Ventana Sur-ek eta Donostia Zinemaldiak antolatutako Proyecta ekimenean koprodukzio bila dabiltzan Latinoamerikako eta Europako 16 zinema-proiektu aurkeztuko dira. Abenduaren 4an izango da Buenos Aireseko Ventana Sur ikus-entzunezko merkatuan –Latinoamerikako merkatu nagusia da, eta INCAAk eta Canneseko zinema-jaialdiko Marché du Film plataformak antolatu duten azken hamaika urteetan–. Bertan, garapen-fasean dauden proiektuak aurkeztuko zaizkie ekoizle, programatzaile eta salmenta-agenteei, proiektuon finantzaketa eta nazioarteko banaketa osatzeko bazkideak aurkitzeko xedearekin.
Bigarren urtez jarraian, aukeratutako proiektuak pitching-saio batean aurkeztuko dizkiete ekoizleek nazioarteko zinema-industriako profesionalei, eta ondoren topaketa bat egingo da interesatuen arteko akordioak sustatzeko.
Latinoamerikako hamabi proiektu aurkeztuko dira, Argentina, Brasil, Txile, Costa Rica, Mexiko, Peru, Dominikar Errepublika eta Uruguaikoak. Aukeraketaren arduradunak Roberto de Carvalho, Esperanza Luffiego eta Clara Massot izan dira. Horietako bi brasildarrak dira eta EAVE Puentes-Europe/Latin America Co-production Workshop tailerretik eta Brasil CineMundi erakundetik datoz. Aipatutako hamabi film horiei Europako beste lau gehituko zaizkie, Donostia Zinemaldiko VIII. Europa-Latinoamerika Koprodukzio Forokoak.
Aurkeztutako 16 lanetako bederatzi beren zuzendarien lehen edo bigarren lanak dira. Bestalde, nabarmentzekoak dira azken urteetan Donostiako New Directors edo Horizontes Latinos sailetan parte hartu duten ibilbide oparoko errealizadoreek eginiko lanak ere. Esate baterako, Lucía Puenzo, Los impactados filmaren zuzendaria eta produktorea, edo Julio Hernández Cordón, El día es largo y oscuro (Mis amigos son vampiros) proiektua defendatuko duena.
VIII. Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroko lau proiektuak honako hauek dira: Almalula, Juan Sebastián Torales zuzendariarena, Donostian Koprodukzioko Garapenerako Eurimages Saria eskuratu zuena; Ana no duerme, Daniel Gil Suárezena; Karmele. La hora de despertarnos juntos, 2015eko Amama filmarekin Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatutako Asier Altuna zuzendariarena; eta Los jueces, César Díaz zuzendariarena, zeinak Caméra d’Or saria irabazi baitzuen Canneseko Kritikaren Astean bere lehen filmarekin (Nuestras madres, 2019) Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean parte hartu aurretik.
HAUTATUTAKO PROIEKTUAK
EUROPA-LATINOAMERIKA KOPRODUKZIO FOROA – DONOSTIA ZINEMALDIA
EAVE PUENTES-EUROPE / LATIN AMERICA CO-PRODUCTION WORKSHOP TAILERRA
BRASIL CINEMUNDI
Industria Saila ondorengoen babesarekin: