Alina Grigorek zuzenduriko Crai nou / Blue Moon produkzioak eskuratu du 69. Donostia Zinemaldiaren Urrezko Maskorra. Epaimahai Ofizialak, bestalde, Tea Lindeburgi eman dio Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra Du som er i himlen / As in Heaven filmagatik. Obra horretako aktoreak, Flora Ofelia Hofmann Lindahl, eta Jessica Chastainek (The Eyes of Tammy Faye, Los ojos de Tammy Faye) ex aequo lortu dute Interpretazio nagusi onenaren Zilarrezko Maskorra, eta Taldeko interpretazio onenaren Zilarrezko Maskorra, berriz, Quién lo impide / Who’s Stopping Us film luzeko antzezle-taldeak irabazi du. Terence Daviesek Gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria lortu du Benediction lanagatik, eta Claire Mathonek, ostera, argazki onenarena, Enquête sur un scandale d’état / Undercover pelikulan egindako lanagatik. Horretaz gainera, Epaimahaiak sari berezia eman dio Lucile Hadzihalilovicen Earwig obrari.
Hirugarren urtez jarraian, lehenbiziko film batek eskuratu du Urrezko Maskorra: 2019an, Paxton Winters egilearen Pacificado / Pacified lanak irabazi zuen, eta 2020an, berriz, Dea Kulumbegashvili zinemagilearen Dasatskisi / Beginning obrak. Hain zuzen ere, azken zuzendari hori izan da aurtengo edizioko epaimahaiburu ofizial, eta erabaki dute Zinemaldiaren sari gorena Crai nou / Blue Moon filmari ematea: Alina Grigore zuzendari errumaniarraren opera primari, alegia. Errumaniako produkzio batek lehenbizikoz irabazi du Donostia Zinemaldiaren Urrezko Maskorra.
Orobat, beste hasiberri batek eskuratu du Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra: Tea Lindeburg daniarrak, Du som er i himlen / As in Heaven, filmarekin. Kasu honetan ere, lehenbiziko aldia da errealizadore daniar batek sari hori eskuratzen duena.
Interpretazio nagusi onenaren Zilarrezko Maskorra ex aequo irabazi dute Jessica Chastain estatubatuarrak, The Eyes of Tammy Faye (Los ojos de Tammy Faye) filmean eginiko lanagatik, eta Flora Ofelia Hofmann Lindahl daniar gazteak, Du som er i himlen / As in Heaven laneko antzezpenagatik. Bestalde, Taldeko interpretazio onenaren Zilarrezko Maskorra Quién lo impide / Who’s Stopping Us filmeko antzezle-taldeak eskuratu du (Candela Recio, Pablo Hoyos, Silvio Aguilar, Pablo Gavira, Claudia Navarro, Marta Casado, Rony-Michelle Pinzaru eta Javier Sánchez, beste askoren artean). Jonás Truebak zuzendua da film hori.
Terence Daviesek lehenbiziko sari ofiziala lortu du Zinemaldian, hirugarrenez parte hartu ondoren. Daviesi atzera begirako bat eskaini zion Zinemaldiak 2008an, eta aurretik The Deep Blue Sea (2011) eta Sunset Song (2015) aurkeztu zituen Sail Ofizialean. Benediction lanarekin gidoilari-lana aintzatetsi diote: Siegfried Sassoon da film horretako protagonista, I. Mundu Gerratik bizirik irten zen soldadu eta poeta antibelizista.
Claire Mathonek Argazki onenaren Epaimahaiaren Saria eskuratu du, Thierry de Peretti zinemagilearen Enquête sur un scandale d’état / Undercover filmean eginiko lanagatik. Mathonek 69. Zinemaldi honetan aurkezturiko lan gehiagoren argazki-zuzendari gisa ere jardun du, hala nola Céline Sciamma zuzendariaren Petite Maman (Perlak), edo Spencer, aurtengo edizioko film sorpresa, Pablo Larraínek zuzendua.
Lucile Hadzihalilovicek parte-hartzeak bezainbeste sari ditu Donostia Zinemaldian. New Directors Saria eskuratu zuen Innocence (2004) lehen film luzearekin, eta bigarren lanak, Evolution (2015), Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuen Sail Ofizialean. Eta aintzatespen hori bera lortu du Earwig hirugarren filmarekin, “subkontzientea atzemateko duen gaitasunagatik eta anbizioagatik”. Lehenbiziko aldia da zinemagile beraren bi filmek Epaimahaiaren Sari Berezia irabazten dutena.
BESTE SARI OFIZIAL BATZUK
Nich’ya / Unwanted (Errusia) Lena Lanskih zinemagilearen lanak Kutxabank-New Directors saria eskuratu du, eta sail horretan bertan Silvina Schnicer eta Ulises Porra egileek aipamen berezia irabazi dute Carajita filmarekin. Tatiana Huezok Horizontes saria lortu du Noche de fuego / Prayers for the Stolen (Mexiko-Alemania, Brasil, Qatar), eta aurretik ere irabazia zuen aipamen berezia Canneseko zinema-jaialdiko Un Certain Regard sailean. Zabaltegi-Tabakalera saria Vortex (Frantzia) lanak irabazi du; Gaspar Noéren film luze hori Cannes Première sailetik igaro zen. Helena Girón eta Samuel M. Delgadok aipamen berezia eskuratu dute Eles transportan a morte / They Carry Death (Ellos transportan la muerte) filmarekin; lan hori Ikusmira Berriak egoitza-programan hautatu zuten, eta Veneziako Kritikaren Astean estreinatu.
Nest sariari dagokionez, U šumi / In the Woods (Kroazia) film laburrak lortu du, zeina Sara Sara Grgurić Zagrebeko Arte Dramatikoko Akademiako ikasleak zuzendua baita, eta sail horretako aipamen berezia, berriz, Podul de Piatrâ / Pont de Pedra (Puente de piedra, Espainia) filmak. Azken hori Elías Querejeta Zine Eskolako Artur-Pol Camprubík zuzendua da.
Horretaz gainera, Euskal Zinemaren Irizar saria Maixabel (Espainia) filmak irabazi du. Icíar Bollaínen film hori Sail Ofizialean zegoen bilduta. Eta aipamen berezia, berriz, Maider Oleagaren Kuartk Valley filmak, zeina Zinemiran estreinatu baitute.
Bestalde, Donostia Hiria Publikoaren Saria Petite Maman (Frantzia) filmak eskuratu du. Berlinalean estreinatu zuten Céline Sciammak zuzenduriko lana. Europako Film onenaren Publikoaren Saria, aldiz, Ouistreham /Between Two Worlds (En un muelle de Normandía) filmarentzat izan da; lan horrekin, Emmanuel Carrèrek Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldia ireki zuen. Azkenik, Fran Kranzek eskuratu du TCM Gazteriaren saria Mass (AEB) estreinako lanagatik, zeina New Directors sailean aurkeztu baita.
«JAIALDI HONETAN EZER KONSTANTERIK BADA, PUBLIKOAREN PARTAIDETZA ETA LEIALTASUNA NABARMENDU BEHAR DIRA»
Klausurako ekitaldian aurkezle lanak egin dituzten Edurne Ormazabal kazetariak eta Alberto San Juan aktoreak 69. edizio honetako publikoaren babesa eskertu dute: «Beste urte batez, Donostia Zinemaldiak aurrera begira jarraitzen du, eta bere historia idazten segitzen du. Baldintzarik eroso eta onenetan ez izan arren, bagoaz aurrera, arestiko jairik eta gertutasun fisikorik gabe oraindik, baina gertutasun hori zinemaren besarkadaren bitartez gauzatuz. Jaialdi honetan ezer konstanterik bada, publikoaren partaidetza eta leialtasuna nabarmendu behar dira. Mila esker zuen ereduagatik. Eskerrik asko».
Galaren ostean, Daniel Monzónen film berria estreinatu dute: Las leyes de la frontera.