72SSIFF - 2024ko irailak 20/28
Hizkuntzak
Babesle
Ofizialak
Media
Partner
Filmak
Filmak
Sukar izoztua
Sukar izoztua
Per Fly
Danimarka 
115 min.
Christoffer Danimarkako burdingintza-lantegi bateko jabe den familiako laugarren belaunaldiko kide da, baina berak familiako negozioa utzi eta jatetxe bat ireki du Stockholmen. Han Maria izeneko aktoresa suediar batekin zoriontsu ezkonduta dago; baina, Christofferren aitak bere buruaz beste egiten duenean, amak etxera itzultzeko eskatzen dio konpainiako zuzendari exekutibo postua beregana dezan. Herentziak Donostiako Zinemaldian Gidoi Onenaren Epaimahaiaren Saria jaso zuen.
Lars von Trier
Danimarka 
158 min.
Bess, neska gazte sineskor bat, eskoziar herri batean bizi da, bertan zaharrenek moral kalbinista ezarri dutelarik. Bess gertuko petrolio-plataforma bateko langile den Janekin ezkondu da, eta zoriontsu dira oso Janek Bessi sexuaren misterioak ezagutzera ematen dizkion artean. Alabaina, Janek lanera itzuli behar du eta istripu batek elbarri utziko du. Bessek debozioz zaintzen du eta senarra osatu dadin errezatzen du. Oso lur jota dagoen Janek Bessiri beste gizon batzurekin oheratu dadin proposatuko dio, horrek neskari bizitza arruntera itzultzen lagunduko diolakoan.
Lars von Trier
Danimarka 
106 min.
Helge Klingenfeldt 60 urte betetzera doala eta, festa ederra prestatzen ari dira bere mansionean. Familia eta lagunak patriarkaren eta Else, honen emazte maitatzailearen inguruan biltzen dira. Helgek Christiani, bere seme zaharrenari duela urtebete hildako Linda bere arreba bikiaren omenezko hitzaldi bat eman dezala eskatzen dio. Denen harridurarako, Christianek berari eta Lindari egindako sexu-abusuez salatuko du aita, ospakizunak ezusteko norabidea hartuz, hartara.
Lone Scherfig
Danimarka 
112 min.
Alargundu berri den Andreas apaiz gaztea, Danimarkako hiri txiki bateko bere parrokia berrira iritsi da bizilagunekin haserretutako aurreko erretorea ordezkatzera. Italierako gau-ikastaro batean izena ematen du, bertan bizitzak zartatutako pertsona talde bat topatuz. Ikastaroa aurrera joan ahala, guztiek bizi kemena aurkitu eta euren etorkizuna argi baikorrago batez ikusiko dute.
Lone Scherfig
Danimarka 
117 min.
Ongizatearen gizarte modernoa hain dago modu arrazionalean antolatuta ezen norbere burua askatzeko eta senari jarraitzeko ahalegin berezia egin behar den. Gizon eta emakume gazte talde batek ezarritako gizarteari bizkar ematen diote eta barruan daramaten ergela garatzeko kolektibo bat sortzen dute. Inguruan dituzten pertsonak eta euren buruak probokatzen dituzte atzeratuen gisa jokatuz, baina jolas huts bat baino gehiago ez ote da?
Susanne Bier
Danimarka 
113 min.
Cecilie eta Joachim gazteak dira eta maiteminduta daude. Aurki ezkontzekotan dira eta bizitza osoa aurretik daukate; baina, bat-batean, dena okertu egingo da. Gauzak ez dira bakarrik Cecilie eta Joachimentzat aldatuko, baizik eta baita zoriontsu ezkonduta dauden eta hiru seme-alaba dituzten berrogei urte inguruko Marie eta Nielsentzat ere, Niels Cecilierekin sutsuki maiteminduko baita. Kontua zera da: Niels eta Cecilie maitasunagatik dena uzteko prest ote dauden.
Peter Schønau Fog
Danimarka 
100 min.
