Donostia Hiria Publikoaren Saria
Bruno eta Malik lagunen istorioa. Hogei urtez bestelako mundu batean bizi izan dira biak: autismoa duten umeen eta nerabeen munduan. Irabazi asmorik gabeko bi erakunderen arduradunak dira, eta gazteak prestatzen dituzte autismo larria duten pertsonak zaintzeko. Hala, elkarte berezi bat sortuko dute, ohiko inguruetatik kanpo, berdinik gabeko pertsonaia batzuentzat. Intouchables (Sail Ofiziala, 2011) eta Samba (Sail Ofiziala, 2014) lanen egileen azken film luzeak Canneseko zinema-jaialdia itxi zuen, lehiaketaz kanpo.
Europar Filmaren Saria
Ricky, Abby eta haien bi haurrak Newcastlen bizi dira. Familiak oso harreman estua du. Ricky lan batetik bestera dabil; Abbyk adinekoak zaintzen ditu, eta gogoko du bere lana. Gero eta gehiago egiten dute lan, baina badakite ez dutela inoiz lortuko nahi duten segurtasun ekonomikoa eta ez direla inoiz etxejabe izango. Rickyk aukera bat ikusiko du orduan, aplikazioen iraultzari esker. Bikoteak den-dena jarriko du apustu horret. Abbyk bere autoa salduko du Rickyk furgoneta erosi eta bere kontura lan egin dezan: azkenean bera izango da bere nagusi. Mundu modernoa familiako sukaldean sartuko da, eta bestelako etorkizun bat eskainiko die.
Gazteriaren Saria
90eko hamarkadaren hasiera Buenos Airesen. Amandak 10 urte ditu eta hiru anai-arrebetan zaharrena da. Gurasoak bananduta daudenez, umeak etxe batetik bestera ibiltzen dira. Aitarekin daudenean, heldu batek bezala jokatu behar du Amandak, eta etxeko guztiez –ahal duen bezala– arduratu behar da, Gustavo nahiko bitxia delako eta seme-alabak bere burua baino pittin bat gehiago bakarrik maite dituelako. Egun batean, herrialdetik eta aitaren bizimodu arduragabetik urruti bizitzera joatea proposatuko die amak, eta Amandari kezkak sortuko zaizkio. Opera prima.