Hamazazpi filmek –hamahiru film luzek eta lau film laburrek– osatzen dute Donostia Zinemaldiaren 70. edizioko euskal ekoizpenen guztizkoa, eta Sail Ofizialean, New Directorsen, Zabaltegi-Tabakaleran, Nesten, Zinemiran eta Euskal Zinemaren Galan eta EiTB Galan banatuta egongo dira.
Zinemira, euskal zinemari berariaz eskainitako saila, Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak antolatzen dute. Irizar eta EITB dira babesleak, eta Euskadiko Filmategiaren, EPE/APV eta IBAIA ekoizle-elkarteen eta Zineuskadiren laguntza du. Edizio honetan, Zinemirak fikziozko eta ez-fikziozko zazpi film ditu. Horietako lau, Zinemaldian mundu-estreinaldia izango dutenez, Euskal Zinemaren Irizar Sarirako hautagai izango dira, Zinemaldiko beste sail batzuetan dauden beste sei lanekin batera. Horrela, guztira hamar ekoizpen lehiatuko dira 20.000 euroko saria lortzeko filmaren ekoizlearentzat edo ekoizleentzat.
El vasco Argentinarekin egindako koprodukzioaren mundu-estreinaldiak Zinemira inauguratuko du. Jabi Elortegik (Bermeo, 1969) –Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean Zorion perfektua (2009) bere lehen lanarekin lehiatu zenak– zuzendu du Joseba Usabiaga, Itziar Aizpuru eta Eduardo Blancok antzeztutako komedia dramatiko hori.
Izaskun Arandia (Tolosa, 1972) ekoizle eta gidoigileak bere lehen film luzea zuzendu du: My Way Out; ez-fikziozko lan horrek Londresen kokatutako eta pertsona transentzako klubaren –filmaren izen berekoaren– historia berritzen du artxiboko irudien eta elkarrizketen bidez.
Xuban Intxaustik (Donostia, 1980) Bakearen Aldeko Koordinakundea kolektibo bakezalearen historia eta printzipio etikoak esploratzen ditu Gesto lanean, artxiboko irudien eta egungo adierazpenen bidez, taldearen hiru hamarkadako ibilbideari buruz hausnartzera bultzatzeko.
Karpeta Urdinak filmean, Ander Iriarte zinemagileak (Oiartzun, 1986) ikerlan bat abiarazten du bere aitak komisaria batean torturak jasan zituelako susmoan funtsatuta. 1960tik 2014ra bitartean gure herrialdean izandako tortura eta tratu txarrak ikertzeko proiektuaren emaitzak ezagutarazten ditu egileak, baita Istanbulgo Protokoloa ere.
Irailaren 20an (asteartean), Euskal Zinemaren Gala izango da Victoria Eugenia Antzokian. Bertan, Gelditasuna ekaitzean Alberto Gastesiren (Donostia, 1985) lehen lana estreinatuko da, Loreto Mauleón eta Iñigo Gastesi protagonista dituen amodiozko istorio bat.
Egun bat geroago, toki berean, EiTB Gala ospatuko da. Bertan, Kepa Junkera berpiztu aurkeztuko da, 2018an iktus bat jasan zuen musikari bilbotarraren lehengoratzearen eta hark utzitako ondarearen inguruko film luze dokumentala, Fermin Aiok (Algorta, 1973) zuzendua.
Halaber, Euskal Zinemaren Irizar Saria eskuratzeko lehian izango dira, baita ere, Sail Ofizialean jada iragarrita zeuden bi film –Mikel Gurrearen (Donostia, 1985) Suro, Fernando Francoren (Sevilla, 1976) La consagración de la primavera–, New Directors saileko pelikula bat –Maria Elorzaren A los libros y a las mujeres canto (Gasteiz, 1988)– eta Fermin Muguruzaren Black is Beltza II: Ainhoa, Belodromoan estreinatuko dena.
