Laurent Cantet
Frank praktikak egiten ari da bere aitak lan egiten duen fabrikako giza baliabideen sailean; orduan, bere lana hamabi pertsona kaleratzeko plan bat estaltzeko erabiltzen ari direla ohartuko da. Bere aita hamabi pertsona horietako bat da. Frankek enpresaren zuzendaritzarekin dituen harremanak hautsiko ditu eta sindikatuei gertatutakoaren berri emango die; haiek greba deituko dute. Nolanahi ere, Franken aitak ez du borrokan parte hartuko, ahalegin handiak egin baititu bere semeak gizartean arrakasta izan dezan. 1999. urteko Donostia Zinemaldian Zuzendari Berrien Saria jaso zuen.
Xavier Durringer
Lapurreta baten ondoren, François-ek, mafiako buru baten semeak, tiroketa batetik ihes egingo du. Bere aitaren laguna Cardoneri laguntza eskatuko dio, eta hark, Rufin hiltzaile paranoikoaren babesa eskainiko dio. Laster, bandako gainerako kideei batuko zaie François; horrela, kontu-garbitzeen mundu odoltsuan sartuko da, Claire aurkitzen duen arte. Neska izango da François infernurako erorketa horretatik salbatzen saiatuko den bakarra. J?irai au paradis car l?enfer est ici filmak Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartu zuen 1997an.
Jean-Francois Richet
Arco, Malik eta Mustapha 16 urteko hiru lagun dira. Ez dute gurasoen babes handirik, eskolan porrot egin dute eta denbora elkarrekin ematen dute, Parisko auzo pobreetako beste mutilekin borrokan. Djeff, JM, Hamouda eta Pete zaharragoak dira; 20 eta 26 urte bitarte dituzte eta guztiak daude langabezian. Hip hop jaialdi batean tiroak entzungo dira dantzalekuko aparkalekuan. Polizia iristean liskarrak hasiko dira eta Malik hil egingo da? Matxinada piztu da.
Érick Zonca
Okin-mutil batek, lanarekin nekatuta, Marseillara alde egingo du; bertan, kaleko indarkeriaz inguratuta, lapurreta txikiak egiten biziraungo du. Lapurreta horiek handiagoak izango dira pixkanaka, eta gora egin nahi duten gaizkileen talde batean sartuko da.
Bruno Dumont
Pharaon de Winter poliziako inspektore depresiboa da. Emaztea eta haurtxoa galdu zituen, eta ordutik, amarekin bakarrik bizi da Frantzia iparraldeko herrixka batean. Pharaonek hiru arrazoi dauzka sufritzeko: bizilagunagatik sentitzen duen itxaropenik gabeko maitasuna; besteen gaitzak sufritzeko joera, eta neskatila baten bortxaketari eta hilketari buruzko ikerketa. Azken horren bitartez azalera aterako da, pixkanaka, erruduntasun unibertsalaren gaia, gure izaera higuingarriarena, alegia.
Leos Carax
Pierre gazte pribilegiatua da eta Normandiako gaztelu batean bizi da amarekin. Egun batean amak Lucie andregaiarekin ezkontzeko data jarri duela jakinaraziko dio. Lucieri berri ona ematera doanean, Pierrek Isabelle ezagutuko du bidean. Isabellek bere arreba galdua dela dio. Orduan hasiko da ustezko arrebarenganako Pierren obsesioa.
Catherine Breillat
Elena eta Anaïs ahizpak dira. Hala ere, ez daukate inolako antzik. Zaharrena, Elena, ederra da eta gizon guztiak erakartzen ditu; Anaïs, ordea, lodia eta itsusia da. Itsas ertzean oporretan daudela, Elenak mutil italiar eder batekin egingo du topo eta harekin galduko du birjintasuna. Ahizpak egiten duena aztertuta, Anaïsek ondorio garrantzitsuak aterako ditu gai horren inguruan. Gizonentzat desira objektu bat besterik ez dela konturatuko da, eta hortaz, egin dezakeen gauza bakarra bere gorputza haiei eskaintzea da.
