Donostia Zinemaldiak eta SELAE Sociedad Estatal Loterías y Apuestas del Estado elkarteak gai sozialeko film laburren lehiaketa bat sortu dute. Lehiaketa irabazten duen lanak 10.000 euroko saria jasoko du eta 5.000 eurokoa, berriz, bigarren sailkatuak.Akordio bati jarraituz –hasiera batean, hiru urteko indarraldia du–, lehiaketa berriaren helburua da ikus-entzunezko bitartekoak erabiltzea mezu positibo eta itxaropentsuak zabaltzeko; aberastasuna birbanatzea, desparekotasunak ezabatzea eta gizarte-justizia sustatuko dituzte mezuok.
Lehiaketa berriak helburu bat du: ikus-entzunezkoa erabiltzea mezu positibo eta itxaropentsuak zabaltzeko, aberastasunaren birbanaketa, desparekotasunen ezabaketa eta justizia soziala sustatzeko. Film laburrek ezinbesten izan behar dute zerikusia gai sozialekin, hala nola hauekin: ongizatea, zaharren bakardadearen aurkako borroka eta zaharren bizi-kalitatearen hobekuntza eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei, zaurgarritasun-egoeran daudenei eta laguntza sozioekonomikoa behar duten minbizia-pazienteei eman beharreko laguntza.
Guztira, lehiaketan aurkeztutako film labur guztietatik sei izango dira Loterías Sarirako hautagaiak. Ikus-entzunezkoen alorreko eta/edo esparru sozialeko hiru ordezkariz osatutako epaimahai batek entregatuko du saria.
Loterías y Apuestas del Estado erakundeak, kulturarekin duen konpromisoarekin bat, Donostia Zinemaldiarekin batera lan egin du azken urteetan. Lehiaketaren barruan emanaldi bereziak eskaintzeaz gain, Zinemaldia 70. Historia posible guztiak Donostia Zinemaldiaren artxibo historikoaren proiektuaren babeslea izan zen 2019aren eta 2022aren artean. Bere laguntzari esker, Donostia Zinemaldiak herritarren eskura jarri ahal izan ditu 4.000 dokumentu digital baino gehiago (argazkiak, kartelak, egunkariak…). Gainera, 27.000 deskripzio-fitxa baino gehiago dituen katalogo bat dago, espezialistek kontsultatzeko. SELAE erakundeak lotura historikoa izan du kulturarekin eta gure kulturaren elementuak sustatzen eta zabaltzen ditu, gizarte moduan aurrera egiteko; bada, gure arteko lankidetza testuinguru horretan kokatzen da.