Tabakalerako Partekatutako Pantailak Donostiako Zinemaldiko 68. edizioko hainbat sailetan irabazitako emakumezko zinemagileek film luzeetara jauzi egin aurretik egindako film laburrak proiektatuko ditu ostiral honetan (hilak 30) eta azaroaren 12an.
Lehen saioan, urriaren 30ean (ostirala), Dea Kulumbegashvili (Georgia, 1986) zuzendariaren Leta / Léthé (2016) film laburra emango da. Zuzendariaren estreinako film luzeak, Dasatskisi / Beginning, lau sari jaso zituen Zinemaldiaren 68. edizioan: Urrezko Maskorra, Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra, Gidoi Onenaren Epaimahaiaren Saria eta Emakumezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra (Ia Sukhitashvili). Saioa osatzeko, Isabel Lamberti (Bühl, Alemania, 1987) zuzendariaren Vader / Father (2019) film laburra (Kutxabank-New Directors saria irabazi zuen La última primavera / Last Days of Spring filmarekin) eta Catarina Vasconcelos (Lisboa, 1986) zuzendariaren Metáfora ou a tristeza virada do avesso (2013) lana emango dira (Zabaltegi-Tabakalera saria irabazi zuen A metamorfose dos pássaros / The Metamorphosis of Birds, estreinako film luzearekin).
Azaroaren 12an (osteguna), bigarren saioa egingo da. Horretan ere Lambertiren eta Kulumbegashviliren lan zaharrago bana ikusiko dugu, Amor (2017) eta Ukhilavi sivrtseebi / Invisible Spaces (2014), hurrenez hurren. Horiekin batera, bi film labur emango dira: 400 maletas (2015), Fernanda Valadez (Guanajuato, Mexiko, 1981) zuzendariarena (Horizontes saria irabazi zuen Sin señas particulares / Identifying Features lanarekin), eta Takuma Sato (Tokio, 1977) zuzendariaren Sticks and Stones (2019). Zuzendari horren bigarren film luzeak, Nakuno wa ineega / Any Crybabies around, Argazki Onenaren Epaimahaiaren Saria jaso zuen Yuta Tsukinagaren lanarengatik.
Halaber, abenduaren 4an, Zinemaldia 70. Historia posible guztiak ikerketa-proiektuaren bigarren saio publikoa egingo da. Iazko jardunaldian, Zinemaldiak Trantsizioan (1976-1980) izan zuen bilakaeraz jardun ziren, eta, oraingoan, Zinemaldiak Francoren diktadura garaiko zentsurarekin izandako harremana izango da aztergai, Elias Querejeta Zine Eskolako (EQZE) ikasleek ikasturtean zehar eginiko ikerketa batetik abiatuta. Hauek izango dira ikerketa-kasuak: 1960. urtean Lehen Zinema Ikasleen Bilkuran gertatutako polemika; 1968ko New American Cinema zikloan sortutako arazoak, eta 1971eko edizioan zentsuratu eta programaziotik kendu behar izan ziren bi filmak: Canciones para después de una guerra (Basilio Martin Patino) eta Liberxina 90 (Carles Durán). Zinemaldiak eta EQZEk elkarlanean antolatzen dute Zinemaldia 70. Historia posible guztiak proiektua, Euskadiko Filmategiaren, Tabakaleraren eta Kutxa Fundazioaren lankidetzarekin, eta Estatuko Loteriak eta Apustuak erakundearen babesarekin. Zinemaldiaren artxibo bizia sortzea du helburu, eta 2022ko 70. edizioan amaituko da lehen fasea.
Urte osoko Zinemaldia
Tabakalerako Partekatutako Pantaila urte osoko Zinemaldiaren ideian dago txertatuta eta azken bost urteetan gogor egin da lan ideia hori gauzatzeko. Urte osoko ohiko hautaketa-lanez eta zinema-jaialdiekin elkarlanean aritzekoez gain, ordena kronologikoan, hauek sustatu dira: Ikusmira Berriak egonaldiak, Tabakalerako zinema-pantaila publikoari egindako ekarpena, Elías Querejeta Zine Eskolaren sorrera, Zinemaldiak bere burua berrasmatzeko aukera eta eginbeharra ekarri dituena, eta, ondorioz, Zinemaldiaren barnean, Pentsamendua eta eztabaida sailaren sorrera.
Erakundeekin aliantzak eratuta eta urtean zehar egiten diren zinema-programetan parte hartuta, Zinemaldiak bi helburu lortu nahi ditu. Batetik, negutegi izan nahi du, zinema-talentua urte osoan hazteko; talentutik sortuko da lorerik, eta aurrez aurreko zinema-lehiaketako bederatzi egunetan egoten da horiek begiesteko aukerarik. Bestetik, bere buruaz hausnartzen duen zinema-jaialdia izan nahi du. Baita zinema-jaialdiek munduan, industrian eta ikus-entzunezkoen sorkuntza garaikidean duten tokiaz ere.
OSTIRALEAN, URRIAREN 30ean |
19:00etan, Tabakalerako zinema.aretoan
OSTEGUNEAN, AZAROAREN 12an |
19:00etan, Tabakalerako zinema aretoan