Iaz pandemiagatik egin ez zen Klasikoak saila sei filmekin itzuliko da aurten −2019an baino hiru film gehiago−, Luis García Berlanga eta Juan Antonio Bardemek, Fernando Fernán-Gómez eta Luis María Delgadok, Francis Ford Coppola eta Bertrand Tavernierrek zuzendutako filmekin, hain zuzen. Espainiako Filmategiak Espainiako hiru klasikoak −García Berlangaren eta Fernán-Gómezen mendeurrenak ospatzeko programatuak− digitalizatu eta zaharberritu ditu.
Luis García Berlanga jaio zeneko mendeurrena den urte honetan, Klasikoak sailak Esa pareja feliz (1951) berreskuratuko du, Berlangak errealizadore gisa egindako debuta, Juan Antonio Bardemekin batera idatzi eta zuzendutakoa. Fernando Fernán-Gomez eta Elvira Quintillá antzezleek Madrilgo bi senar-emazte umilen rolak film horretan; xaboi-marka batek babestutako lehiaketa baten irabazle suertatzen direnean, ongizate-ametsak egiazko bihurtzen zaizkie, edo hala dirudi, behintzat.
Aurretiko emanaldi gisa, Berlangaren saioak La muerte y el leñador (1962) film laburra eskainiko du, La Fontaineren fabuletan oinarritutako Las cuatro verdades film kolektiboaren hirugarren zatia. Valentziako errealizadoreak, bere filmografiako istoriorik esperpentikoenetakotzat hartzen zuen pasarte hori; Rafael Azcona adiskide kutun-kutunarekin batera idatzi zuen istorio hori, dokumentazioa indarrean ez duelako biradera konfiskatzen dioten organo-jole bati buruzkoa.
Klasikoak sailak lehenengo beste obra bat erakutsiko du, Manicomio (1953), Poe, Kuprin, Andreiev eta Gómez de la Sernaren lau istorioren moldaera, Fernando Fernán-Gómezek Luis Miguel Delgadorekin batera zuzendua; 2021an Fernán-Gómez jaio zeneko mendeurrena izango da; psikiatriko batean girotutako satira horren protagonista Fernán-Gómez bera da, eta Elvira Quintillá, Susana Canales, Julio Peña eta Maria Asquerino aktoreak ere aktore-zerrendan daude.
Halaber, Francis Ford Coppolaren ibilbidearen hasierako bi film ‒gogoan direnak‒ luze eskainiko dira American Zoetrope estudioek zaharberritutako bertsioetan. Batetik, The Rain People (1969) erakutsiko da Klasikoak sailean, italiar-amerikar errealizadoreak Donostia Zinemaldian Urrezko Maskorra irabazarazi eta Estatu Batuetan hain tipikoa den road movie generoari bide berriak ireki zizkion filma, hain zuzen. Shirley Knight, James Caan eta Robert Duvall antzezleek egin zuten lan filmean, zuzendariak bakarka idatzi eta zuzendutako lehenengoan.
Coppolaren ‒2002an 50. urteurreneko Donostia Saria irabazi zuen zinemagilearen‒ beste filma The Outsiders: The Complete Novel da, The Outsiders (1983) filmaren ‒Susan E. Hintonek idatzitako gazteentzako eleberri ikonikoan oinarritutakoaren‒ moldaketa. 2005ean, zuzendariak 22 minutuko metrajea txertatu zion filmari, eta, hala, liburuari leialagoak zaizkion hasiera eta amaiera berriak eman zizkion filmari, bere garaian C. Thomas Howell, Matt Dillon, Ralph Macchio, Patrick Swayze, Rob Lowe, Diane Lane, Emilio Estevez eta Tom Cruise aktoreek antzeztutako pertsonaiak aberasteaz gain. Gainera, 60ko hamarkadan Oklahomako bi nerabe talderen artean jazotzen den klase-borroka bat kontatzen zigun filmaren muntaketa berriak rock and rolleko soinu-banda berri zirraragarri bat du, Elvis Presleyren eta beste musikari paregabe batzuenrock and rolleko sei abestirekin.
Donostia Zinemaldiak Klasikoak saila baliatuko du gehien maite dituen zinemagile bati, Bertrand Tavernierri, omenaldia egiteko, eta Ça commence aujourd'hui (1999) proiektatuko da, hezkuntzaren munduari egindako begirada hunkigarria, Perlak sailean parte hartu eta Donostian Publikoaren Saria lortu zuena. Thierry Fremaux-ek ‒Cannesko zinema-jaialdiko eta Lyongo Lumière jaialdiko zuzendari eta Tavernierren borondate-beterazleak‒ aurkeztuko du saioa. Zuzendariak, aurtengo martxoan hil zenak, hiru aldiz hartu zuen parte Zinemaldiko Sail Ofizialean, film hauekin: Coup de Torchon (1982); Capitaine Conan (1966), Epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso zuena, eta Quai d’Orsay (2013), gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria eta FIPRESCI Saria lortu zituena. 1999an atzerabegirako propio bat eskaini zion Zinemaldiak, eta horrez gain, Epaimahai Ofizialeko buru gisa ere parte hartu zuen Zinemaldian urte horretan; halaber, maisu frantziarrak Perlak sailean parte hartu zuen Laissez-Passer (2002) eta Holy Lola (2005) filmekin. Voyage à Travers le cinéma français / A Journey Through French Cinema (2016) filmarekin ‒Zabaltegi-Tabakalera saila inauguratu zuen lanarekin‒ parte hartu zuen azkenekoz Zinemaldian.
