"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
GEHITU Euskal Herriko Gay, Lesbiana, Transexual eta Bisexualen Elkarteko kideez osatutako epaimahaiak Sebastiane Latino saria emango dio Donostia Zinemaldiaren 67. edizioan sarirako hautagai izango diren sei film latinoamerikarretako bati.
Aurten zazpigarren ediziora iritsiko den Sebastiane Latino sarirako lehian honako ekoizpen hauek arituko dira: Lemebel, Segunda estrella a la derecha, One Taxi Ride, Un rubio, Temblores eta Esto no es Berlín. Lesbianen, gayen, transexualen eta bisexualen aldarrien eta balioen defentsa ondoen jasotzen duen Latinoamerikako filmak eskuratuko du saria.
GEHITUko kideek adierazi dutenez, aukeratutako lan guztiek era honetako gertaerak salatzen dituzte: «indarkeria isilduak: norberak norberaren nahiari jarritakoa, sasizientziekin sendatu nahi duen erlijiosoa, gizonezko gayen aurkako salatu gabeko bortxaketak edo ikusezintasun bisexuala eta batzuetan lesbikoa». Film sarigaietako batzuek 1980ko hamarkadako kontrakultura mexikarreko LGTBI harrotasunaren rola edota Lemebel pentsalari eta artista txiletarra ere gogorarazten dute, gainera.
Iazko edizioan, Marcelo Martinessi Uruguayko zuzendariaren Las herederas filmak VI. Sebastiane Latino saria eskuratu zuen “helduaroan errealitate lesbikoa ikusarazteagatik”.
LEMEBEL
Joanna Reposi Garibaldi (Txile, Kolonbia)
Dokumentala, Pedro Lemebel (1952-2015) artista bisual, idazle eta Latinoamerikako queer mugimenduaren aitzindari txiletarrari buruzkoa. Filmak haren ibilbidearen une garrantzitsuak azaltzen ditu haren bizitza pribatuaren bideoak eta argazkiak zein performance enblematikoenen irudiak erabiliz.
SEGUNDA ESTRELLA A LA DERECHA
Ruth Caudeli (Kolonbia)
Emilia hogeitaka urteko aktore bisexualak betiko lagunekin bezala hazteari uko egingo dio bere ingurune sozialeko mundu perfektuan egokitzen saiatzen den bitartean. Antzezpen-eskolak emanez ateratzen du bizibidea, eta erosoago sentitzen da ikasleekin bere adineko jendearekin baino. Ezkondu aurreko agur batean bizitzarekin zoritxarreko sentitzen den bakarra ez dela ikusiko du, eta guztiok ezkutatzen dugula benetan zer garen.
ONE TAXI RIDE
Mak CK (Mexiko, Singapur)
Ericken bizitza betiko aldatu zen taxi batera igo eta gidariak eta bi konplizek bortxatu zutenean. 17 urte zituen eta ez zuen salatu, ez zen medikuarenera joan, eta ez zien senideei eta lagunei jakinarazi. Dokumental honek hamarkada bat geroago gazte horrek bere bizitza erreklamatzeko hasitako bidaiaren berri ematen du.
UN RUBIO
Marco Berger (Argentina)
Gabriel etxea partekatzen hasiko da Juan izeneko gazte gonazalearekin, Buenos Airesko aldirietan. Lotsatia eta isila, etxekidearen begiradei eta esku-ukituei ez ikusiarena egiten saiatuko da ‘Gabo’, etxekidearen gizontasuna, itxuraz, zalantzarik gabekoa baita. Elkarrenganako erakarmena ukaezina da, ordea.
TEMBLORES
Jayro Bustamante (Guatemala, Frantzia, Luxenburgo)
Pablo gizon erlijioso praktikatzaile, senar eta aita zoragarria da. Eredugarria da Guatemalako gizarte kontserbadorean. Bat-batean, baina, dardara baten modura, egiazko maitasuna iritsiko da haren bizitzara. Familiari eta elizari esker uko egin ahal izango dio sentipen horri; irtenbide bakarra da seme-alabak galdu nahi ez baditu.
ESTO NO ES BERLÍN
Hari Sama (Mexiko)
Mexiko Hiria, 1986. Carlosek, 17 urteko gazteak, inon ere ez duela bere tokia aurkitzen sentitzen du. Musika baino ez zaio gustatzen, eta Rita gogoko du, Gera adiskide onenaren arreba. Haren bizitzaren norabidea aldatuko da klub batera doanean; gaua, askatasun sexuala eta drogak ezagutuko ditu, baina bi gazteen arteko adiskidetasuna estualdian ere jarriko du toki horrek.