"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Katixa Agirre idazleak Zinema festa bat da. Enkontru ezinezko bat Zinemaldiaren 70. urteurrenean liburua bihar aurkeztuko du Tabakaleran, Literaktum jaialdiaren barruan. Donostia Zinemaldiaren laguntzarekin Euskadiko Filmategiak eta Donostia Kulturak euskaraz argitaratu dute Nosferatu Bildumaren X. zenbakia. Lana Zinemaldia 70 zikloarekin batera kaleratu da. Zikloa, joan den urtarriletik abendura arte, Donostia Zinemaldiaren 70 urteak errepasatzen ari da, programaziotik igarotako hainbat titulu garrantzitsuren proiekzioekin.
Agirreren liburuaren azala eta kontrazala Irantzu Piquerorenak dira eta premisa original eta dibertigarri batetik abiatzen da lana. Miramar jauregiak festa berezi bat hartuko du Donostia Zinemaldiaren 70 urteak ospatzeko, eta hantxe bilduko dira komunean bi ezaugarri dituzten gonbidatu berezi samarrak: Donostia Saria jaso izan dute inoiz eta hilda daude egun.
Egileak agindu duenez, aipatutako festan “Lauren Bacall inoiz baino eleganteagoa agertuko da, Gregory Peckek lanak izango ditu egoera ulertzen, Max von Sydow dantza egitera etorri da, Agnès Varda dokumental bat egiten saiatuko da eta, nola ez, Bette Davisek anfitrioi lanak hartuko ditu bere gain”. “Gaua sorpresez, ika-mikez, mozkorraldiz eta oroitzapenez beteko da. Azkenean denak ados jarriko dira: zinema festa bat da, eta ospatu beharra dago”, azpimarratu du Katixa Agirrek.
Ruth Pérez de Anucita Donostia Zinemaldiko Komunikazio arduradunak egilearekin hitz egingo du bihar Tabakalerako zineman 18:00etan egingo den aurkezpenean. Sarrera librea da eta gonbidapenak Tabakaleraren webgunean erreserba daitezke. Ondoren, Ryusuke Hamaguchiren Passion (2008) filma emango da Nosferatu zikloaren barruan -kasu honetan, berriz, sarrera erosi behar da-.
Aurtengo urtarrilean, Nosferatu ziklo berriaren hasierarekin batera, Zinemaldia 1953-2022. Singularidades del Festival de Donostia / San Sebastián liburua argitaratu zuten Donostia Kulturak, Euskadiko Filmategiak eta Donostiako Zinemaldiak; Quim Casasek koordinatu zuen lana. Zinemaldiaren historiako hainbat film garrantzitsu errepasatzen dituen zikloa hiru emanaldiekin bukatuko da datozen egunotan: Samira Makhmalbafen El caballo de dos piernas (Asbe du-pa/Two-Legged Horse, 2008) (azaroaren 30ean), Naomi Kawaseren Genpin (2010) (abenduaren 7an) eta Pablo Larrainen Post mortem (2010) (abenduaren 14an).
Gasteiz, 1981. Sua falta zaigu ipuin bildumarekin eman zion bultzada bere idazle lanari, 2007an. 2009an Habitat narrazio bilduma argitara eman zuen, Igartza bekaren laguntzaz. Haur eta gazte literaturan ere lan batzuk argitaratu ditu, esate baterako, Amaia Lapitz (2010, 2013, 2021) nobela sorta. 2015ean argitaratu zuen bere lehen eleberria, Atertu arte itxaron, Augustin Zubikarai bekaren laguntzaz. 111 Akademia saria eskuratzeaz gain, nobela hori hainbat hizkuntzatara itzuli zen. 2018an Amek ez dute (Elkar) argitaratu zuen, zortzi hizkuntzatara itzuli dena eta zinemara adaptatzen ari dena egun. 2022ko udazkenean bere azken nobela plazaratu du, Berriz zentauro (Elkar), dagoeneko gaztelerazko eta katalanezko itzulpena izan duena. Ikus-entzunezko komunikazio saileko irakaslea da EHUn.