"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
CROSSROADS – ZINEMALDIA | FICX zikloaren lehen edizioak 200 ikusle baino gehiago erakarri zituen batez beste tituluko gure herriko aretoetara 56. Gijóneko Nazioarteko zinema-jaialdian. Publiko-arrakasta horren ondoren, bada, bi erakundeek akordioa berritu egin nahi izan dute, esparru berri bat bilatzeko nazioarteko zinema-jaialdietan obra zinematografikoak erakusteko politikari dagokionez.
Baterako topaleku honetan, interes bereziko zenbait film batera erakusten dira, bi zinema-jaialdiek, horien lehiazko sailetarako arautzen dituzten arauen esklusibotasun-politikak gorabehera, horiek zirkulatzea sustatzeko duten nahiaren seinale. Gainera, bi hiriek, Donostiak eta Gijónek, lotura kultural, geografiko eta historikoak izan dituzte eta dituzte historian zehar, eta Crossroads – Zinemaldia | FICX zikloa horien errubrika eta baieztapena ere bada.
Donostia Zinemaldiak eta FICXek, hortaz, ahaleginak batzen jarraituko dute; hartara, zinema garaikidearen forma berriak eta horiek egungo gizartearekin dituzten loturak ulertzeko funtsezkoak diren obrak are gehiago ikusarazteko. Nahi horren fruitu, programak aurtengo panorama zinematografikoko bost titulu nabarmen izango ditu, Donostia Zinemaldiak aukeratutakoak. Filmok ikusteaz gain, publiko asturiarrak zenbait aurkezpen entzuteko aukera izango du, 2016az geroztik Donostia Zinemaldiaren zuzendariorde den Maialen Belokik eta Donostia Zinemaldiko hautapen-batzordeko kide Amaia Serrullak lehen edizioan egindakoak bezalakoak.
Aipatu dugun hautaketa horren barruko tituluetako bat aurrera dezakegu jada. Hots, Las letras de Jordi Maider Fernández zinemagilearen lehen lana. 2019ko Donostia Zinemaldiaren New Directors sailean estreinatuko da. Ikusmira Berria egoiliar-programan garatu da eta postprodukzioko REC Grabaketa Estudioa saria irabazi du. Gainera, Push Play Work in Progress Sessionen lehen ediziotik pasatu zen, FICX Industry Daysen barruan, sortu zen urtean, alegia, 2017an.
Donostia Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek eta Gijóneko Zinema-jaialdiko zuzendari Alejandro Díaz Castañok zikloaren gainerako edukien aurkezpena egingo dute Donostian, irailaren 23an, 17:00etan.