"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Vania Catani (Montes Claros, Brasil. 1963) 80ko hamarkadaren amaieran hasi zen lanbidean, bideo independenteak eginez Belo Horizonteko zinemagileen belaunaldi berriarekin batera. 90eko hamarkadaren bigarren erdialdetik aurrera, Brasilgo zinemaren berrasiera izenez ezagutzen den aldian, ekoizpen zinematografikora jo zuen, arreta berezia jarrita merkatu independentean.
2000an, jadanik Rio de Janeiron kokatuta zegoela, Bananeira Filmes sortu zuen, kalitate handiko proiektu artistiko ausartak garatzen, ekoizten eta merkaturatzen dituen ekoiztetxe independentea. 2018tik Hollywoodeko Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiako kidea da Vania Catani.
Hala Brasilen nola nazioartean hartu dituzte aintzat Bananeiraren ekoizpenak: 48 herrialdetako 390 bat zinema-jaialditan proiektatu dira eta 200etik gora sari jaso dituzte gaurdaino.
Bere azken filmen artean, Matheus Nachtergaeleren A festa da menina morta-k (2008) Cannesko Un Certain Regard sailean parte hartu zuen 2007ko Donostia Zinemaldian Zinema Eraikitzen jarduera igaro ondoren, eta Selton Melloren O palhaço (2011) Oscar sarietan Brasil ordezkatzeko hautatu zuten. Orobat aipa daiteke O filme da minha vida (2017), hori ere Mellok zuzendutakoa. Gainera, Veneziako zinema-jaialdian estreinatu ditu Anita Rocha da Silveiraren Mate-me por favor (Orizzonti, 2015) eta Lucrecia Martelen Zama (Sail Ofiziala, lehiaketaz kanpo, 2017) film luzeak.
Egun, René Guerraren Serial Kelly filmean eta nazioarteko bi koprodukziotan dihardu: David Pablos O baile dos 41 film luzean eta Francisca Alegríaren A vaca que cantou uma canção sobre o futuro-n.