Beste hiru filmek osatuko dute Zinemiraren programazioa, baina lehiaz kanpo hartuko dute parte, Donostiako emanaldien aurretik estreinatu direlako: Alauda Ruiz de Azúaren (Barakaldo, 1978) Cinco lobitos, Berlin, Seattle eta Karlovy Varyko zinema-jaialdietan hautatua izan, Málagako jaialdiko sari nagusiak irabazi ondoren sailari amaiera emango diona –Espainiako Akademiak ere Oscar sarietan parte hartzeko finalista izendatu berri du–; 918 gau, Arantza Santestebanena (Iruñea, 1979), Ikusmira Berriak egoitzan garatu eta WIP Europatik igaro ondoren, Lisboan eta Torinon saritua izan zena; eta Bi arnas, Jon Mikel Fernández Elorzena (Donostia, 1983), torturen ondorioak jorratzen dituena Iratxe Sorzabalen eta bere amaren istorioaren bitartez.
Halaber, Zabaltegi-Tabakalera sailean parte hartuko dute Kimuak programako bi film laburrek: batetik, Lur Olaizolaren Hirugarren koadernoa, Cinéma du Réel jaialdian estreinatu ondoren emango dena, eta Estibaliz Urresolaren Cuerdas, Cannesko Semaine de la Critique atalean izan ondoren.
Lehendabizikoz, Nesten, zinema ikasleen film laburren lehiaketan, euskarazko bi euskal ekoizpen lehiatuko dira Nest Saria lortzeko: UPV/EHUko Nagore Muriel Letamendiaren (Villabona, 2000) Erro bi eta Elías Querejeta Zine Eskolako Mikele Landa Eigurenen (Bilbo, 1995) Noizko basoa.
Zinema-areto batean emango ez badira ere, Zinemaldian beste euskal ekoizpen batzuk ere egongo dira, proiektu-fasean dauden lanak, izango diren filmak, hain zuzen. Horrela, Helena Tabernaren Nosotros egitasmoa, Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan; Karmele, Asier Altunarena, Una ballena, Pablo Hernando Esquisabelena, eta Baleazaleak, Baltasar Kormákurrena (izan ere, nazioarteko inbertitzaile eta talentu-ordezkarien eta tokiko ekoiztetxeen arteko lehen topaketan hartuko dute parte horiek, Spanish Screenings ekimenaren esparruan); eta Irati Gorostidik bere proiektua aurkeztuko du, Anekumen, Ikusmira Berriak egonaldi-programan industria zinematografikoko ordezkarien aurrean aurkeztua.
ZINEMIRA
Euskal zinemari eskainitako saila da eta Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak antolatzen dute, Irizar eta EITBk babestuta eta Euskadiko Filmategiaren, EPEren, IBAIAren eta Zineuskadiren lankidetzarekin.
Mikelek bizimoduz aldatzea erabaki eta senide urrun baten gonbidapena onartuko du Argentinara joan eta bertan bizitzen jartzeko. Alabaina, berehala ohartuko da Chelo bere osaba ludopata atsegin eta edalea baino ez dela, eta ezin diola ezer eskaini. Horrez gainera, dena korapilatu egingo da Amuma Dolores –Cheloren ama– hamar urteko lozorrotik esnatzen duenean Mikeli sehaska-kanta bat euskaraz abesten entzun eta Juanitorekin –bere anaia eta Mikelen aitonarekin– nahasten duelako. Hortik aurrera, herri osoa kontzentratu egingo da Doloresi sinetsarazteko 50eko hamarkadan eta bere jaioterrian –Bermeon– jarraitzen duela. Chelo eta Begoñaren –elkarrekin gaizki moldatzen diren Doloresen bi seme-alaben– bitartekari gisa jokatu beharko du Mikelek, Inésen –Amuma Doloresen zaintzaile alaiaren– laguntza eta konplizitatearekin.
