"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiaren Nest-en XIX. edizioak (zinema-ikasleen lehiaketa saila) ekainaren 1ean (astelehena) irekiko du izena emateko epea. Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak antolatutako sail honek mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen lanak ezagutarazi nahi ditu urteko zinema-hitzordu nabarmenetako batean. Zinemaldiaren 68. edizioan, Nest hiru egunean egingo da, irailaren 21etik (astelehena) 23ra bitartean (asteazkena).
Iazko edizioan hamalau film labur lehiatu ziren Nest sailean. Munduko 46 herrialdetako 186 eskolak aurkeztutako 373 lan egon ziren guztira. 2018 eta 2019 artean % 34 handitu zen parte hartzen zuten zinema-eskolen kopurua, eta % 22, berriz, jasotako film laburren kopurua.
Zinema-eskola bakoitzak gehienez ere hiru film labur aurkez ditzake, Zinemaldia egin aurreko 12 hilabeteetan eginak izan behar dira aurkeztutako filmak, eta horietatik hamabost inguru hautatuko dira Nest lehiaketan parte hartzeko. Orona Fundazioa babesleak 10.000 euro ematen ditu Nest-eko Film Labur Onena saritzeko. Sari hori parte hartzen duten eskoletako ikaslez osatutako epaimahaiak hautatzen du. Zinemaren munduko itzal handiko norbait izaten da epaimahaiburu (iaz Martín Rejtman zinemagile argentinarra izan zen).
Proiektuen izena online eman ahal izango da, astelehenetik aurrera (ekainak 1). Araudia eta Nest lehiaketari buruzko informazio gehiago eskuragarri daude Zinemaldiaren webgune ofizialean, www.sansebastianfestival.com, eta Tabakaleraren webgunean, www.tabakalera.eu. Film laburrak jasotzeko epea uztailaren 1ean amaituko da.
Nest, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzak utzitako ondarearen parte dena, Donostia Zinemaldiko sail garrantzitsuenetako bat da talentu berriei bultzada emateko estrategiaren barruan. Helburu horrekin berarekin, Zinemaldiak, Euskadiko Filmategiarekin eta Tabakalerarekin batera, Elías Querejeta Zine Eskolan (EQZE) ere parte hartzen du, Gipuzkoako Aldundiak 2017an sortu eta finantzaturiko ikastegian, alegia.
Arautegia irakurtzeko eta proiektu bat inskribatzeko, hemen klikatu.
IZENA EMATEKO EPEMUGA: UZTAILAK 1