Nicolas Klotz
Baztertuei, etxerik ez dutenei, eskaleei, drogazaleei eta marjinal orori buruzko kontakizuna da, ez immigranteei buruzkoa bakarrik. Istorioak dokumentala eta fikzioa tartekatzen ditu, eta aktoreak ez dira profesionalak. 2000. urteko Donostia Zinemaldian Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen.
Patricia Mazuy
Frantzia-Belgika
119 min.
XVII. mendearen amaiera da. Luis XIV.a erregearen azken emaztea Madame de Maintenonek Saint-Cyr eskola sortu du, gerraren ondorioz porrot egin duten nobleziako 250 neska gazteri babesa eskaintzeko. Erregearen emaztearen helburua neska horiek emakume aske bilakatzea da, haiei bizi diren garairako aurreratua den hezkuntza eskainita. Baina, gaztetxoek gortearen aurrean egiten duten Esther de Racine antzezlanaren emanaldiak guztia aldatuko du.
Xavier Beauvois
Francisek eta bere semeek -Matthieu eta Eric- fabrika berean egiten dute lan. Francis lan orduetan erretzeagatik botatzen dutenean, Matthieu langileak mobilizatzen saiatuko da, eta, batez ere, bere anaia. Handik gutxira bat-batean hilko da Francis. Aitak bere buruaz beste egin duela sinetsita dago Matthieu, seguruenik bere adinarekin eta prestakuntza kaxkarrarekin lanik aurkitu ezin zuelako. Orain, ideia bakarra du buruan: mendekua hartzea. Horretarako, egingo duen lehenengo gauza enpresako zuzendariaren emaztearekin oheratzea izango da.
François Ozon
Jean eta Marie urtero joaten dira oporretan Landetako eskualdera. Baina aurten, Marie hondartzan lotan dagoen bitartean, Jean desagertu egingo da. Ito egin da? Alde egin du? Mariek bakarrik egin beharko dio aurre bere bizitzako gizonaren desagertzeari. Sous le sable filmak Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartu zuen 2000. urtean.
Nicolas Philibert
Badaude, oraindik, Frantzia osoan zehar banatuta, herri bereko haur guztiak, haur-eskolatik lehenengo hezkuntzaren amaierara arte, gela bakar batean biltzen dituzten eskolak. Irakasle bakarra dute guztiek; dedikazio aparta erakusten dutenak, hain zuzen. Filma horrelako eskola batean egin zuten, hor nonbait, Auverniaren bihotzean kokaturiko herrixka batean. Bertan, Georges López irakasleak nerabezarorako bidea erakusten die haurrei, haien arteko liskarretan bitartekari lanak egiten ditu eta arretaz entzuten ditu kontatzen dizkioten arazoak.
Gaspar Noé
Itzulezina. Denborak guztia akabatzen duelako. Zenbait ekintza konponezinak direlako. Gizakia animalia delako. Mendeku-gosea irrika naturala delako. Delitu gehienak zigorrik jaso gabe geratzen direlako. Maite dugun norbait galtzeak bitan zatitzen gaituelako. Maitasuna bizitzaren iturria delako. Bihozkadek ez dutelako gertatuko dena aldatzen. Denborak guztia agerian uzten duelako: gauza onenak eta txarrenak.
Jacques Nolot
Parisko zinema porno areto batean gertatzen den sarrera saltzailearen, berrogeita hamar urteko gizon baten eta proiekzionista gazteago baten arteko amodio istorioa. Sarrera saltzaileak proiekzionistaren sineskortasuna aprobetxatuko du gizon heldua erakartzeko; hark, sarrera saltzailea erabiliko du proiekzionista gaztea erakartzeko. Sarrera saltzaileak eta gizon helduak beren bizitzez hitz egingo digute, etxetik alde egin eta prostituzioan ibilitakoa da bata, bestea, gigolo izandakoa eta aldizka, idazlea, baina funtsean, ez dira hain desberdinak.