Bizitza ez da erraza 11 urteko Allanentzat. Bere aitak maiz bere buruaz beste egitearekin mehatxu egiten du, bere amak amore eman du, anaia zaharrenak etxetik alde egin du, arreba zaharrenak gauak aitarekin sofan igarotzen ditu. Aita hiletetan bildutakoak negarrarazten dituen panegiriko elokuenteak errezitatzeko bizi da soilik. Aurki, Allanek aita pozik edukitzeko behar beste hileta izan daitezen lagundu beharko du. Negarraraztearen arteari 2006ko Donostiako Zinemaldian Gazteriaren saria eman zioten.
Christoffer Boe
Danimarka 
93 min.
Lenek, Nicolas Bro daniar aktore ospetsuaren emazteak, jada ez duela maite jakinarazten dionean, Nicolas beraien artekoa konpontzen saiatuko da maitasun-istorio bat filmatuz. Bere adiskide on Christoffer Boe zuzendariak kamera bat utziko dio, den-dena filmatzeko aholkua emanez, Brok ordea hitzez hitz hartuko du haren aholkua. Broren etengabeko filmaketak erotu zorian utziko ditu guztiak, bai bere lagunak baita azkenean Berlinera alde egingo duen Lene bera ere.
Anders Morgenthaler
Danimarka 
80 min.
Bere arreba Christina hiltzean, Augustek bertan behera utzi beharko ditu bere misiolari eginkizunak bost urteko Mia ilobaz arduratzeko. Christina, "Printzesa" goitizenez ezaguna zen porno izarra, gaindosiz hil da, Mia umezurtz utziz. Augustek bere arrebaren hilketa mendekatzea erabaki du eta, Mia berekin ekarriz, Christina agertzen den material pornografiko guztia suntsitzeari ekingo dio, aldi berean Mia etsi etsian babesten saiatzen delarik, huraxe baita baliotsu den bakarra.
Nicolas Winding Refn
Danimarka 
105 min.
Frankek, munta gutxiko droga-saltzaile batek, heroina saltzen du Tony bere lagunarekin. Droga Jugoslavia ohiko Milo izeneko trafikatzaile baten bidez lortzen dute. Droga-truke horietako bat zaputz gertatzen zaie; poliziak Frank atzemango du, baina honen aurkako frogarik ezean, aske utziko dute. Frank orduan Milori diru mordoa zor diola konturatzen da, honek herio-mehatxupean dirua lortzeko bi eguneko epemuga ematen diolarik.
Pernille Fischer Christensen
Danimarka 
104 min.
Charlotte, 32 urteko neska, bere mutil-lagunarekin duen harremanaz nazkatuta dagoenez, beste apartamentu batera aldatzen da, Veronicaren bizilagun bihurtuz, telenobelen zale amorratua den transexuala berau. Veronicak sexu-aldaketarako eskaera egin du, eta ebakuntzarako baimenaren zain dago. Charlotte eta Veronica elkar ezagutu eta maitemindu egingo dira, baina euren maitasunaren indarra neurtu beharko dute Veronicaren sexu-aldaketari azkenik baiezkoa ematen diotenean.
Aki Kaurismäki
Finlandia 
96 min.
Dubrovnik jatetxe zaharkituan kamarera da Ilona eta Lauri bere senarra, tranbia-gidaria. Laurik bere lana galdu eta segituan, Dubrovnikek ateak ixten ditu. Lauri gizarte-laguntzari esker bizitzeko harroputzegia da eta bere hurrengo lanpostuan Ilonak oso gutxi irabazten du. Ilonak itxaropena berreskuratuko du Dubrovnikeko lankide ohi batzukin jatetxe berri bat zabaltzeko aukera sortzen zaionean.
Aleksi Salmenperä
Finlandia 
100 min.
Bere emaztearen buruko osasunaz kezkatuta, Juhak bere lanetik kaleratzea isilean gordetzea erabakiko du. Egunak urruneko gasolindegi batean igarotzen ditu bere egoerari balizko irtenbide bat aurkitu nahirik. Aurki bere burua bilutsik eta emakume ezezagun baten ilea orrazten ikusiko du, bi ordutan aurreko lanean bi egunetan eskuratzen zuena irabaziz. Olli bere adiskidearen laguntzaz, Juha bere gorputza saltzen hasiko da profesional gisa, lotsa eta gezurrak gero eta gehiago diren arren.
