Willem Dafoe (Appleton, Wisconsin, 1955) aktore estatubatuarra izango da 68. Donostia Zinemaldiko –irailaren 18tik 26ra– karteleko irudia. Donostia Zinemaldiak karteletarako diseinu berri bat abiarazi zuen 2018an, non konposizioan argazkiak eta marrazkiak uztartzen diren, eta zinematografia garaikideko figura bat txertatzen den. Isabelle Huppert aktorea izan zen diseinu berriko lehen irudia, 66. edizioan, eta Penélope Cruz agertu zen iazkoan. Donostiako Patio estudioak egin du kartela, Martin Schoeller argazkilariaren irudi batean oinarrituta.
Dafoe lau aldiz izendatu dute Oscar saria irabazteko, eta hirutan Urrezko Globoa irabazteko. Donostia saria jaso zuen 2005ean, bere ibilbidearen aitortza gisa. Besteak beste, honako zinemagile hauekin lan egin du: Michael Cimino, Martin Scorsese, Oliver Stone, John Waters, Paul Schrader, David Lynch, Alan Parker, Abel Ferrara, Lars Von Trier, Wes Anderson, Sam Raimi, Sean Baker eta Robert Eggers.
Dafoe 1988an etorri zen lehendabiziko aldiz Donostiara The Last Temptation of Christ (Kristoren azken tentazioa, Martin Scorsese) aurkezteko. Berriz etorri zen 1997an, Victory (Mark Peploe) filmarekin (Sail Ofizialean lehiatu zen), bai eta 2005ean ere, Zinemaldiko ohorezko saririk garrantzitsuena jasotzera. Donostia Saria emateko ekitaldian Before it Had a Name (Giada Colagrande) filma proiektatu zen. Azken bisita 2014an izan zen, Abel Ferrara zuzendariaren Pasolini filmarekin (Perlak).
"Ohorea da Zinemaldiarentzat munduko aktorerik onenetako batek, zeinarekin urte askoan begikotasunezko harremana izan dugun, Donostia Zinemaldiaren 68. edizioaren irudia izatea onartu izana", adierazi du José Luis Rebordinosek, Donostia Zinemaldiko zuzendariak.
"Zinemaren iraganaren, orainaren eta etorkizunaren elkargunea"
Aurtengo edizioko kartelak Huele de cine sailekoak dira. Donostiako Patio estudioak egin du. Ernst Lubitschi eskainitako atzera begirako saileko kartela ere diseinatu zuen 2006an, 54. edizioan. Patioko zuzendari sortzaileak abiapuntutzat hartu duen kontzeptuak kartelak biltzen ditu eta nortasun partekatua ematen die, "Zinemaldia zinemaren iraganaren, orainaren eta etorkizunaren elkargune izaten laguntzea helburu". Motibo organikoak eta begetalak eta kolorea dira nagusi Zapirainek Zinemaldia irudikatzeko erabili dituen irudietan, "lorategi handi bat bezala, non era guztietako loreak, sentipenak eta usainak aurki ditzakezun; oso lorategi bizia, lore handiekin, film handiekin, baina baita handi bilaka daitezkeen film txikiekin ere".
Patiok komunikazio-zerbitzu osoak eskaintzen ditu 2004tik, hau da, publizitate estrategikoa, zuzeneko marketina, diseinua, irudia, nortasun korporatiboa, social media, ekintza ez-konbentzionalak, web-orrien diseinua eta programazioa, lan editoriala edo komunikazioa espazioetara aplikatua.
Zinemaldiak jakinarazi du jada zein filmek emango dion hasiera, lehiaketatik kanpo, 68. edizioari, Rifkin’s Festival Woody Allenek zuzendu eta hirian filmatutako filmak, alegia, baita Donostia saria Viggo Mortensen aktore eta zuzendari estatubatuarrari emango zaiola ere. Ekitaldi horretan Falling filma proiektutako da, Mortensen lehen lana zinemagile gisa. Halaber, Urrezko Maskorra irabazteko lehian arituko diren sei filmen berri ere eman du Zinemaldiak: In the Dusk (Sharunas Bartas), Asa Ga Kuru / True Mothers (Naomi Kawase), Dasatskisi / Beginning (Dea Kulumbegashvili), Été 85 / Summer of 85 (François Ozon), Nakuko wa ineega / Any Crybabies Around? (Takuma Sato) eta Druk / Another Round (Thomas Vinterberg).
Zinemaldia pertsona eta enpresa askoren lankidetzari eta grinari esker da posible. Besteak beste, hauek:
Eskerrak, halaber, Donostiako Nazioarteko Zinemaldia Sozietate Anonimoaren Administrazio kontseiluko kideei: Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioa, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala.