Paxton Winters zuzendari estatubatuarraren Pacificado / Pacified film brasildarrak eskuratu du Donostia Zinemaldiko 67. edizioko film onenaren Urrezko Maskorra. Darren Aronofsky, Paula Linhares, Marcos Tellecheak, Lisa Muskat eta Winters bera izan dira Brasilgo faveletan kokatutako pelikula honen ekoizleak. Lehiaketaren sari nagusia eskuratzeaz gain, beste bi lortu ditu Pacificado-k: Gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra Bukassa Kabengele-k eta Argazki onenaren saria Laura Merians-ek.
Aurtengo palmares ofiziala Natalia de Molina aktoreak eta Edurne Ormazabal kazetariak jakinarazi dute Kursaal auditorioan egindako galan. Mundu guztian zehar Twentieth Century Foxek banatuko du Pacified, Zinemaldiko historian Urrezko Maskorra irabazi duen lehenbiziko film brasildarra.
Bestalde, zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra La trinchera infinita (Espainia) filmeko arduradunentzat izan da, hots, Aitor Arregirentzat, Jon Garañorentzat eta Jose Mari Goenagarentzat. Gainera, azken honek eta Luiso Berdejok irabazi dute Gidoi onenaren saria. Greta Fernándezek, La hija de un ladrón (España) filmeko protagonistak, eta Nina Hossek, Das Vorspiel / The Audition (Alemania-Frantzia) filmekoak, ex aequo irabazi dute Emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra. Azkenik, Epaimahairen Sari Berezia Alice Winocourren Proxima (Frantzia-Alemania) filmak eskuratu du, “bere anbizio estetikoagatik” eta “espazio-esplorazioaren drama amatasunaren esplorazio bihurtzeagatik”.
Beste sari ofizial batzuk
Jorge Riquelmek zuzendutako Algunas bestias / Some Beasts (Txile) filmak bereganatu du Kutxabank-New Directors saria, eta sail horretako aipamen berezia Svetla Tsotsorkovaren Sestra / Sister (Bulgaria - Qatar) filmarentzat izan da. Horizontes Saria Romina Paulak irabazi du De nuevo otra vez / Again Once Again (Argentina) lanarekin eta aipamen berezia Daniel eta Diego Vega anaiek lortu dute La bronca-rekin (Peru - Kolonbia). Zabaltegi-Tabakalera saria Angela Schanelec-ek irabazi du Ich War Zuhause, Aber / I Was at Home, But (Alemania - Serbia) filmari esker eta aipamen berezia Damien Manivel-en Les enfants d’Isadora / Isadora’s Children-entzat (Frantzia - Hego Korea) izan da.
Euskal Zinemaren Irizar Saria La trinchera infinita-k irabazi du eta Iban del Camporen Glittering Misfits-ek aipamen berezia izan du. Donostia Hiria Publikoaren saria Olivier Nakache eta Eric Toledanoren Hors normes / The Specials (Frantzia) pelikulak eraman du eta Europako film onenaren Publikoaren saria, Ken Loachen Sorry We Missed You (Erresuma Batua - Frantzia - Alemania) filmak. Halaber, Gazteriaren TCM Saria Ana García Blayaren Las buenas intenciones / The Good Intentions (Argentina) lanarentzat izan da.
Galan zehar gainontzeko sariak iragarri dira. Aurkezleek zinemagile, gidoilari, ekoizle eta izarren presentzia eskertu dute, eta “aurten ere aretoak berriz bete dituen” publikoarekin ere gogoratu dira, “pelikula txikiena ere letra larriz egindako zinema” bihurtu baitute ikusleek. “Esan genezake ziklo bat amaitzen dela, baina ez da egia: Donostia Zinemaldiko agurrak berriz ere elkartzeko eta zinema gehiago ikusteko atzerako kontaketa baino ez dira. Beraz, gero arte esango dugu modurik onenean, ilunpean, film batekin”, esan dute De Molinak eta Ormazabalek The Song of Names amaierako filmaren proiekzioa hasi baino lehen. François Girard zuzendariak Tim Roth eta Catherine McCormack aktoreak izan ditu lagun zeremonian.
Epaimahaiaren Sari Berezia
Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra
Emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra
Gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra
Gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria
Argazki onenaren Epaimahaiaren Saria
Beste sari ofizial batzuk
Kutxabank-New Directors Saria
Horizontes Saria
Zabaltegi-Tabakalera Saria
Nest Film Students Saria
Euskal Zinemaren Irizar Saria
Donostia Hiria Publikoaren Saria
Gazteriaren TCM Saria
Industria Sariak
Zinema Eraikitzen Saria
Glocal in Progress Saria
Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroko Sariak
Ikusmira Berriak Saria
Zinemaldia & Technology Saria
Beste sari batzuk
TVE-Beste Begirada Saria
Espainiako Lankidetza Saria
FIPRESCI Sari Nagusia
Ohorezko Sariak
Donostia Sariak
Zinemira Saria
Sari paraleloak
FIPRESCI Saria
Zinemaldia FEROZ Saria
Euskal Gidoi Onenari Saria
Sebastiane Saria
Lurra - Greenpeace Saria
SIGNIS Saria
Gipuzkoako Odol-Emaileen Elkartearen Elkartasun Saria
Ateneo Guipuzcoano Saria