Pablo Agüeroren Akelarre eta Antonio Méndez Esparzaren Courtoom 3H (Sala del Juzgado 3H) Zinemaldiaren 68. edizioko Urrezko Maskorra irabazteko lehiatuko dira, eta Sail Ofizialak Espainiako bi telesail eskainiko ditu: Rodrigo Sorogoyenen Antidisturbios lehiaketaz kanpo programatuko da, eta Aitor Gabilondok sortutako Patria proiekzio berezia izango da.
Pablo Agüerok (Mendoza, 1977) New Directors sailean parte hartu zuen 77 Doronship lanarekin (2009), eta Sail Ofizialean, Eva no duerme lanarekin (2015). Orain, Akelarre filmarekin lehiatzeko itzuliko da, 2017an Europa-Latinoamerika VI. Koprodukzio Foroaren ArteKino International Prize saria irabazi zuen proiektuarekin, hain zuzen. Errealizadore argentinarraren bosgarren filma Espainiaren, Frantziaren eta Argentinaren arteko koprodukzioa da; Amaia Aberasturi eta Alex Brendemühl dira protagonistak, eta Euskal Herrian filmatu da, euskaraz eta gaztelaniaz. Drama historiko bat da, Euskal Herrian, XVII. mendean, sorginkeriarekin zerikusia duen prozesu judizial bat oinarri duena.
Antonio Méndez Esparza (Madril, 1976), gizarte-arazoengatik kezkatuta beti, Urrezko Maskorra lortzeko borrokatuko da bere hirugarren film luzearekin: Courtroom 3H (Sala del Juzgado 3H). Ez-fikziozko istorio bat da, eta adin txikikoekin lotutako gaiak ebazten dituen Floridako auzitegi berezi batean kokatzen da. AEBn bizi den zinemagilea koprodukzio espainiar-estatubatuar honekin itzuliko da Zinemaldira, hemen aurkeztu baitzituen bere aurreko lanak ere: Aquí y allá (2012), Cannesen Kritikaren Asteko Sari Nagusia irabazi zuena eta ondoren Horizontes Latinos sailean proiektatu zena, eta Life and Nothing More (La vida y nada más, Sail Ofiziala, 2017) Spirit Awards sarietan Fipresci eta John Cassavetes sariak irabazi zituena.
Rodrigo Sorogoyenek (Madrid, 1981) hirugarrenez parte hartuko du Sail Ofizialean. Aurreko edizioetan, Que Dios nos perdone (Gidoi Onenaren Epaimahaiaren Saria, 2016) eta El reino (2018) filmekin parte hartu zuen. Oraingoan, zuzendariak Antidisturbios telesaila erakutsiko du lehiaketaz kanpo (Movistar+ plataformakoa da, eta sei kapitulu ditu): istiluen aurkako polizia talde bati giza hilketa leporatu diete, kaleratze-prozesu bat konplikatu ostean. Aktoreen zerrendan Vicky Luengo, Raúl Arévalo, Álex García, Hovik Keuchkerian, Roberto Álamo, Raúl Prieto eta Patrick Criado daude.
Sail Ofizialak Patria telesailaren emanaldi berezia ere izango du. Aitor Gabilondok HBO Europerentzat sortutako zortzi ataleko telesaila da, Fernando Arambururen eleberri arrakastatsuan oinarritua. Euskal Herriko historiaren hiru hamarkada jorratzen ditu indarkeriak banatutako bi familiaren ikuspegitik.
Gainera, Sail Ofiziala lehiaketaz kanpo inauguratuko da, dagoeneko iragarri den izenburu batekin: Rifkin's Festival, Woody Allenen komedia erromantiko berria, Estatu Batuen, Espainiaren eta Italiaren artean ekoiztua.
68. EDIZIOKO ESPAINIAKO BESTE EKOIZPEN BATZUK
New Directors sailak, lehen eta bigarren filmak biltzen dituenak, film laburrean eskarmentu handia duten bi zinemagileren debuta hartuko du. David Perez Sañudo (Bilbo, 1987), mundu osoko jaialdietan ibili ostean eta Zinemira-Kimuak sailean Aprieta pero raramente ahoga (2017) aurkeztu ondoren, bere lehen film luzearekin lehiatuko da: Ane (euskaraz filmatua), ama baten eta desagertutako alabaren arteko mugen eta komunikazioaren ingurukoa. Bestalde, La última primavera koprodukzio espainiar-holandarra, Madrilgo Cañada Real txabola-auzoan girotua eta Isabel Lambertik (Bühl, 1987) zuzendua. Alemanian jaio zen, eta Espainian eta Herbehereetan hazi. Bere film laburrak, Volando voy (2015), Nest Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketako Torino Award saria lortu zuen. Horrez gain, Imanol Rayok (Iruñea, 1984) –Bi anai (2011) izeneko lehen filmari esker, Zinemira Saria irabazi zuen– bere bigarren film luzea aurkeztuko du: Hil kanpaiak / Campanadas a muerto, Miren Gorrotxategiren 33 ezkil eleberrian oinarritutako istorioa.
Zabaltegi-Tabakalera sailak, Zinemaldiko atalik irekienak, Juan Cavestanyren (Madril, 1967) itzulera hartuko du. Gente en sitios filma (Made in Spain, 2013) eta Vergüenza telesaila (Zabaltegi-Tabakalera, 2017) egin ostean, Un efecto óptico filma erabili du Pepón Nieto eta Carmen Machi denbora-kiribil zoragarri batean sartzeko. Gainera, Zabaltegi-Tabakalera sailak hiru film labur programatuko ditu: Correspondencia lanak Carla Simón (Bartzelona, 1986) –Estiu 1993 filmarekin debutatu zuen (Verano 1993, Made in Spain, 2017)– eta Dominga Sotomayor (Santiago, 1985) zinemagileek trukatzen dituzten ikus-entzunezko mezuak erakutsiko ditu. Ya no duermo –Eusko Jaurlaritzaren Kimuak programan hautatua– Marina Palacio gazteak (Donostia, 1996) Elías Querejeta Zine Eskolan (EQZE) graduatu ondoren izango duen estreinaldia izango da. Azkenik, Laida Lertxundik (Bilbo, 1981) EQZEko Sorkuntza Graduko arduradunak Autoficción lan esperimentalarekin parte hartuko du (AEBen, Espainiaren eta Zeelanda Berriaren koprodukzioa).
Perlak sailean, Maite Alberdiren (Santiago, 1983) El agente topo izango da ikusgai, zahar-etxe batean espioi bezala infiltratzen den 83 urteko alargun bati buruzkoa. 2017ko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan EFADs-CAACI saria irabazi ondoren, Txilek, AEBek, Alemaniak, Holandak eta Espainiak elkarlanean ekoitzitako proiektu honek mundu-mailako estreinaldia izan zuen aurreko Sundance zinema-jaialdian, nazioarteko dokumentalen lehiaketa ofizialean.
Azkenik, Warner Espainiak eta Donostia Zinemaldiak El verano que vivimos filmaren ongintzazko emanaldia eskainiko dute, Carlos Sedesek (A Coruña, 1973) zuzentzen duen eta Blanca Suárez, Javier Rey eta Pablo Molinero protagonista dituen drama erromantikoa. Carlos Cuevasek, Guiomar Puertak eta María Pedrazak osatzen dute aktoreen zerrenda.
|
SAIL OFIZIALA - Lehiaketarako |
Euskal Herria, 1609. Eskualdeko gizonak itsasora joan dira. Ana basoko festa batean dago, herrixkako beste neska batzuekin. Rostegui epaileak, erregeak aginduta, eskualdea purifikatu behar du, eta neskak atxilotu eta sorginkeria leporatzen die. Edozer gauza egingo du akelarreari buruz dakiten guztia aitor dezaten. Zeremonia magiko horretan, ustez, deabruak bere zerbitzariak prestatu eta estaltzen ditu. 2017ko Europa-Latinoamerika VI. Koprodukzio Foroaren ArteKino International Prize saria.
Tallahaseeko (Florida) Familiaren Auzitegi Bateratua adingabeak tartean dauden kasuetan espezializatutako epaitegia da. AEBetan gurasoekin eta seme-alabekin lotutako gaiez arduratzen den auzitegi bakarra da. Familiak auzitegi horretan sartzen dira adingabeekin abusua, abandonua edo zabarkeria leporatu badiete. Legearen arabera, epaitegi honen helburua da familiak ahalik eta azkarren eta ahalik eta modurik seguruenean bateratzea. Filma James Baldwinen hitzetan oinarritzen da: "Jakin nahi baduzu nola administratzen den justizia herrialde batean, hurbildu babesgabearengana eta entzun horien testigantza".
