Zinemaldia 70: historia posible guztiak ikerketa-proiektuko hirugarren programa publikoak Zinemaldiaren historiako lehen hiru hamarkadetan emakumeak irudikatzeko eta ezkutatzeko erabilitako mekanismoak aztertuko ditu. Kontatzeko beste modu bat: emakumeen presentziak, absentziak eta irudikapenak Donostia Zinemaldian (1953-1978) izenburupean, abenduaren 4an (larunbata) izango da hitzordua, Tabakalerako zinema-aretoan, eta zenbait hitzaldi eta Kilenc Hónap / Bederatzi hilabete (Márta Mészáros, 1976) filmaren proiekzioa eskainiko dira.
Zinemaldiak eta Elías Querejeta Zine Eskolak antolatu dute jardunaldia, Estatuko Loteriak eta Apustuak erakundearen babesletzarekin. Zinemaldia 70 proiektuak Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren, Euskadiko Filmategiaren eta Kutxa Fundazioaren lankidetza dauka, eta helburu du Zinemaldiaren artxibo bizi bat sortzea. Lehen fasea 2022an, 70. edizioan, amaituko da.
|
1963: Sonika Bo, haur-zinemaren programatzailea eta Parisko Cendrillon zineklubaren sortzailea. |
|
1965: Yuliya Solntseva, Sail Ofizialean programatutako lehen emakumezko zuzendaria. |
|
Zinemaldiak Trantsizioaren lehen urteetan izan zuen bilakaera aztertu eta zentsurarekin izan zuen harreman konplexuari heldu ondoren, Zinemaldia 70 proiektuaren hirugarren programa publikoak EQZEko ikertzaileek eta ikasleek 2020-2021 ikasturtean egindako lanaren emaitza herritarrei erakusteko balioko du. Lan horiek Donostia Zinemaldiaren historia bisuala jorratu zuten, zinema-jaialdiaren beraren artxiboan eta Kutxateka bilduman gordetako argazkietatik abiatuta. Material horiek aztertuz, Zinemaldiaren historiako lehen hiru hamarkadetan emakumeak irudikatzeko eta ezkutatzeko erabilitako mekanismoak ikertu dituzte.
Tradizionalki, urte horietan zehar, emakumeek Zinemaldian izan zuten presentzia oso irudi eta diskurtso gutxi batzuen gainean eraiki da, alfonbra gorrian izandako izarren presentzian zentratuta ia esklusiboki. Horregatik, Zinemaldia 70 proiektuak iruditeria hori zabaldu eta begirada kritiko berrietara ireki nahi izan du, komunikabideen liluratik eta izarren kosifikaziotik haratago joateko eta Zinemaldian parte hartu zuten beste emakume batzuen (foku mediatikotik urrun zeudenak, esaterako, Sail Ofizialen lehiatu ziren lehen emakumezko zuzendariak) aztarna artxibotik berreskuratzeko.
|
1968: Pilar Olascoaga, Zinemaldiko idazkari nagusia. |
|
1959: Eve Marie Saint aktorea festa batean. |
|
Saioa 16:00etan hasiko da, Pablo La Parra Pérez EQZEko Ikerketa Saileko koordinatzaile, Zinemaldiko Pentsamendua eta Eztabaida Saileko arduradun eta Zinemaldia 70 proiektuaren ikertzaile nagusiaren sarrerarekin. Ondoren, Ekhiñe Etxeberria eta Laida Mendia EQZEko ikasleek Emakumezko zuzendariak Donostian: azterketa-kasuak (1953-1975) hitzaldia emango dute, eta Yuliya Solntseva, Judit Elek, Yannick Bellon eta Margarethe Von Trotta zinemagileak gogoratuko dituzte, besteak beste. Bestalde, Aintzane Rincónek (UPV/EHU) ‘Espainiak munduari eskaintzen dion irribarrea’: Zinemaldia baikortasun desarrollistaren metafora gisa (1953-1969) hitzaldia egingo du, eta Endika Reyk, berriz (Bartzelonako Unibertsitatea), ‘Espainiako zinema berria’ Donostian: emakumezkoen ordezkaritza-ereduak izenekoa.
Programari amaiera emateko, ziurrenik Zinemaldiaren historiako ekitaldi feministarik garrantzitsuena gogoratuko da: Donostiako Emakumeen Asanbladak 1978ko Zinemaldian antolatutako eta emakumeek egindako zinema-zikloa. Ekimen aitzindari horren omenez, jardunaldiari amaiera emateko, Márta Mészáros Hungariako zinemagilearen Kilenc Hónap / Bederatzi hilabete (1976) filma proiektatuko da, gertaera horren barruan erakutsi zena.
|
1963: Pepa Flores 'Marisol' aktorea, komunikabideen aurrean. |
|
1965: Rocío Dúrcal aktorea argazki-saio batean. |
|
Abenduak 4. zinema-aretoa (Tabakalera)
"Sarrera: Donostia Zinemaldiko argazki artxiboaren deribak"
Pablo La Parra Pérez (Elías Querejeta Zine Eskola/Donostiako Zinemaldia)
|
|
"Emakume zinemagileak Donostian: ikerketa kasuak (1953-1975)"
Ekhiñe Etxeberria eta Laida Mendia (Elías Querejeta Zine Eskola)
Euskeraz, aldibereko itzulpenarekin.
|
|
"'Espainiak munduari eskaintzen dion irribarrea': Zinemaldia baikortasun desarrollistaren metafora gisa (1953-1969)"
Aintzane Rincón (Euskal Herriko Unibertsitatea)
Euskeraz, aldibereko itzulpenarekin.
|
|
"'Espainiako zinema berria' Donostian: emakumezkoen irudikapen ereduak"
(Endika Rey, Bartzelonako Unibertsitatea)
|
|
Emanaldia: Kilenc Hónap / Nueve meses (Márta Mészáros, Hungaria, 1976, 88')
Irati Crespok aurkeztuta (Donostia Zinemaldia)
|
|
2020-2021 ikasturtean, Ekhiñe Etxeberria Garjónek, Laida Mendia Vicentek, Amaranta Díazek, Pablo Lillok eta Oderay Ponce de Leónek osatu dute ikerketa-taldea, Pablo La Parra Pérezen zuzendaritzapean.