Aki Kaurismäki
Finlandia 
97 min.
Helsinkira lan bila joandako gizon bati eraso eta lapurreta egingo diote eta horren ondorioz, oroimena galdu eta hutsetik hasi beharko du berriro, etxerik gabekoekin eta baztertutakoekin elkarbiziz. Maitasuna eta lotsarazten ez duten beste zenbait balio aurkituko ditu. Oraindik adeitsu izaten badakien jendeari buruzko istorio txiki bat. Iraganik gabeko gizona filmak urteko film onenaren FIPRESCI Sari Nagusia jaso zuen 2002ko Zinemaldiko inaugurazio ekitaldian.
Aku Louhimies
Finlandia 
130 min.
Gizartearen aldeko zerbait probetxugarria egin nahi lukeen hacker gazte bat da Tuomas. Niko bere lagunik onenak alkoholari zein drogei lotutako bizimodu hedonista du. Bestetik, historia eta zientzia politikoak ikasten diharduen ekintzaile gaztea da Elina. Bera eta Tuomas urtebete pasa elkarrekin dabiltzala eta ezkontzeko asmotan daude. Dena gorabehera handirik gabe doakie, harik eta Nikok 500 euroko billete bat faltsutu eta Tuomasek eta Elinak birus informatiko bat zabaltzen duten arte.
Ragnar Bragason
Islandia 
93 min.
Karitas, lau seme-alaben ama ezkongabea etsi-etsian iristen da hil bukaerara. Bere hiru alaben zaintzagatik borrokatu beharko du, eta Gudmund, hamabi urteko bere semea eskolan bullying-aren biktima dela ezjakinean da. Bien bitartean, Gardar, zorrak kobratzea lanbide duen harroputzak, bere familiatik nahiz hanpa-mundutik kanporatu dute. Bizitza berri bat hasteko asmotan, Gudmund bere semearen bila joatea erabakiko du, sekula ikusi ez duen arren. Baina bat-batean mutikoaren bizitzan muturra sartzeak kateaturiko gertakari segida bat katalizatuko du.
Ragnar Bragason
Islandia 
120 min.
Oscar dentistak bost urte daramatza ezkonduta eta emazte eta bost seme-alaba adoptatuekin bizi da, baina ez da zoriontsu; berezko haurra nahi baitu. Einar profesional arloan arrakasta handiko burtsa-artekari bat da, baina bere bizitza pertsonalean zoritxarrekoa. Bi hilabete daramatza hotel batean bizitzen emaztea bera etxetik bota izanaz damutuko delakoan. Katin Rose Suediatik itzuli berri da, zortzi urtez bertan bizi eta gero, amonak hezi duen 11 urteko bere semea berreskuratu eta harekin Islandian bizitza berri bat hasteko asmoz.
Baltasar Kormákur
Islandia 
109 min.
Thordur, familiaburu beldurgarri eta beneragarriak, etxera deitu ditu bere seme-alaba guztiak. Eskuartean dituen kontuak konpondu nahi ditu: amaren herentzia eta familiako negozioa alegia, honek arrantzale-komunitate txiki hartako kide boteretsuena bihurtu baitu. Agust du itxaropen bakarra, bere seme gazteena, baina Agustek etorkizunerako oso bestelako asmoak ditu. Senitartekoen elkartzea ez da uste bezala gertatuko, aspaldiko kontuak mamuen antzera azaleratuko baitira.
Hilmar Oddsson
Islandia 
93 min.
Zer hoberik etorkizuna ezagutzea baino? Eta zer okerragorik? Haurtzaro zoriontsu bat hondamen baten ondorioz zapuzten da, haurrak aurreikusi zuen baina ekiditen asmatu ez zuena. 40 urteko gizon bat bere baitan itxita bizi da. Harik eta isolamendu hori haustera ausartzen den arte eta bere iraganari aurre egitera. Bere izatearen argia galarazten zuen harresia bailitz ehotutako armiarma-sarea amore ematen hasia da...
