"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Lisabi Fridell (Delsbo, Suedia.1985) argazki-zuzendaria Berlinen bizi da, baina mundu osoan dihardu. Hala fikzio-filmetan nola dokumentaletan egin duen argazkilaritza-lanari esker lortu du ospea. Bere lana ohiz kanpokoa da; hitz bakarrean, moldakortasunak definituko luke bere estiloa. Hori horrela, eta betiere dena delako istorioan oinarrituta, bestela kontatzeko modua bilatzen du. Horretarako, askotariko teknika, kolore eta formekin esperimentatzen du, berritzeko eta ahal dela istorioa hobetzeko. Zuzendariekin lankidetza hertsian jardutea atsegin du, eta hasieratik eragitea prozesu osoan. Egin dituen filmak urratzaileak izateagatik eta balio feministak defendatzeagatik nabarmentzen dira.
Film luzeen alorrean lan aipagarriak ditu. Ester Martin Bergsmarkekin Nånting måste gå sönder (Something Must Break, 2014) egin zuen, eta Rotterdamgo zinema-jaialdian Tiger saria irabazi zuen filmak. Pater Modestijekin 6ª-n (2016) aritu zen eta filma Berlingo zinema-jaialdiko Generation 14Plus sailean aurkeztu zen. Berlinaleko sail berean parte hartu zuen Selma Vilhunenekin egindako lanak ere, Hölmö nuori sydän-ek (Stupid Young Heart, 2018). Azkenik, Levan Akinekin And Then We Danced (2019) egin berri du, eta aurten Cannesko zinema-jaialdiko Errealizadoreen Hamabostaldian estreinatu dute.
Formatu laburrean, behin baino gehiagotan aritu da Lovisa Sirén zuzendariarekin eta Siri Hjorton Wagner ekoizlearekin, Pussy Have the Power (2014), Audition (2015) eta Baby (2016) filmetan.