Philippe Grandrieux
Europa ekialdeko lekuren batean Boyan proxenetak Melania erosiko du. Seymour turista iparamerikarra strip-tease klub batera joango da; han, Melaniak segituan erakarriko du eta neskarekin bakarrik egoteko ordainduko du. Seymour obsesionatu egingo da Melaniarekin eta erosi nahi izango du, Roscoe lagunak kontrakoa aholkatzen dion arren. Seymourrek Melania eramatearekin amesten du, baina Boyanek ez dauka hura galtzeko inolako asmorik.
Christophe Gans
Frantzia, XVIII. mendea. Izaki arraro batek izututa ditu nekazari guztiak; hura igarotzen den lekuetan gorputz-atalak moztuta dituzten gorpuak azaltzen dira. 1766. urtean Luis XV.a erregeak Ameriketatik etorri berri den Grégoire de Fronsac bidaliko du piztia bilatzera. Gévaudan eskualdera iristean Fronsacek argi utziko du ez duela sinesten munstrorik dagoenik. Dena den, laster aurkituko dituen zenbait arrasto interesgarrik, erregearen autoritatea ahuldu dezakeen istorio batean murgilduko dute.
Mathieu Amalric
Neska gazte batek Triestera bidaiatuko du duela zenbait denbora hildako gizon baten arrastoaren atzetik; han, gizona ezagutu zuten pertsonak aurkitu nahi ditu. Egiten dituen galderei erreparatuta, badirudi jakin nahi duena zera dela: Zergatik gizon intelektual hark, horrenbeste lagun idazle izanda, ez zuen inoiz ezer idatzi? Alde batetik bestera doan heinean pertsonaia taxutzen joango da, baina bilaketaren helburua, ordea, lausotu egingo da. Aitzakia desagertu eta ziurtasun bat agertzen hasiko da haren lekuan. Pozik geratuko al da horrekin?
Cédric Kahn
Dantzaldi bat. Neskak Léa izena du eta ikaslea da. Mutila Kurt da; hizkera berezia eta zenbait auto ditu. Oporren bukaeran ezagutu dute elkar Kosta Urdinean. Léa Savoiako bere etxera itzultzen denean Kurtek sarri bisitatuko du. Savoia eta Kosta Urdina banatzen dituen bidean lapurretak, erasoak, emakumeen bortxaketak eta azalpenik gabeko hainbat krimen gertatuko dira. Jendarmeak gaizkile italiar arriskutsu baten atzetik dabiltza.
Claire Denis
Frantzia-Japonia
100 min.
Shane eta June ezkondu berri dira eta Parisera joan dira eztei-bidaian. Baina Paris aukeratu izana ez da kasualitate hutsa; egiaz, Shane Léo Semeneau doktorearen bila dabil ezkutuan. Léo zientzialaria da eta iraganean elkarrekin lan egin zuten gizakien libidoari buruzko esperimentu arraro eta arriskutsuetan.
Marina De Van
Esther anbizioz beteriko gazte alaia da. Gau batean, festa batean dagoela, zauri nahiko larria egingo du hankan, baina ez da zenbait ordu geroagora arte konturatuko. Gorabehera horrek guztiz asaldatuko du, konturatu gabe bere gorputzaren ikuspegia aldatzera arte, eta, ondorioz, nahita egingo dizkio zauriak bere buruari, bere gorputza probatzeko edo. Bere buruari kalte egiteko irrika horrek menderatu egingo du Esther eta borrokan egin beharko du hasitako ibilbide profesionalari eusteko, eta, batez ere, Vincentekin duen harreman sentimentala salbatzeko.
Jean-Marie Larrieu, Arnaud Larrieu
Ia elkar ezagutzen ez duten arren, Boris eta Marilyne maitemindu egingo dira Parisen, gau batean. Bost urte geroago, Marilyne, Boris eta elkarrekin izan dituzten bi haurrak, Balear uharteetan daude, lana dela-eta. Boris, etxeko-andre lanak egiteaz nazkatuta, Marilynekin harremana haustear dagoenean, Marilynek maitalearekin alde egingo du. Bost urte geroago, Marilyne berriz agertuko da, oraingoan Pirinioetan, turista amerikar talde batekin. Bat batean, beraiekin joango den gida Boris dela konturatuko da.