Fridrik Thor Fridriksson
Islandia 
85 min.
Atsushi Hirata tokiotar gazteak Hawaiin golfean jokatzen igaro asmo zituen oporrak bertan behera utzi beharko ditu duela zazpi urte hildako bere gurasoen omenezko zeremonia bat ospatzeko. Zeremonia hau gurasoak hil ziren tokian bertan baino ezin da egin, Islandiako urrutiko ibai batean alegia; hortaz, bere burua aurkitzen lagunduko dion bidaia gogor eta gorabeheratsuari ekin beharko dio.
Dagur Kári
Islandia 
92 min.
Nói, 17 urteko gaztea, Islandiako urrutiko herri batean bizitzeaz nazkatuta dago eta handik ospa egitea du amets bakarra. Ikasle txarra da eta bere itxurak nabarmentzen du: luzea, zurbila eta erabat burusoila da. Bere amonaren etxe atzeko lurpeko babeslekuan ematen du denbora, harik eta herriko gasolindegian diharduen Iris ezagutzen duen arte, eta harekin alde egiteko planak egingo ditu. Inguruneko edertasun glaziarrak Nóiren iragana eta oraina biltzen ditu, eta azkenean bere etorkizuna irentsiko du amaiera hondoratzaile batean.
Jens Lien
Norvegia 
95 min.
Nola ez dakiela, berrogei urteko Andreas hiri arraro batera iritsi berri da. Lana badu, etxe bat eta emaztea ere bai, baina berehala ohartuko da zerbait ongi ez dabilela. Hiritik ihes egiten saiatzen da, baina irteerarik ez dagoela jabetuko da. Orduan, Hugo ezagutuko du, zeinak bere sotoko pareta batean aurkitu duen pitzadura batean musika polita entzuten duen. Pitzadura horrek agian "beste aldera" eraman ditzake. Biek elkarrekin ihesaldi bat antolatuko dute.
Pål Sletaune
Norvegia 
85 min.
Roy postariak ez du inolako etika profesionalik, jendearen gutunak irekitzen ibiltzen baita. Egun batez, Line izeneko neska misteriotsu eta xarmagarri batek giltzak buzoian jarrita ahazten ditu. Bitan pentsatu gabe, giltzak hartu eta neskaren etxebizitzan sartzen da. Etxeko ataria zeharkatu orduko, Royren bizitzak erabateko aldaketa izango du, besteren eskutitzak irekitzea baino askoz arriskutsuagoa den zerbaitetan korapilatuz.
Bent Hamer
Norvegia 
86 min.
Moe eta Far hirurogeita hamar urte inguruko bi anaia dira. Farek gerra bitartean Smålandera (Suedia) motozikletaz egindako asteburuko bidaia izan ezik, beti elkarrekin bizi izan dira. Ezustean, egun batez telefonoak joko du. Suediar doinuko ahots batek, Farek Smålandeko bidaian sortutako Konrad izeneko umeak, denboraldi batez beraiekin geratu beharko duela dio, Konraden ama oso gaixo baitago.
Hans Petter Moland
Norvegia 
113 min.
Henrik Larsen idazle gaztea Groenlandiako ehiza-espedizio batean sartu da 1928an. Bere taldea osatzen dute, Holm ehiztari zailduak, eta Randbæk, ehizaldi-buruak. Larsen hasiberria dela konturatzean, Randbæk hartaz baliatzen saiatuko da. Hark ez du inondik inora bakean uzten, eta hori dela eta etengabe ari dira liskarrean. Eguberri bezperan, eztabaida bereziki bortitz baten ostean, Larsen eta Randbæk Holmek ospa egin duela ohartuko dira. Kjærlighetens kjøtere filmak Epaimahaiaren Sari Berezia bereganatu zuen 1995eko Zinemaldian.
Bård Breien
Norvegia 
79 min.
Geirr, 33 urteko gizona, elbarri geratu zen auto-istripu baten ondorioz, eta izorratuta dagoenez, bere neska-lagun den 30 urteko Ingvildek jada ez daki harekin nola jokatu. Bere harremana salbatzeko ahaleginean, Ingvildek euren etxera pentsamendu positiboaren zale talde bat gonbidatuko du. Geirrek inbasio gisa hartzen du hori eta edozer gauza ikuspuntu optimista batetik ikusteko aukera bera ukatzeaz gain, taldeko gainerako kideak pixkanaka itxaropen ezara eta larritasunera eramango ditu.
Mona J. Hoel
Norvegia 
102 min.
Familia osoa pozik doa mendialdean alokatutako txabola baterantz, Eguberriak bertan igarotzera. Alabaina, txabola txikiegia gertatuko zaie: bere pareta izoztuek denak estututa babestu beharko dituzte aita eta ama, euren lau seme-alabak bakoitza bere familiarekin, txakur bat eta Poloniatik etorritako ezkonsenide batzuk. Kanpoaldean, tenperatura 30 gradu zero azpitik...
Bent Hamer
Norvegia 
95 min.
Gerra ondoko garaian, Etxe-ikasketen Suediar Institutuko analistak sukaldeko lanak modu egokian antolatuz gero, familia unitateko etekin ekonomikoak ikaragarri handiak izan zitezkeela jabetu ziren. Bere ikerketa zabaltzea erabaki zuten suediar etxekoandreaz haratago. Horretarako, 18 begirale bidali zituzten bere mutilzahar kopuru handiagatik nabarmen den Norvegiako Landstad nekazari-eskualdera, hauek sukaldean egiten dituzten mugimenduak aztertzera.
Erik Richter Strand
Norvegia 
99 min.
Lars 25 urteko gazteak Osloko auzo bateko igerilekuan lanean dihardu eta bere izaerak arazoak dakarzkio beti. Gizon edadetu bat bere auzoko nerabeekin lizunkeriatan dabilela jakiten duenean, Lars sutu egingo da eta ustezko perbertitua atxilotzeko kanpaina bati ekingo dio. Haatik, aurki gurutzada horren kontrola galduko du, hain zuzen, babestu nahi zituen horiek arriskuan jarriz.
Marius Holst
Norvegia 
96 min.
Hamahiru urteko Otto berebiziko uda igarotzera doa. Aurki isilean zer gorde izango du eta udalekuetara oporretan abiatu diren bere lagunak baino askoz gehiago ikasiko du bizitzaz. Ororen gainetik, Ottok Frank ezagutuko duen uda izanen da, denak oporretara joan direnean agertzen den gaizkile misteriotsua eta zera galdetu diona: "Inoiz ezer txarrik egin al duzu?"
Aksel Hennie
Norvegia 
103 min.
David etorkizunari begira aukera gutxi dituen 25 urteko gaztea da. Osloko hiriguneko gimnasio batean erdipurdiko gaizkileen artean igarotzen ditu egunak. Hala ere, bertan etxean baino hobeto dago: bere aitak gaixotasun larri bat dauka, anaiak Down sindromea, eta amarekin ez da ondo konpontzen. Harik eta egun batez Davidek bere anaiaz arduratu beharko duen arte, bere lehengo gaizkideak gainetik kentzeaz gain. Behin dena galdu duenean, Davidek hutsetik abiatuta bere bizitza berregiteko aukera izango du.
Simon Staho
Suedia - Danimarka 
95 min.
Dag og Nat maitatu eta maitatua izan nahi duen jendeari buruzko film bat da. Aita baten istorioa da, bere semearena, bere emazte desleialarena, bere emaztearen amorante sekretuarena, bere maitale gaztearena, bere arreba bakartiarena, bere ama adigalkorrarena, futbol-entrenatzaile fanatiko batena, haurdun dagoen prostituta batena eta zaharrez mozorrotutako aingeru batena. Denek jakin nahi dutena zera da: erantzuna maitasuna bada, zein da galdera?
