Made in Spain Donostia Zinemaldiko sail ez-lehiakorrak, urteko zenbait film espainiar biltzen dituenak, Cannesko, Rotterdameko, Málagako eta Gijóngo jaialdietatik (besteak beste) igarotako zortzi filmez osatutako hautaketa bat hartuko du.
Agustí Villaronga hiru aldiz lehiatu da Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean: Aro Tolbukhin: en la mente del asesino / Aro Tolbukhin: In The Mind of a Killer (2002), Pa negre / Black Bread (Zilarrezko Maskorra Nora Navasen interpretaziorako, 2010) eta El rey de la Habana / The King Of Havana (Zilarrezko Maskorra Yordanka Ariosa aktorearentzat, 2015). Villarongaren azken filma, El ventre del mar / The Belly of the SEa, Europako Zinema Akademiako sarietarako aurretiko hautaketan sartu berri dute eta film onenaren Urrezko Biznaga ez ezik, zuzendari, gidoi, gizonezko interpretazio, musika eta argazki onenen Zilarrezko Biznagak ere irabazi ditu Málagan.
Ainhoa Rodríguezen lehen film luzea, Destello Bravío, Rotterdamgo zinema-jaialdiko Sail Ofizialean estreinatu zen, eta Epaimahaiaren Sari Berezia Zilarrezko Biznaga eta muntaketa onenaren Zilarrezko Biznaga eskuratu zituen Málagan. Landa-herri txiki batean errutinaren aurka matxinatzen diren emakume talde bati buruzkoa da filma.
Ama Júlia de Pazen bigarren pelikula da, bakarka zuzendu duen lehena, eta Donostia Zinemaldian bigarrenez izango da, jada etorri baitzen La filla d'algu (Made in Spain 2019) film kolektiboarekin. Ama Málagako Sail Ofizialean lehiatu zen eta Tamara Casellasek, filmaren protagonistak, Zilarrezko Biznaga saria jaso zuen bertan.
Halaber, Ezekiel Montesen lehen lana ‒Hombre muerto no sabe vivir‒ ere Málagako Sail Ofizialetik dator. Antonio Dechent da thriller honen protagonista; bizitza osoan lan egin dueneko eraikuntza-enpresan jazotzen ari den belaunaldi-aldaketaren lekuko izango den gizon bati buruzkoa da filma, eta indarkeria- eta kriminalitate-testuinguru batean gertatzen da.
Málagako zinema-jaialdiko Sail Ofizial Dokumentalean Sedimentos / Sediments hautatu zuten, Adrián Silvestrek zuzendutako bigarren filma, Tesalonikako jaialdian Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuena. Sedimentosen sei emakume transi jarraituko diegu, Leóngo herri txiki batera bidaiatzen duten bitartean.
Halaber, Cannesko jaialdiaren aurreko edizioan Cannes Classics sailean programatutako ez-fikziozko filma ‒Luis Buñueli buruzkoa‒ emango da sailean. Buñuel, un cineasta surrealista / Buñuel, a Surrealist Filmmaker filmean, zuzendari aragoiarra artearen munduarekin lotu du Javier Espadak, zinemagilearen haurtzaro eta gaztaroak bere filmetan izan zuen eragina nabarmenduta eta artistak munduari buruz zuen ikuspegia, zalantzak eta obsesioak biltzen zituzten filmak zuzentzen zituela islatuta. Emanaldia Buñueli ohorezko Urrezko Maskorra eman zioteneko 44. urteurrenean egingo da.
Un blues per a Teheran / Tehran Blue Javier Tolentino kazetari, idazle eta zinema-kritikariaren lehen lana da. Gijóngo nazioarteko zinema-jaialdiari amaiera eman zion filmak Iranen deskribapena egiten digu, herrialde hartako tradizioaren eta modernitatearen arteko dialektika irudikatuta, zinema-zuzendari izan nahi duen poeta kurdu gazte baten bitartez.
Film dokumental onenaren eta muntaketa onenaren Goya sariak irabazi zituen film bat ere jasoko du sailak, Luis López Carrascoren El año del descubrimiento / The year of the Discovery, Rotterdamen estreinatu eta beste zinema-jaialdi batzuetatik igaro ostean. López Carrascok Cartagenako taberna batean kokatu du bere kamera, 1992an Espainian bizi zen euforiaren kontakizun alternatibo bat egiteko.
Made in Spain sailak SGAE Fundazioa du laguntzaile. Gainera, SGAE Fundazioak Dunia Ayaso saria ematen du Zinemaldian duela bi urtez geroztik hona. Sari hori duela zazpi urte hil zen gidoilari eta zuzendari kanariarrari egindako omenaldi gisa sortu zen, eta historian rol protagonista izan duten emakumezko pertsonaiak erakusten dituzten edo emakumeak gizartean bizi duen egoera islatzen duten lan zinematografikoak aintzatesten dira horren bidez. Horrez gain, 2019tik aurrera, Euskal Gidoilarien Elkarte Profesionalak bultzatutako Gidoi Onenaren Saria ere finantzatzen du SGAEk.
|
Ama amatasun mitifikatuaren eraginpean bakardadean bizi diren emakume askoren istorioa da. Pepa eta bere alaba Leila etxetik bota dituzte, eta bidean lagunduko dien inor eta ezer gabe bizitzeko leku bat aurkitu beharko dute derrigorrean.
Luis Buñuel zinema surrealistarik garbienaren aitzindaria izan zen Un perro andaluz bere lehen filmetik, eta postulatu surrealistei etengabeko erreferentziak egin zizkion ibilbide zinematografiko osoan zehar, nola Mexikon, hala Frantzian eta Espainian. Buñuelek beti landu zituen haurtzarotik sortutako printzipio horiek, amets gisa, bere sormenaren oinarri nagusien parte izan direnak eta bere zinemaren berezitasunaren zati handi bat osatu dutenak. Buñuelen zinema, Goyaren margolanak bezala, zinemagileen sormenaren bidean dago, baita idazle, margolari eta antzerkigileenean ere. Dokumental honek zinemagile unibertsal hori ezagutzeko aukera emango dio ikus-entzule gazteen belaunaldi berri bati. Buñuelen ikuspegiak probokatzailea izaten jarraitzen du eta artearekin eta literaturarekin dituen loturengatik goraipatu izan da.
"Argialdi bortitza iritsiko da, zakarra, eta dena aldatuko da". Isak bere buruari hitz egin eta grabagailuan mezuak uzten ditu, oroimena galtzen duenerako. Cita ezkonduta dago baina harrapatuta sentitzen da santuz eta birjinaz betetako etxe batean. María jaioterrira itzuliko da bere bakardadeari aurre egiteko. Emakume talde bat landa-eremuko herri txiki batean bizi da, despopulazioak astindutako toki batean, denboratik at, eta eguneroko bizitzak eragindako apatian murgilduta, sekula ez zaiela ezer apartekorik gertatzen, baina, aldi berean, esperientzia askatzaileak irrikatzen dituzte sakonki, zoriontsu izan zireneko edo amets hori izan zuteneko tokia noiz aurkituko berriz. Denak matxinatuko dira, bakoitza bere modura, errutinaren kontra.
Auzokideak, gazteak eta langabeak hizketan ari dira taberna baten barruan, zigarro, gosari eta aperitiboen artean. Ohiz kanpoko ametsak gogoratzen, lanarekin loturiko kezkak partekatzen edo etorkizunerako planak pentsatzen dituzte. Taberna Cartagenan dago, Espainiako hego-ekialdean. Egunak aurrera egin ahala, gero eta gertuago entzuten dira 1992ko industria-krisiaren istiluak. Urte horretan, Bartzelonako Joko Olinpikoak eta Sevillako Erakusketa Unibertsala ospatu ziren Espainian, Amerika aurkitu zeneko V. mendeurrenarekin lotuta. Espainia herrialde garatu, moderno eta dinamiko gisa aurkezten zen nazioarteko komunitatean. Bien bitartean, Cartagenan, krisiaren kontrako protestak gero eta bortitzagoak dira, eta azkenik, errebolta jendetsu baten bidez eskualdeko parlamentua erre egingo dute.
Gizakiaren zauria gogorarazten duen gatazka. 1816ko ekaina. Frantziako Itsas Armadako Alliance fragata Senegalgo kostaldearen aurrean hondoratu da. Ebakuaziorako eskuragarri dauden batelak tripulazio osoa hartzeko nahikoak ez direnez, ontzi kaskar bat eraiki, 147 gizon horra igotzera behartuko eta baltsa abandonatu egingo dute. Goseak eta itsasoaren zakarkeriaren eraginpean, eromena eta borroka basatia sortuko dira noraezean dabilen baltsa hartako eskifaian. Hainbat egun iraun zuen izugarrikeria hark. 147 gizon horietatik bederatzi bakarrik atera ziren bizirik, besteak beste, Savigny, ofizial mediku zorrotza, eta Thomas, marinel xehe errebeldea. Aurrez aurre, bizirik irauteko jarrera desberdinak erakutsiko dituzte bi gizonek. Eszenatoki horretan krudelkeriarik handiena eta errukirik gozoena erakutsi zituzten.
Istorioa Tanori buruzkoa da; garai hobeetan hiri osoa kontrolatu zuen eraikuntza-enpresaburu Manuelentzat egin du lan Tanok bizitza osoan. Orain, zaharra dela, Tanok ikusiko du Manuel jada ez dela gai enpresa zuzentzeko, eta egitura osoak belaunaldi-aldaketa bati, jende berriari, negozio berriei eta enpresa zuzentzeko modu berri bati aurre egin behar dio, baina betiko indarkeria berari.
Lurra bezala, gure barnealdea hainbat geruza eta estratuz osatuta dago, gure nortasuna eratu eta gure bizitzaren historia kontatzen dutenak. Zein zirkunstantziaren araberakoa da prozesu hori eta bihurtzen gaituzte gaur egun garenak? Sei emakume trans Leóngo herri txiki batera joango dira, ezohiko paisaiak arakatzera, baita beren nortasunaren nondik norakoak ere. Talde gisa batzen dituen horri buruzko erantzunen bila, elkarren arteko desberdintasunak kudeatzen ikasiko dute. Enpatiari, indibidualtasunari eta zerbaiten parte izan beharrari buruzko istorio samurra eta dibertigarria. Orainaldiaren erradiografia, iraganera begira dagoena eta etorkizunera proiektatzen dena, bakarrak eta errepikaezinak izateko aukera paregabea ospatuz.
Aurpegi ezberdinek Iran erakutsiko digute, tradizioa eta modernitatea elkarrekin bizi diren eta aurrez aurre jartzen diren toki bat. Erfan kurduak herrialde misteriotsu eta kulturadun bat ezagutzera gonbidatzen gaitu hango musikaren eta jendearen bidez. Gaztea, dibertigarria eta ironikoa, zinema-zuzendari bihurtu nahi du Erfanek. Abestu eta poesia idazten du, gurasoekin eta loro batekin bizi da, baina ez daki ezer maitasunari buruz...