"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Hizketaldiak Donostia Zinemaldiaren atal bat da. Zinemari buruzko elkarrizketa industriaren, sormenaren eta prestakuntzaren ikuspegitik sustatzeko sortu zen. Tabakaleran du egoitza (Zinema Aretoa eta Z Aretoa), eta hainbat mahai-inguru eta klase magistral ditu. Horiei esker, zinemaldiak irauten duen bederatzi egunetan, zinemagileen sormen-prozesuetan sakondu daiteke, edo zinema-industriaren joerei eta erronkei buruz jardun daiteke. Era berean, eztabaida sozial nagusiek zineman duten eraginaz eta zinemaldiek gai horietan duten erantzukizunaz eztabaidatzeko gunea da.
Azken urteotan, Albert Serra, Kitty Green, Deborah Williams, C. Tangana eta Little Spain kolektiboa, Artur Tort, Elena López Riera, Raven Jackson, Aaron Sorkin, Marc Orts, Ted Hope, Lila Avilés, Ruth Beckermann edo Christian Petzold izan dira Elkarrizketetan, besteak beste.