Olivier Assayas
Frantzia-Britainia Handia-Kanada
100 min.
Elkarrekin bizitzen hainbat urte eraman ondoren Lee Hauser-ek eta Emily Wang-ek behea jo dute. Lee 80ko hamarkadako musikari mitikoa da, baina diru errazak eta ospeak hondamendira eraman dute bikotea; seme bat utzi behar izan dute Leeren gurasoen esku eta drogaren munduan sartu dira. Lee gaindosiaz hilda agertuko da motel batean eta Emily atxilotu eta kartzelan sartuko dute drogak edukitzeagatik. Sei hilabete geroago askatuko dute eta semearen bila joatea erabakiko du, Parisera. Horretarako bere bizitza berreraiki eta "garbi" egon beharko du.
Lucile Hadzihalilovic
Frantzia-Erresuma Batua -Belgika
117 min.
Neskatila talde bat barnetegi batean bizi da. Obeditzea funtsezkoa da, eta alde egiten saiatzen denaren zigorra besteak zerbitzatzea eta barnetegian betirako geratzea izango da. Hostotzak estalitako metalezko tximinia batek parke handi batean banatuta dauden bost etxeen sotoetara eramango gaitu. Aterik ez duen horma izugarri batek kanpoko mundutik isolatzen ditu. Etxe horietako batean zenbait neskatila hilkutxa baten inguruan bildu dira. Innocencek Zuzendari Berriak saria irabazi zuen Donostian 2004. urtean.
Abdellatif Kechiche
Paris kanpoaldeko etxebizitza babestuen urbanizazio batean, Lydia ikasturte amaierako festan egingo duten Marivaux-en antzezlan bat entseatzen ari da. Abdelkrim, "Krimo", zora-zora eginda dauka bere klaseko lagunak; baina, mutila ez da oso hizlaria, eta gainera, erreputazioa zaindu behar du. Nola aitortuko dio bere maitasuna neskari, barregarri geratu gabe? Irtenbide bakarra dago: Lydiarekin antzezlanean parte hartuko duen laguna Rachid konbentzitzea Arlekinen rola egiten utz diezaion. Horrela, Marivauxen hitzez baliatuta, bere sentimenduak agertu ahal izango dizkio.
Nicolas Boukhrief
Diru garraioan aritzen den enpresa bat krisi latzean dago. Hiru lapurreta jasan ditu urte berean eta ondorioz porrot egiteko zorian dago. Langileak oso urduri daude. Lapurrek enpresa barruan konplizeren bat dutela susmatzen dute batzuek. Egoera zail horretan, goiz batean, gizon bat agertuko da, Alexandre Demarre, bere lehen lan eguna hasteko prest. Nor da gizon hori? Langabezian dagoen norbait, polizia bat, gangster bat? Eta, zeren bila dabil?
Xavier Giannoli
Charlottek eta Paulek hogei urte dituzte. Elkar maite dute. Elkarrekin jasoko dute Charlotten gaixotasunari buruzko albistea: oso gaizki dago eta ez dauka sendatzeko aukerarik. Beste neska bat dago; Ninon. Paulek desio du. Harentzat ihes-balbula bat da, eta Charlottek badaki. Hiruen artean hil ala biziko harreman bat sortuko da.
Arnaud Desplechin
Frantzia-Belgika
150 min.
Elkarrekin zerikusirik ez duten bi istorio. Lehenegoa, Nora Cotterelleren une gorenari buruzkoa, ezkontzera baitoa. Bestea, Ismaël Vuillarden hondoratzeari buruzkoa, hanka-sartze baten ondorioz ospitale psikiatrikoan sartu zuten eta sartu zenean baino okerrago irtetear dago. Bi istorioak elkartu egingo dira Norak Ismaëli bere semea Elias adopta dezan proposatzen dionean.
