"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Sara Hernández Askasibarrek (Donostia, 1994) Enpresa Administrazioko eta Zuzendaritzako gradua (EHU, 2016) eta Marketin Analitikoko ikasketak ditu (2018). Ikus-entzunezkoen sektoreko Big Datari buruz egin zuen gradu-amaierako lana.
Aldi berean, ikus-entzunezkoen arloko prestakuntzari ekin zion, Kaliforniako Unibertsitatean (UCLA, Los Angeles) zenbait egonaldi eginez. Zinematografia eta Film eta Bideo Ekoizpeneko ikasketak egin zituen han. Ondoren, Donostiako Elías Querejeta Zine Eskolan (EQZE) sartu zen ikastera, Komisariotzako graduondoaren lehen promozioan. Esparru horretan, Otras luces/Bestelako argiak III. Bideoarte Erakusketako komisarioetako bat izan zen Iruñean, eta orain Zinemaldia 70. Istorio posible guztiak ikerketa-proiektuan dabil.
Donostia Zinemaldian hasi zen lanean, eta han dokumentazioko eta filmen kudeaketako zereginak bete zituen 2015, 2016 eta 2017ko edizioetan. Azken bietan, gainera, Nest Film Students programan ere aritu zen.
Egun, Tabakalera - Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko Ikus-Entzunezkoen Programa koordinatzen du 2017tik. Gainera, astero zinema-kritikak idazten ditu zinemari buruzko Zinea.eus plataforma digitalarentzat.