fusilari-konpainia bateko kideen transformazioa, sufrimendua, eta, azken finean, euren buruen aurkikuntzaren istorioa kontatzen du. Aerodromoaren konkista da Ozeano Barearen zonalde zabal baten kontrola ahalbidetzen duena. Amerikarrek bataila hori irabazten badute, uhartez uharte doazen japoniarren aurrerakada gelditzea lortuko dute. Erabat akituta dauden marinen unitateak ordezkatzeko burutzen den tropen lekualdatzean gertatzen da akzioa. Lurreratzea, harrigarriro, erresistentziarik gabe gertatzen da, baina gero bizirik atera direnak ateratzeko borrokaldi izugarriak piztuko dira.
Richard Fleischer, Toshio Masuda, Kinji Fukasaku
Pearl Harbour-en dagoen Bareko itsas armada estatubatuarrak, Hitlerrekin aliantza sinatu berri duen Japoniaren zabaltzeko borondatea mehatxatzen du. Yamamoto almirantea, itsas armada japoniarraren komandante burua, ontzi amerikarrak suntsitzeko plana azkentzen ari da, baina ontziteria estatubatuarraren arduradunek ez dute eraso baten aukera onartu nahi. Halere, Japoniaren gerra-deklarazio ofiziala gertu dagoela dirudi. Sei hegazkin-ontzi japoniar Hawaiira bidean abiatu dira jadanik eta deklarazio hori egin bezain laster Pearl Harbourreko guarnizio babesgabearen aurkako ustekabeko erasoa jotzeko prest daude.
Michael Wadleigh
1969ko musika-jaialdi gogoangarriaren kronika filmatua da, Woodstock filmak Joan Baez, The Who, Joe Cocker, Crosby, Stills & Nash, Carlos Santana, Jimi Hendrix eta Janis Joplinen emanaldiak ikusteko aukera eskaintzen digu; baina ez da musikaren inguruko dokumental bat soilik, hori baino gehiago da, urte haietan amerikar gazteriaren zati baten giroa primeran islatzen baitu.