Bertrand Bonello
Greziarren Tiresias mitoan oinarrituta dago, bere bizitzan gizon eta emakume izan zena. Tiresia Brasilgo transexuala da eta prostituzioa da bere ogibidea. Terranova izeneko gizon batek, haren edertasunarekin txundituta, bahitzea erabakiko du. Hala ere, orain hormonak hartu ezin dituenez, pixkanaka Tiresiaren itxura aldatu egingo da eta Terranovak hura itsu uztea eta landan abandonatzea erabakiko du. Annak erreskatatu eta zainduko du, eta errekuperatzen den bitartean, gauetik egunera gertakizunak iragartzeko dohaina daukala konturatuko da Tiresia.
Jacques Audiard
Tomek 28 urte ditu eta dagoeneko aitaren urratsak jarraituko dituela erabaki du: higiezinen negozio ilunean sartuko da. Egun batean ustekabeko topaketa batek bizitza osoko ametsa betetzeko fedea itzuliko dio: kontzertista bikaina izan nahi du, ama bezala. Lana alde batera utzi gabe, piano-jole txinatar birtuoso batekin entzunaldia egiteko prestatzen hasiko da. Piano-joleak ez du hitzik ere egiten frantsesez, eta, beraz, musika da haien hartu-eman bakarra. Hala ere, laneko presioarekin moldatzea gero eta zailagoa egingo zaio.
Robin Campillo
Azken hamar urteetako hildakoak berpiztu egin dira eta hilerrietatik atera dira bizirik zeudeneko tokietara joateko. Mundu osoan gertatzen ari den fenomenoa da eta ez dauka inongo azalpen logikorik. Hildakoen senideek, maitaleek eta lagunek kontrajarritako sentimenduak dituzte. Hildakoen berpizteak (gehienak hirugarren adinekoak dira) eragina izango du Frantziako herri atsegin bateko jendeen bizitzan; haiek beste edozein herritar gisa onartu beharko dituzte, eskubide guztiekin.
Jean-Claude Brisseau
Egiten ari den polizia-filmean arroparik gabeko eszena bat errodatzen ari dela François-ek zenbait emakumek debeku erotiko txikiak urratzerakoan sentitzen duten plazera antzemango du. Ideia horrek film berri bat egiteko inspirazioa ekarriko dio. Lan berrian, errealitatea eta fikzioa nahastuta, gozamenera eramaten gaituzten urraketa txiki horiek aztertuko ditu, eta bilaketan, Ikarori eguzkira gehiegi hurbiltzean gertatu zitzaion bezalaxe, "hegoak erreko ditu".
Alain Guiraudie
Istorioa bandidu baten bilaketaren inguruan mugituko da. Manjas-Kébir da gaizkilea eta Obitanieko gizon boteretsuenetako baten alaba bahitu izana leporatzen diote. Bilaketa gauzatzeko hiru gerlari elkartu dira: Fogo Lompla, Radovan Rémila Stoï eta Jonas Soforan. Dena den, azkenean hirukoteak zalantzan jarriko du bere misioaren egiazkotasuna eta miseriatik alde egiteko bandidu bilakatu behar izaten duten artzain behartsu eta esplotatuen bizitzaren berri izango du.
Alexandre Bustillo, Julien Maury
Erditu baino egun bat lehenago Sarah-k bakarrik igaroko du Gabon gaua bere etxean. Norbait deika ari da. Atearen atzean, amari barruan daraman haurra kentzeko edozer gauza egiteko prest dagoen emakumea dago.
Benoît Delépine, Gustave Kervern
Gor-mutu bat eta bi ketaminazale emakume aberats baten txakurra bahitzen saiatuko dira, baina guztia gaizki aterako zaie. Emakume aberatsak buelta emango dio egoerari bahitzaileak bere azken nahia betetzen laguntzera behartzeko.
Christophe Honoré
Abestien bitartez azaldutako amodiozko triangelu bat. Maitasunagatik Juliek, bere mutila Ismaëlen lankidea Alicerekin trio bat egitea onartuko du. Harremanean une oso zoriontsuak egongo dira, baita jelosiaz beterikoak ere. Azkenean, egoera karga bat izango da Julierentzat eta berriz ere mutilarekin bakarka egon nahiko du. Ustekabeko gertaera batek hirukotearen amaiera ekartzen duenean, ezegonkortasuna egingo da jabe, batez ere Ismaëlen bizitzan, nekez gaindituko baitu sortutako nahastea.
