"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Beste urte batez, Donostia Zinemaldiaren jarduera osagarrien barruan Euskadi Basque Country Karpa izeneko guneaz gozatu ahal izango da, non profesionalek zein bisitariek eta zaletuek kalitateko eta jatorriko produktuak ezagutu ahal izango dituzten eta produktu horietaz gozatu probaketak eta dastaketak eginez.
Karpa Kursaaleko zabalgunean egongo da, ostiral arratsaldetik, irailak 20, larunbatera arte, irailak 28, eta 11:00etatik gauerdira arte egongo da zabalik. Bigarren urtez jarraian, karpa elkargune eta gastronomiaz gozatzeko gune bihurtuko da bai zinemako jendearentzat (aktoreak, prentsa, enpresak, jende ospetsua…), bai zinemaldi internazionalak erakartzen dituen zale eta bisitari ugarientzat. Euskadik dituen kalitate handiko produktuak probatzeaz gain, produktu horien ekoizleak diren gizon eta emakumeen lana ezagutzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek.
Dastaketak egunero
Nobedade moduan, aurten arratsaldero egingo dira dastaketak, astelehenetik, hilak 23, ostiralera bitartean, hilak 28. Dastaketa horien artetik, astearte eta ostiralekoak nabarmendu daitezke. Lehenengo dastaketa txokolotatean zentratuko da eta, dastaketaren aurretik, Le chocolat de H filma emango da Principe Zine Aretoetan. Tsujiguchi Hironobu gozogile famatuaren gaineko filma da. Geroago, jada Euskadi Basque Country Karpan, gozogile horrek txokolatez sortutako lau produktu eta Rafa Gorrotxategi gure gozogilerik ospetsuenetakoaren beste bederatzi produktu probatuko dira, eta Rafa Gorrotxategik Euskal Herriko txokolatearen eta turroiaren historia laburraz hitz egingo du.
Ostiraleko dastaketari dagokionez, Mikel Urretabizkaiak gaztari buruz egindako Gazta filmaren omenezko dastaketa bat da, eta Ordiziako Gazta Kofradiaren eta Mikel Garaizabal enologoaren eskutik egingo da. Mikel Garaizabalek asteleheneko eta osteguneko dastaketak ere gidatuko ditu, Euskadiko ardoen eta gaztaren arteko uztarketan zentratuta.
Euskadi Basque Country Karpan, halaber, sari hauek banatuko dira: Basque Country Gastronomiko (asteazkena, hilak 25, 18:00etan) eta Lurra (osteguna, hilak 26, 18:00etan).
Euskadiko kalitateko elikagaien babesa
Esperientzia hau egingo den bigarren aldia da. 2018an bezala, VIP gune bat egongo da eta beste bat jende ororentzat irekita, non Euskadiko kalitateko produktuekin egindako edariak eta pintxoak dastatu ahal izango diren. Besteak beste, Eusko Labeleko produktuak, Idiazabal Gazta, txokolatea, Getariako Txakolina, Euskal Sagardoa eta Arabako Errioxako Ardoa eskainiko dira dastatzeko.
Elikaduraren balio kate osoa babesteko Eusko Jaurlaritza egiten ari den lan sendoaren beste elementu bat gehiago da gune hau, eta bere helburua da kalitate handiko produktu lokalak bultzatzea eta Euskadi erreferentziako lurraldea bilakatzea nazioartean.
Kate horrek sektore primarioan eta sektore horretako produktu bikainetan du abiapuntuko katebegia, bai eta goi mailako gastronomian duen espresiorik gorenean ere, zeinak Euskadi ezaguna egin duen mundu osoan. Euskadiko Gastronomia eta Elikadurarako Plan Estrategikoaren barruko ekintzetako bat da, eta euskal nekazaritzako elikagaien industria eta bere kalitateko eta jatorriko produktuak sustatzeko Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetarako egin duen apustu nagusietako bat.