2007ko urriaren 4an, Arantza, filmaren zuzendaria, atxilotu eta espetxeratu zuten. Zenbait oroitzapen gordetzen ditu egun haietatik: patioko joan-etorri amaigabeak, igeriketa-lehiaketak, Rasharen bizipen latzak kartzelan… 918 gau giltzapetuta eman eta gero, Arantza aske geratu zen. Handik aurrera, grabagailu batean jaso zituen bere oroitzapenak eta zalantzak, eta filmean zehar azalduko zaizkigu, memoria zatikatu baten eran.
Historia honetan bi arnas kontatzen dira; Iratxe Sorzabalena eta Mari Nieves Diazena, bere amarena. Biek ala biek, bakoitzak bere modura, torturak eragiten duen arnas falta sufritu dute, beste hainbat sufrikariorekin batera. Bi arnas torturaren gaineko testigantza bat da, bidegabekeria baten isla eta sekula eskaini ez den elkarrizketa bat.
Gesto 30 urtez bakearen alde eta Euskal Herriko indarkeriaren aurka lan egin zuen euskal bakezaletasunaren memoriaren aldeko bidaia bat da. Bakearen Aldeko Koordinakundeko protagonistek iraganeko irudiak ikusiz egiten duten bidaia honek proposamen bat egiten dio ikusleari: erakunde bakezalearen oinarriak, ekintzak eta printzipio etikoak gaur egun indarrean jarraitzen dutela deskubritzea, hain zuzen. Filmaren xedea zera da bereziki, indarkeriaren aurka modu baketsuan agertu ziren eta pertsona guztien Giza Eskubideen errespetua defendatu zuten herritar guztiak omentzea.
Anderrek, beste askok bezala, aitak komisarian jasan zuena tortura izan zela susmatzen du. Bere ustea argitu nahian, Eusko Jaurlaritzak Bake eta Bizikidetza Plana-ren barruan egindako Proyecto de investigación de la tortura y malos tratos en el País Vasco entre 1960-2014 ezagutuko du. Ikerketa honek argitaratzen dituen emaitzekin ikaratuta, proiektuan parte hartu zuten mediku, psiokologo, psikiatra eta abokatuekin elkartuko da. Haiek erakutsiko diote tortura psikologikoa, Istanbulgo Protokoloa edo hurbilketa estatistikoa bezalako kontzeptuak, ipar globaleko torturaren errealitatea ezagutaraziz.
The Way Out pertsona transentzako klub ospetsuak 25. urteurrena ospatu zuen 2018an. Dokumentalak Londresko trans agertokiaren azken hiru hamarkadak errepasatzen ditu eta, elkarrizketa eta artxiboko grabazioen bidez, klubak komunitate transean izan duen eragina erakusten digu. 2020ko martxoan, covid-19agatiko mundu-pandemiaren ondorioz, klubak bere ateak itxi zituen lehen aldiz bere 28 urteko historia osoan. Zer-nolako etorkizuna izango ote du leku berdingabe horrek?
EUSKAL ZINEMAREN GALA
Lara Paristik Donostiara itzuli da Telmorekin, bere bikotekidearekin, hirian behin betiko bizitzeko asmoz. Daniel ez da inoiz hiritik atera, orain bere andregaiarekin bizi da, Verarekin, eta amaren higiezin-agentzian egiten du lan. Lararen eta Danielen bizitzak gurutzatu egingo dira salgai den etxebizitza baten bisitaldian, baina agian ez da elkar topatzen duten lehen aldia. Iraganaren eta orainaren artean, Gelditasuna ekaitzean filmak beste garai batean beste bide batzuk hartzeko aukera izan zuten bi pertsonaren maitasun-istorioa aztertzen du.
EiTB GALA
2018ko abenduaren 6an, Kepa Junkera eszenatokitik atera zen Ganten (Belgika). Desagertu egin zen, eskusoinua jotzeari utzi zion. Albisteek iktus bat aipatzen zuten, larrialdi-ospitaleratze bat, sendatze-prozesu bat, baina horren ondoren, ezer ez. Trikitixa eta euskal musika herrikoia maila gorenera igo zituen euskal artista, 32 urteko ibilbidean ia disko bat argitaratu zuena urtean, munduko euskal musikari ospetsuen bihurtu eta mundu osoko artistak euskaraz abestera animatu zituen autodidakta, arrastorik utzi gabe desagertu zen. Gero, bi urteko lan gogorra etorri zen, errehabilitazio latza, gorputzaren mugikortasuna berreskuratzeko, hitz egiten ikasteko, eskuak mugitzeko, burua biratzeko, jateko, bizitzen jarraitzeko. Izan ere, Kepak bizitzen eta sortzen jarraitzen du, arte, musika, poesia, pintura eta argazkigintzarekin hunkitzen. Emozio horren kontakizuna da dokumental hau.