SAIL OFIZIALA - Lehiaketatik kanpo |
Rifkin's Festival filmak Donostia Zinemaldira doan bikote ezkondu estatubatuar baten istorioa kontatzen du. Senar-emazteak liluratuta geratuko dira zinema-jaialdiarekin eta Espainiaren edertasun eta xarmarekin, baita zinemaren munduaren fantasiarekin ere. Emazteak affaire bat izango du zinema-zuzendari frantziar nabarmen batekin eta senarra hirian bizi den emakume polit batekin maiteminduko da. Amaiera dibertigarriko komedia erromantiko bat.
Istiluen aurkako sei poliziak kaleratzea egin dute Madrilgo erdigunean; egoera konplikatu, eta gizon bat hil da. Barne Arazoetarako talde bat arduratzen da gertakariak ikertzeaz, eta istiluen aurkako sei poliziei zuhurtziagabekeriazko homizidioa leporatzen diete. Agenteak irtenbide bat bilatzen hasten dira beren kabuz, baina, azkenean, banandu, eta are gehiago konplikatzen da egoera. Laia, Barne Arazoetako agenteetako bat, kasuarekin obsesionatzen da, eta, azkenean, konturatzen da huts egin duen kaleratze horren atzean gauza asko ezkutatzen dela. Sei ataleko telesaila, bakoitza 50 minutukoa.
SAIL OFIZIALA - Emanaldi Bereziak |
ETAk armak utziko dituela iragartzen duen egunean, Bittori hilerrira doa, terroristek hil zuten El Txato senarraren hilobiari esatera bizi izan ziren herrira itzultzea erabaki duela. Bizikide izan ahalko da bere eta familiaren bizitza aldarazi zuen atentatuaren aurretik eta ondoren jazarri ziotenekin? Jakin ahalko du nor den bere senarra garraio-enpresara bidean hil zuen kaputxaduna? Bittoriren presentziak herriko lasaitasun faltsua aldatuko du, eta, batez ere, Mirenena. Miren kartzelan dagoen Joxe Mari terroristaren ama da, eta, garai batean, lagun minak ziren. Zer gertatu zen bi emakume horien artean? Zerk pozoitu du beren seme-alaben eta senarren bizitza, iraganean harreman hain estua bazuten? Urradura disimulatuekin eta uste ezin hautsizkoekin, baita zauriekin eta ausardiarekin ere, El Txatoren hilketak eragindako kraterraren aurreko eta ondorengo istorio goriak ahazteko ezintasunaz eta barkamenaren beharraz hitz egiten digu. Zortzi ataleko telesaila, Fernando Arambururen izen bereko eleberrian oinarritua eta HBO Europerako ekoitzitako lehen telesaila espainolez.
NEW DIRECTORS |
Euskadi, 2009. Lide segurtasun-zaintzailea da; abiadura handiko trenaren obretan egiten du lan, kaleetan protesta sozialak eragiten dituen proiektu batean, hain zuzen. Lan egin eta gaua festan igaro ondoren etxera itzultzen denean, bi lagunentzako gosaria prestatzen du, baina bere alaba nerabea, Ane, ez dago etxean. Hurrengo egunean, Ane oraindik ez da agertu. Lide lasai dago, ziurrenik, aurreko egunean izandako eztabaida gogorraren ondorioz desagertuko zelako. Aneren gauzen artean bilatzen, konturatuko da ez duela benetan bere alaba ezagutzen. Opera prima.
Garizmendi baserrian giza hezur batzuk agertu dira. Etxekoek, Fermin eta Karmen senar-emazteek, Nestor semeari deituko diote eta horrek, berriz, Ertzaintzari. Baina eratzainak iristean, ez da hezurrik egongo. Segidan, hil-kanpaiak joka hasiko dira auzoko baselizan. Adur txarreko seinale horrek, gertaera latzak ekarri ez ezik, familiaren eta ingurukoen garai bateko zauriak irekiko ditu. Zuzendariaren bigarren film luzea.
