"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zabaltegi-Tabakalera da Donostia Zinemaldiko lehiazko sailen artean irekiena, ez baitu, estiloari edo denborari dagokionez, inolako arau edo mugarik: laburrak, ertainak, luzeak, fikziozkoak, ez-fikziozkoak, animazioak, serieak, ikus-entzunezko instalazioak, etorkizuneko aurkikuntzak eta klasiko garaikideak, Espainian erakutsi gabeak. Begirada eta molde berriak bilatzen dituen zinemari leku egiten dion saila da; eremu ireki eta arriskatua zinez.
Zabaltegi-Tabakalera saileko film guztiak dira Zabaltegi-Tabakalera saria irabazteko hautagai. Zabaltegi-Tabakalera sariko 20.000 euroetatik 6.000 euro filmaren zuzendariarentzat dira, eta 14.000 euro, filmaren Espainiako banatzailearentzat.
Zabaltegi-Tabakalera saria berariaz sortutako epaimahai batek erabakitzen du, zinemaren eta kulturaren alorreko profesionalek osatua.