SAIL OFIZIALA - Lehiaketarako
Madrilera iritsi berri da Laura unibertsitate-ikasketak egiteko. Gau batean, ezustean, David ezagutuko du, garun-paralisia duen mutil bat. Mutilarekin eta haren amarekin izango duen harremanari esker, Laurak alde batera utziko ditu konplexuak eta segurtasun ezak, etapa berri bati konfiantzaz aurre egiteko. Istorio honek bizitzako momentu bat kontatzen du, non dena baita posible, eta ezustean ezagutzen ditugun pertsonak erabakigarriak izan daitezkeela.
Helenak eta Ivanek bizitza berri bat eraiki nahi dute artelatz-basoetan, baina, lurrean bizitzeko moduari buruzko ikuspuntu ezberdinak dituztenez, bikotearen etorkizuna kolokan jarriko da.
NEW DIRECTORS
Emakume bati ia Avioneta (hegazkin txiki) izena jarri zioten. Beste batek liburutegi bat izan zuen bere kotxeko atzeko eserlekuan. Beste batek etxeko liburutegiko apal errebeldeen ondorioz hatz bat hautsi zuen. Zigarrogileek disertazioak entzuten dituzte lanean. Plantxagileek poemak gogoratzen dituzte. Horiei guztiei kantatzen diet. Suaren, uraren, sitsaren, hautsaren, ezjakintasunaren eta fanatismoaren aurka, emakume-armada anonimo batek liburuak zaintzen ditu. Erresistentzia intimoa da, epikarik gabekoa, iraultzarik gabekoa, armarik gabekoa.
ZABALTEGI-TABAKALERA
Rita emakumeen abesbatza baten kide da. Entseatzeko lokala ordaintzeko behar duten udalaren dirulaguntza galdu dutenez, korua desagerrarazteko arriskuan dago. Horregatik, erabaki beharko dute beren haraneko enpresa kutsatzaileenetako baten babesletza onartzen duten ala ez.
Aktore bat eta zinemagile bat gidoi bat entseatzen ari dira. María Dolores González Katarain Yoyesek 1980 eta 1985 bitartean, ETA utzi eta Mexikon erbesteratuta zegoela idatzi zuen egunkariaren zati batzuk jasotzen ditu gidoiak. Gidoian aurrera egin ahala, beste emakume batzuen ideiak eta erreferentziak agertuko dira Yoyesen hitzetan: Ulrike Meinhof, Simone de Beauvoir, Rocío Díazescobar, Alexandra Kollontai edota Tina Modotti. Bitartean, iluntzen ari da kanpoan.
NEST
Urtebete igaro da Ainhoaren aita hil zenetik. Harrez geroztik, aitarekin bizi zireneko baserrian bizi dira ama-alabak. Ainhoak hortik joan nahiko du, lekuak aita gogorarazten baitio. Amak, ordea, alaba berarekin geratzea nahiko du. Baserriko behi baten heriotza aitzakiatzat hartuta, Ainhoari hirira joatea galarazten saiatuko da ama.
Baso bat berriz hasten da. Herri batek inoiz ikusi ez zuen paisaia bat gogoratzen du. Lur lehorra astintzen duten eskuak, aitzurrak eta botak, Ullan noizbait bizi ziren zuhaitzak azalera ateratzeko. Hemen sortzen da ibaia etengabe, eta jada ahantzitako hizkuntza bat xuxurlatzen du. Baso bihurtzen denean, nor biziko da leku honetan? Baso bat landatu al daiteke? Inork ahoskatuko al du bere izena? Non hasten da herri bat?