Gabarre-Mendoza familia bere bilobaren urtebetetzea ospatzen ari da, baina polizia-ikuskapen batek jaia eteten du. Cañada Realen, Madrilgo kanpoaldean dagoen txabola-auzoan, tirabirak sortzen dira agintarien eta bizilagunen artean; izan ere, lurrak saldu dituzte, eta beraiek eraiki dituzten etxeetatik alde egitera behartzen dituzte. Ama, Agustina, oso emakume alaia izatetik beldurrak jota bizitzera igaro da; aita, David, txatar-biltzaile oso langilea, irtenbide bat bilatzen saiatzen da, baina sistemaren burokraziak huts egiten die. Bien bitartean, familiako kide gazteenek –David, semea; María, erraina eta ama nerabea, eta Alejandro gaztea– ahal duten bezala egiten dute aurrera, beraien bizitzak hari-harian daudela. Opera prima.
ZABALTEGI-TABAKALERA |
Genero literario baten izenburua hartuta, fikzioaren eta izatearen zehaztugabetasuna aztertzen du filmak. Film noir generoko elementuak espresiorik gabeko keinuak besterik ez dira Kaliforniako eguzkiaren argi distiratsuaren azpian. Zeelanda Berrian egindako landa-grabazioak entzuten dira, emakumeek euren artean amatasunari, abortuari, hausturei eta antsietateari buruz hitz egiten duten bitartean. Kale batean, eskubide zibilen aldeko desfile bat poliki-poliki mugitzen ari da. Gorpuak nekatuta, zaurituta edo geldirik agertzen dira, eta Irma Thomasen eta Goldbergen abestiek denboraren igarotzea eta zalantzazko etorkizuna ekartzen dute gogora.
Carla Simónen eta Dominga Sotomayorren arteko korrespondentzia bisuala. Beren bizitzako pasarteak partekatzen dituzte eta azaltzen dute zergatik kontatzen dituzten istorioak pantaila handian eta nola lortu duten gaur egun sortzaile izatea. Zinemari, familiari, herentziari eta amatasunari buruzko gogoetak, zinemagileek munduaz duten pertzepzioa une batez aldatzen duten errealitateekin gurutzatzen direnak.
Alfredo eta Teresa, Burgosko senar-emazteak, New Yorkera doaz, "deskonektatzeko" eta gidako plan guztiak egiteko asmoz. Baina, lurreratu bezain laster, seinale sotilen eta ez hain sotilen bitartez, ikusten hasten dira benetan ez daudela agentzian saldu zieten hirian. Orduan, non daude?
Ya no duermo familian egin den film bat da: Miguelek eta bere osaba Kechusek banpiroei buruzko film bat egin nahi dute. Elkarrekin zerbait sortzeko saiakera horretan, errealitatea eta fikzioa nahasten dira, eta, jolas horretan, haurraren eta helduaren artean ezartzen den harremana ikusiko dugu.
PERLAK |
Rómulo detektibe pribatua da. Bezero batek eskatu dio bere ama bizi den zahar-etxea iker dezan. Rómulok, orduan, Sergio 83 urteko gizona entrenatuko du; ez du inoiz detektibe-lanik egin, baina denbora batez zahar-etxean biziko da, isilpeko agente bezala. Egoitzan infiltratu ondoren, sator rola hartzeko eta bere nortasun maitagarria eta amultsua ezkutatzeko zailtasunak ditu, eta, azkenean, espioi baino, bere bizikideen aliatu egiten da. Sundance zinema-jaialdiko nazioarteko dokumentalen lehiaketa ofizialean estreinatu zen. 2017ko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan EFADs-CAACI saria.
BESTE JARDUERAK |
Gutun misteriotsu batzuk kazetari gazte baten eskuetara iristen dira. Beti sinatu gabe. Beti Lucía izeneko neska bati eskainiak. Mezuetan, 1958ko udan Jerez de la Fronterako mahastietan gertatu zen maitasun, adiskidetasun eta traiziozko istorio bat kontatzen da. Betiko maitasuna, 40 urte igaro badira ere, protagonistek ahaztu nahi ez dutena. Zenbait unek bizitza osoan irauten dute.