‘LOREAK INFERNUAN’
Bestalde, Loreak infernuan. Koreako zinemaren urrezko aroa atzerabegirakoak hiru film bilduko ditu, azkenean arazo teknikoak direla-eta programatuko ez diren beste hainbeste ordezkatuz. Ma-ui gyedan / The Devil’s Stairway (1964), Gwiro / Homebound (1967) eta Hyu-il / A Day Off (1968) filmen ordez (hirurak Lee Man-Heek zuzenduak), zikloak oinarri sozialeko hiru drama emango ditu: Lomaenseuppappa / Romantic Papa (Shin Sang-ok, 1960); Mabu / A Coachman (Kang Dae-jin, 1961); eta Yeopansa / A Woman Judge (Hong Eun-won, 1962), Koreako zinemaren historian emakume batek zuzendutako lehenengo filmetako bat, hain zuzen.
Loreak infernuan atzerabegirakoak askotariko lanak mantenduko ditu bere programan: lehenik, Hanyeo / The Housemaid (1960), garaiko pelikula enblamatikoenetako bat eta Hego Koreako zinemaren historiako maisulantzat hartua; bigarrenik, gerra osteko Hego Koreako bizitzaren kronika gogor eta errealistak, hala nola Ji-okhwa / The Flower in Hell (1958) eta Obaltan / Aimless Bullet (1961); eta, hirugarrenik, melodramaren klasikoak, adibidez, Angae / Mist (1967). Film noirreko lanak ere jasoko dira zikloan, esaterako, Geom-eun meori / Black Hair (1964), bai eta gazteentzako zinema ere, Maenbal-ui cheongchun / The Barefooted Young (1964) filmarekin. Azkenik, Dumangang-a jal itgeora / Farewell Duman River (1962) pelikula ere emango da, Manchuria westerneko lan bat, Mantxurian girotutako eta amerikar westernean inspiratutako abenturei buruzko tokiko genero tipiko hartakoa, hain zuzen.
Donostia Zinemaldiak eta Espainiako Filmategiak 50eko eta 60ko hamarkadetako hamar filmen atzerabegirakoa antolatu dute Euskadiko Filmategiarekin eta Centro Cultural Coreano en España erakundearekin elkarlanean. Ziklo hori, 2020an bertan behera utzi behar izan zena pandemiagatik, Zinemaldiak eta Espainiako Filmategiak argitaratutako liburu monografiko batekin osatuko da.
Daniel Lefebvre Hornaingeko haurtzaindegi bateko zuzendaria da, Valenciennes hiritik gertu, Frantziako iparraldean. Meatzari baten semea, garai batean oparoa izan zen baina gaur egun langabeziak jota dagoen eskualde batean irakastea izugarri gustatzen zaio. Irakasle konprometitu eta oso trebez osatutako talde batek lagunduta, Danielek haurrekin egiten du lan haien jakin-mina, adierazpen pertsonala eta sormena pizteko. Arratsalde batean, ama bat, Henry andrea, berandu iritsiko da Laetitia bere alabaren bila. Musu bat emateko makurtzean, patioan erortzen da, mozkor-mozkor eginda. Lotsatuta, ihes egingo du, Laetitia eta bere anaia, oraindik haurtxo bat, han utzita.
Juan eta Carmen Madrilgo bi senar-emazte apal dira. Carmen etxeko lanez arduratzen da eta Juan argiketari-lanetan aritzen da zinema-estudio batzuetan. Bikotearen ongizate-ametsak egia bihurtzen dira xaboi-marka batek babestutako lehiaketa bat irabazten dutenean. Bikote zoriontsu hautatu dituzte, eta 24 orduz, mota guztietako gonbidapenak eta opariak jasoko dituzte. Baina, egun horretan bertan, Carmenek ezagutzen ez dituen bi arazo larri konpondu behar ditu Juanek.
El Rubio ezizeneko organo-jotzaile bati organoaren biradera konfiskatuko diote, dokumentazio osoa ez baitu indarrean. Hortik aurrera, zorigaitz ugari jazoko zaizkio, eta berriz lanean hastea ahalbidetuko dion ordezko pieza baliokide bat nola edo hala aurkitzeko odisea bat biziko du.
Carlos Juana neskalagunari bisita egitera joan zaio lantokira, osasun metaleko egoitza batera. Han, zuzendariak iloba −harpa jotzearekin obsesionatuta− eta erizain bat −Carlosek esandakoa hitzez hitz errepikatzen duena− aurkeztuko dizkio. Egoitzan ezer ez da dirudiena.
The Outsiders: The Complete Novel bi nerabe talderen arteko klase-borroka batean zentratuta dago, 60ko hamarkadako Oklahoman. 1983an Francis Ford Coppolak S. E. Hintonen eleberrian oinarrituta zuzendutako filmak ikus-entzuleak hunkitu zituen, haurtzaroaren eta helduaroaren artean harrapatuta egotearen eta ezeren parte ez izatearen sentsazio bizia harrapatu baitzuen. Hamarkada batzuk geroago, Coppolak berrikusi egin du filma, eta pertsonaiak aberasten dituen 22 minutuko metraje bat txertatu dio, liburuari leialagoak zaizkion hasiera eta amaiera berriak emanez. Filmaren soinu-banda berria zirraragarria da, Elvis Presleyren eta beste musikari paregabe batzuen rock and rolleko sei abesti biltzen baititu; hala, The Outsiders filmaren bertsio berri hau zinemaren historiako berraurkikuntza handietako bat dugu.
Goiz euritsu batean, Natalie Ravennak, bi hilabeteko haurduntza duen emakume batek, ziurgabe eta harrapatuta sentitzen dela, ohar bat utziko dio senarrari (oraindik lo), autoa hartu eta Long Islanden duten etxetik alde egingo du, zalantzak argitzeko asmoz.