Jalil Lespert
Eguberri-egunaren bezperan lau pertsonen bizitzak gurutzatu egingo dira. Semearen tutoretza berreskuratu nahi duen ama gazte batek Didier-en taxia hartuko du, eta ondorioz, topaketa sail bati emango diote hasiera; lehenengo Marierekin, eta gero, Crisekin. Gaueko ibilaldi horretan protagonisten bizitzek norabidez aldatuko dute. Guztiek dituzte familiarekin, bizitzarekin edo beren buruekin konpondu beharreko kontuak. Elkarren artean zerikusirik ez badute ere, guztiak dabiltza gauza beraren bila: bakardade gutxiago eta maitasun gehiago.
Damien Odoul
Richard O. emakumeengatiko desioak gidatzen du. Bere laguna "Handia"rekin erotismoaren bide bihurriak aztertzen ditu, eta elkarrekin egia egiten dituzte beren sexu desioak, baita Parisen udan beren bidean gurutzatzen direnenak ere. Gau batean neska batekin egingo du topo tabernan; haren fantasia norbaitek bera bortxatzea da. Neskak Richardi eskatuko dio fantasia hori egia bihurtzen lagun diezaion. Hasieran Richardek baietz esango dio, baina azkenean uko egingo dio. Orduan, borroka bortitza piztuko da bien artean.
Serge Bozon
Frantzia. 1917ko udazkena. Gerra amaitzen ari da. Camilleren senarra soldadua da eta eskutitzen bitartez jakinaraziko dio frontea geratuta dagoela, etsaia gaizki bizi dela bere trintxeretan, haiek bezalaxe, eta gau batean irabazten dutena hurrengo goizean galtzen dutela? Egun batean azkeneko eskutitza jasoko du: senarrak agur esan eta utzi egin du. Camille ez da irakurritakoa onartzeko gai izango eta gizonez mozorrotuta frontera joango da haren bila.
Pascal Laugier
Lucie izeneko neskatila bat urtebete egon da desagertuta; orain, errepide ertzean aurkitu dute. Poliziak hura giltzapean egon zen hiltegi abandonatua aurkituko du. Neskatila klinika batean sartuko dute. Trauma izugarria du eta ez du gertatutakoa inolaz ere gogora ekarri nahi. Haren kontsolamendu bakarra barruan dagoen beste neskatila bat da, Anna. Hamabost urte geroago, Lucie kanpoaldeko etxe bateko atarian aurkeztuko da. Begietan haserrea; eta eskuetan, eskopeta bat.
Patrick-Mario Bernard, Pierre Trividic
Anne-Marie eta Alex banandu egingo dira. Alexek bikote bizitza egin nahi du. Anne-Mariek, ordea, aske izan nahi du. Banandu egin diren arren elkar ikusten jarraituko dute. Alexek beste neska-lagun bat duela jakitean, Anne-Marie izugarri jeloskor jarriko da. Ondorioz, antsietate egoera batean murgilduko da eta seinaleak eta mehatxuak ikusiko ditu edonon.
Laurent Cantet
Frantzia
27 min.
Film laburra
Txalet isolatu bat Cassiseko hondartzatxoan. Eric-ek hemezortzi urte ditu eta ez zaio gehiegi gustatzen oporrak familiarekin igaro behar izatea. Abuztuaren 15eko gauean inori ezer esan gabe festa bat egitea erabakiko du.
François Ozon
Frantzia
15 min.
Film laburra
Uda da. Sébastien Sheilarekin dago maiteminduta. Luciari mutilak gustatzen zaizkio. Eta Frédéricek belztea besterik ez du nahi...
Marina De Van
Frantzia
11 min.
