"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostiako filmen programazioak 200 film hautatu baino gehiago barnean hartzen ditu, zazpi lehiazko sailetan (Sail Ofiziala, New Directors, Horizones Latinos, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Culinary Zinema eta Nest) eta lehiazkoak ez diren seian (Made in Spain, Zinemira, Belodromoa, Haur Zinema, Atzera begirakoa eta Klasikoak).
Ikusleei, komunikabide espezializatuei eta zinema-industriako profesionalei erakusteko filmak hautatu eta eskaintzeaz gain, Donostia Zinemaldiak proiektuak eta aribideko filmak sustatzen ditu ('work in progress' deituak). Atal horretan, Zinemaldiak postprodukzio-fasean dauden filmentzako bi programa ditu: WIP Latam, Latinoamerikako ekoizpenentzat, eta WIP Europa, Europako ekoizpenentzat. Zinemaldiak, halaber, hiru proiektu-deialdi bultzatzen ditu.
Donostia Zinemaldiak nabarmendu egin nahi du jakintza sortzeko eta transmititzeko elkargunea dela, eta Pentsamendua eta Eztabaida izeneko arloa sustatzen du horretarako. Zinemaldiko sail batzuekin eta besteekin hitz eginez, zeharkako arlo honek gai, formatu eta pertsona garrantzitsuak identifikatzen ditu eztabaidak gidatzeko, eta, hala, erantzun berritzaileak topatzen dituzte zinemagintzaren kulturak aurrez aurre dituen erronka eta ezinegon nagusien inguruan, bai eta nazioarteko zinema-jaialdien zirkuituarekin lotuta ere.
Beraz, Zinemaldiaren arlorik estrategikoena da, festibalak bere buruari galdetzen dion eta etengabe aldatzen ari den nazioarteko zinema-esparruaren aurrean etorkizuneko erantzunak eman nahi dituen eremua.
Horretarako, Zinemaldiak lau ildo estrategiko nagusi zehaztu ditu, haiekin zer-nolako harremana ote duen aztertzeko: sorkuntza (prestakuntza-programak, proiektuak garatzea eta talentu berriei laguntzea), industria (ekoizpen- eta banaketa-egiturak, teknologia berriak eta sektoreko lan-jasangarritasunaren ereduak), lurraldea (hiri-ingurunearekin eta arkitekturarekin duen harremana, aurrez aurreko zinema-emanaldien ereduak eta zinema-jaialdien inpaktu ekonomikoa) eta erkidegoa (genero-nortasunak eta ingurumen-jasangarritasuna).
Bi modutan mamitzen dira ildo estrategiko horiek. Alde batetik, etengabeko gogoeta eta azterketarako gune gisa, Pentsamendua eta Eztabaida arloak urte osoan dihardu programa eta ekimen propioen bidez, hala nola 2018ko ediziotik aurrera urtero egiten duen genero-identifikazioari buruzko txostena, 2021ean hasitako ingurumen-ikuskaritza, Donostia Zinemaldiak jaialdi jasangarriago izateko bideari hel diezaion edo ikerketa-lanak abiarazteko modua izan dezan ildo horietako bakoitzerako.
Bestalde, Pentsamendua eta Eztabaidaren babesean, Hizketaldiak atalak zinemari buruzko elkarrizketa sustatzen du industriaren, sormenaren eta prestakuntzaren ikuspegitik, bai eta sorkuntzaren, ekoizpenaren eta banaketaren esparruetan akordiorako eta negoziorako aukerak sortzen dituzten programak ere. Hor barnean biltzen dira, konparazio batera, master classak –akreditatuentzat zein publikoarentzat irekiak– eta zinema-industriako profesionalei eta komunikabide espezializatuei bereziki zuzendutako jarduerak –elkarrizketak eta mahai-inguruak edo Zinemaldia & Technology programa, besteak beste–.