"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Nest Donostia Zinemaldian zinema-ikasleentzat egiten den film laburren nazioarteko lehiaketa da. Mundu osoko zinema-eskoletako ikasleak biltzen dira, beren lanak aukeratuak izan ondoren, beren film laburren emanaldietan, solasaldietan eta industriako profesionalek ematen dituzten eskola magistraletan parte har dezaten.
Hautatutako lanen artean, bereziki sortutako epaimahai batek Nest The Mediapro Studio Saria aukeratuko du. Sari hori hautatutako proiektuaren zuzendariari emango zaio, zeinak 10.000 euro jasoko dituen.
2002an sortu zenez geroztik, Nest Donostia Zinemaldiko sail garrantzitsuenetako bat da Zinemaldiak talentu berriak bultzatzeko ezarrita duen estrategiaren barruan. Nest Sailak 1.000 zinemagile gaztetik gora hartu eta 370 film labur baino gehiago hautatu ditu, ehun bat eskola magistral eta elkarrizketez gain zinema-industriako profesionalekin, hala nola hauekin: Céline Sciamma, Albertina Carri, Alexander Payne, Bertrand Bonello, Elena López Riera edo Jean-Baptiste de Laubier. Sorkuntzen iturburutzat jotzen da Nest, eta geroago euren hurrengo lanak nola Donostian hala nazioarteko zirkuituko beste jaialdi entzutetsu batzuetan estreinatu dituzten hainbat zuzendariren lanak erakutsi dira bertan. Horren adibide dira, besteak beste, Raven Jackson, Kiro Russo, Oren Gerner, Isabel Lamberti, Léa Mysius, Jerónimo Quevedo, Laura Wandel eta Grigory Kolomytsev.
Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak Nest saila elkarrekin antolatzen dute.
NEST ARAUTEGIA (2024)