"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Klasikoak markapean biltzen dira, alde batetik, Euskadiko Filmategiak antolatzen duen zaharberritutako filmez osaturiko zikloa, non emanaldiak Gasteizko Artium Museoan, Arte Ederren Bilboko Museoan, Donostiako Tabakaleran, Iruñeko Golem Zinemetan eta Donibane Lohitzuneko Le Sélect zinema-aretoetan izaten diren; eta bestetik, Donostia Zinemaldiaren esparruan, irailean ematen diren beste bi ziklo: bata, atzerabegirakoa eta bestea, Klasikoak saioak. Azken honetan, 66. edizioaz geroztik, hainbat film klasiko ikusi ahal izan dira, hala nola Akai Tenshi / The Red Angel, Yasuzo Masumura zinemagilearena, edo Sátántangó, Béla Tarr zuzendariarena, besteak beste.
Beraz, denboran eta espazioan luzatutako zinema-jaialdi bat da, zinema klasikoari eskainia. Klasikoak programak Donostia Zinemaldiaren tradizio historikoari jarraitzen dio, betidanik berreskuratu nahi izan baititu zinemagileen lanak, garaiak, gaiak edo hizkuntza zinematografikoak. Hain zuzen ere, 1959an hasi zen eginahal hori, René Clair zinemagileari eskainitako atzerabegirakoarekin. Ildo horretan, Euskadiko Filmategiak ere apustu irmoa egiten du filmak zaharberritzeko eta zabaltzeko.