Film laburra
Familia oneko neska batek ondo zaindu behar du mahaian duen jarrera zein felazio bat egiteko teknika. Perfekzioaren sekretua xehetasun guztiak aintzat hartzen dituen heziketa izatea da. Guraso arduratsuen zeregina seme-alaben sexualitatea zuzentzea da, haiek dotorezia, prezisioa eta eraginkortasuna lortzen ikas dezaten.
Xavier Giannoli
Frantzia
18 min.
Film laburra
Duela hamar urte, kazetari batek Hollywoodeko azken mitoetako bati elkarrizketa egitea lortu zuen.
Pierre Vinour
Frantzia
10 min.
Film laburra
Zalantzek torturatzen duten hirurogei urteko gizon baten panikoa, Millevaches mesetarako ihesaldia eta haren metamorfosi arraroaren esperientzia.
Denis Gaubert
Frantzia
25 min.
Film laburra
1969ko uztailaren 22an, Simon Edelman behartuta sartuko dute Richmondeko ospitalean, Arthur Glass medikuaren neurologia zerbitzuan, hain zuzen. Honako hau dio haren fitxak: "Abandonatua, nahasia eta galdua. Nortasun ezezaguna." Frantsesa dela besterik ez dakite. Erizainek William jauna izenarekin bataiatuko dute.
Gérard Cairaschi
Frantzia
10 min.
Film laburra
Délices irudi nahasketa bat da; muntaia azkarraren ondorioz, diridira grafiko eta kolorista batean irabiatzen dira. Bidaia bat irudien artean, bi munduren artean, kontzientziaren eta kontzientziarik ezaren arteko lotura adierazteko.
PLEIX
Frantzia
3 min.
Film laburra
Eztanda baten suntsipen dinamika eta alderdi fisiko hutsak. Izan al daiteke eboluzioa suntsipenaren ondorioa? Proiektu honen abiapuntua irailaren 11ko gertakariak izan ziren. Jazoeren alderdi "zikina" alde batera utzita, zuzendariak txundituta geratu ziren telebistan ikusten zenaren dinamikarekin. Bestalde, buruan zuten oraindik Antonioni zuzendariaren Zabriskie Point filmeko eztandaren eszena. Ikusitako bi irudi horiek elkartuta jaio zen Sometimes.
Hendrick Dusollier
Frantzia
12 min.
Film laburra
Hein handi batean ordenagailu bitartez animaturiko argazkiz eginiko Obras filmak ibilbide poetiko, grafiko eta soinudun bat egitera gonbidatzen gaitu. Hiri batek jasaten dituen mutazio basati eta itzulezinak erakusten dizkigu, adibide gisa Bartzelonako auzo baten suntsiketa eta berreraikuntza hartuta.
Laurent Achard
Frantzia
9 min.
Film laburra
Azaroko egun batean, landan, haur bat ez da bere etxean sartzera ausartzen. Zain dago, amarekin lorategian elkartzeko.
Samuel Collardey
Frantzia
17 min.
Film laburra
Michelek, Frantzia ekialdeko Franche-Comté eskualdeko abeltzain batek, neguaren lasaitasuna aprobetxatuko du Francis aprendiz gaztearekin egoteko. Laguntasun sendoak lotzen ditu biak.
Nassim Amaouche
Frantzia
28 min.
Film laburra
Rwasched mugako inorena ez den lurra da; Jordaniako azken herria da, Irakera iritsi baino lehen.
Bertrand Bonello
Frantzia
15 min.
Film laburra
Cindy Sherman argazkilari beltzaranaren eta haren modelo ilehoriaren istorioa da hau. Arraroa badirudi ere, biek elkarren antza dute (bi pertsonaiak aktore berak egingo ditu).
Jalil Lespert
Frantzia
23 min.
Film laburra
Kartzelatik atera ondorengo 48 orduetan, gazte bat bere familiarengana eta lagun-artera itzuliko da.
Bif
Frantzia-Britainia Handia
7 min.
Film laburra
Kaletik doanean Marc-ek baldosen barruan ibili behar du, lerroak zapaltzeak beldurtu egiten baitu. Bere fobia gainditzeko tratamenduan dago.