Lukas Moodysson
Suedia 
98 min.
A Hole in My Heart aita bati eta bere semeari, neska bati eta lagun bati buruzko pelikula da. Aitak pornoaren industriarako lan egiten du, bere apartamentuan etxeko pelikula pornoak eginaz. Semeak bere aitaren bizibidea gorroto du eta bere logelan eta imajinazioan gordeta ematen du denbora ia osoa. Neska eta laguna iritsi berriak dira aitaren apartamentura film berri bat filmatzera.
Lukas Moodysson
Suedia 
89 min.
Åmål suediar hiri lasai eta aspergarri bat da. Agnes, neska bakarti eta lotsatia, Elinekin isilean dago maiteminduta, eskolako neskarik ospetsuenarekin. Bere urtebetetze eguna da eta bere etxeko festara ez da bere ikaskiderik azaltzen, Elin eta Jessica bere ahizpa zaharragoa ezik, apustu bat eginaz Agnesi burla egitea erabaki baitute: Jessicak 20 koroa emango dizkio Elini honek Agnesi ahoan musu ematen badio. Bi ahizpak algara bizian alde egiten dute, baina Elin geroxeago atzera ere etorriko zaio Agnesi barkamena eskatzera.
Tomas Alfredson
Suedia 
192 min.
Killinggänget umorista taldearen lehen komedia, Four Shades of Brown filmak umore beltz ukitu batez giza portaerari buruzko lau istorio kontatzen ditu, batzuetan aldrebes samarrak nahiz karikaturazkoak diruditen protagonistak tarteko: dotore jantzita hil berri den gizon batek zurezko gizontxo itxuraz aurkitzen du bere halabeharra; aita batek animalien errausketaren atseginak irakatsi nahi dizkio bere semeari; zenbait pertsona kozinatzen ikasteko itxaropenaz elkartu dira; eta azkenik, patriarka baten ekialdeko eragin nabariko hileta, haren seme-alabak inguruan direla.
Björn Runge
Suedia 
108 min.
Agnes eta Rickard hiri berri batera doaz bizitzera eta agur esateko bere lagun onenak afaltzera gonbidatzen dituzte. Familia aurrera ateratzeko atsedenik gabe lanean aritzen den igeltseroa da Anders eta baztertu ezingo duen lanpostu bat eskainiko diote familia aurka duen arren. Anitak ez du bere senar ohia ikusi hau bera baino 25 urte gazteagoa zen emakume batekin ezkondu zenez geroztik. Bat-batean, hura berriz topatzeko aukera du eta konpontzeke utzitako kontuak behingoz argitzeko. Den-denen bizitzetako gaurik garrantzizkoena izango da horixe.
Roy Andersson
Suedia 
97 min.
Umore beltz zentzugabeko bineta bereizien sail baten bitartez, pelikulako pertsonaiak lekuko izango dira auto-ilara ikaragarri batean, enplegatu baten kaleratze patetikoan, kale jendetsu batean gertaturiko inmigrante bati eginiko eraso bortitzean, gaizki ateratzen den magia trikimailu batean... Kaos honen erdian, Karlen irudia gailentzen da, bere altzari-dendako asegurua kobratzearren berak eragindako sutearen kedarrez estalita.
Ingmar Bergman
Suedia 
107 min.
Hogeita hamar urte bereiztuta eman ondoren, Mariannek Johan bere senar ohia ikusteko beharra sentitzen du, horretarako beren udako egoitza zaharrera bidaiatuz. Etxe berean daude Johanen seme Henrik eta Karin honen alaba ere. Aitaren eta semearen arteko harremanak tirabiratsuak diren arren, bat datoz Karin babesteko beharrean. Bestalde, Annak, duela pare bat urte hildako Henriken emazteak euren bizitzetan darrai oraindik. Marianne berehala jabetuko da gauzak ez doazela uste bezain ongi. Saraband da 2007ko uztailaren 30ean hildako Ingmar Bergman handiaren azken pelikula.
Babesle Ofizialak:
Media Partner:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak: