"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Johnny Depp aktore eta ekoizleari Donostia Saria emango zaiola jakinarazi ostean, emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean etika-falta egotzi diote Donostia Zinemaldiari. Lehenik eta behin, Zinemaldiaren zuzendari eta arduradun nagusi gisa, desberdintasunaren, botere-abusuaren eta indarkeria matxistaren aurkako gure konpromisoa gogorarazi nahi dut. Zineman Parekidetasunaren eta Emakumeen Inklusioaren aldeko Gutunean hartutako konpromisoak betetzeaz gain, Zinemaldiak kontzientziaz sustatu du emakume profesionalen presentzia bere sailen burutzetan. Iraileko programazioaren bidez, eta urte osoan zehar, gure gizartea zalantzan jartzeko jomugan parte hartzen dugu, ikuspegi kritiko eta feminista batean funtsatuta betiere. Halaber, saiatu gara emakumeentzako giro seguruak sortzen Zinemaldia egiten deneko lantoki eta egoitza guztietan, eta, jokabide desegokien aurrean (eta gertatu izan dira halakoak), irmotasunez eta berehala jokatu izan dugu.
Baina Zinemaldiaren konpromiso etikoak ezin dira inola ere egon mugatuta emakumeek gizarte patriarkal batean dituzten arazoetara, bizi dugun egoera izugarria bada ere, urtero ehunka emakume hiltzen baitira hilketa matxisten eraginez.
Sare sozialetako lintxamenduak ohikoak diren garaiotan, gure kulturaren eta ordenamendu juridikoaren parte diren oinarrizko bi printzipioren alde egingo dugu beti: errugabetasun-presuntzioa eta birgizarteratzeko eskubidea. Eskuragarri ditugun eta frogatuta dauden datuen arabera, Johnny Depp ez dute atxilotu, akusatu edo zigortu ezein emakumeren aurkako eraso edo indarkeriagatik. Berriz nahi dugu nabarmendu: Depp ez da ezein auzialdiren bidez edo ezein jurisdikzio dela medio akusatu, eta ez zaio ezarri emakumeen aurkako indarkeriagatiko kondenarik.
Indarkeriazko edo jazarpeneko jokabideak arbuiatzea eta errugabetasun-presuntzioari eustea gure printzipio etikoen parte dira, eta hala izaten jarraituko dute.