BELODROMOA
Ainhoa mirariz jaio zen La Pazen (Bolivia) Amanda ama atentatu parapolizial batean eraila izan ondoren. Kuban hazi eta 1988an, 21 urterekin, Euskal Herrira abiatuko da Manex aitaren lurraldea ezagutzera. Gatazka errepresibo betean, Josune kazetari konprometitua eta bere lagun koadrila ezagutuko ditu. Horietako bat heroina gaindosi baten ondorioz hiltzen denean, Ainhoa eta Josune iniziazio-bidaian murgilduko dira Libano, Afganistan eta Marseilla hiritik barrena. Gerra Hotzaren azken urteak dira eta biak ala biak narkotrafikoko sareek trama politikoekin elkartzen diren mundu ilunean barneratuko dira.
Zinemira Saria: Txema Areizaga, in memoriam
Zinemira Saria, Euskal Zinemaren Galan banatzen dena, Donostia Zinemaldiak eta EPE/APV eta IBAIA ekoizleen elkarteek euskal zinemaren nortasun, programa edo erakunde nabarmen baten ibilbideari ematen dioten ohorezko golardoa da. Orain arte Imanol Uribe (2009), Álex Angulo (2010), Elías Querejeta (2011), Michel Gaztanbide (2012), Juanba Berasategi (2013), Pedro Olea (2014), Karmele Soler (2015), Ramón Barea (2016), Julia Juaniz (2017), Ramón Agirre (2018), Jose María Txepe Lara (2019), Sara Bilbatua (2020) eta Kimuak programaren ibilbidea aitortu du sariak. Aurten, Zinemaldiak eta ekoizleen elkarteek teknikarien kolektiboari omenaldia egitea erabaki dute, profesional anonimo horien lanik gabe euskal zinema ezinezkoa izango bailitzateke; iaz hildako Txema Areizaga elektrikarien buruak pertsonalizatuko du kolektibo hori.
Areizagak, Argilun Iluminación enpresa gipuzkoarraren gerenteak, Ke arteko egunak (Antxon Eceiza, 1990) filmarekin hasi zuen bere ibilbide profesionala zineman, Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen euskarazko lehen filmarekin, hain justu. 1991n Argilun enpresa sortu zuen, eta konpainiak ehun filmetan hartu du parte, hala nola hauetan: Vacas, La ardilla roja, Lasa y Zabala, Negociador, Loreak, Ocho apellidos vascos, Amama, Oreina, El hijo del acordeonista, 70 binladens, Nora eta La trinchera infinita. Areizagaren azken lana Irati izan zen.
Erabat edo hein batean euskarazkoak diren filmak |
Euskarara bikoiztutako haur-filmak |
Zinema Euskaraz programaren barruan Zineuskadik egindako lankidetzari esker, haurrentzat pentsatutako eta euskarara bikoiztutako bost filmen hautaketa bat eskainiko du Haurrentzako Zinema Sailak.
Gainera, Donostia International Physics Center (DIPC) eta Euskadiko Filmategia erakundeekin elkarlanean, Zinemaldiak Eric Tostiren Terra Willy: Planeta ezezaguna / Terra Willy: La planète inconnue filma emango du goizero Belodromoan, euskarara bikoiztuta, Gipuzkoako ikastetxeentzat.
Euskarazko azpitituluak dituzten beste sailetako filmak |
Culinary Zinema sailean euskarazko azpitituluak izango dituzten bi film egongo dira. Culinary Zinemaren programa datorren azteazkenean, abuztuaren 31n, iragarriko dugu.
ZINEMIRA KIMUAK |
(Profesionalentzat bakarrik)
Zinemira sailean Kimuak 2022 programaren film laburren hautaketa bilduko da. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta Zineuskadiren ekimenaren xedea urteko euskal film labur nabarmenenak zabaltzea da. Kimuak hautaketak zortzi film labur bilduko ditu aurten: