"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Javier Bardem eta Carlos Bardem aktoreek Sanctuary filma aurkeztuko dute ostegunean (hilak 26) Álvaro Longoria zinemagilearekin batera. Dokumentalak proiekzio bakarra izango du egun horretan Victoria Eugenia antzokian 16.00etan.
Antartika planetako azken eremu ukigabea babesteko kanpaina mediatiko, zientifiko eta politiko baten istorioa da pelikula. Arctic Sunrise itsasontzira igoko gara, Bardem anaiekin batera. Artikoa santutegi bihurtzeko kanpainaren bozeramaileak dira eta eskura dituzten tresna guztiak erabili beharko dituzte Greenpeaceren ekimenak jendearen babes masiboa lor dezan. Zientzia, politika eta sare sozialak nola uztartzen diren ikusiko dugu, ia-ia 3 milioi lagunek babes dezaten azken batean erabaki politiko baten mende dagoen ekimen hau.
Álvaro Longoria zuzendaria, ekoizlea eta Morena Films Madrileko konpainiako sortzailea da. Hijos de las nubes, la última colonia (Made in Spain, 2012) bere debutak Goya saria irabazi zuen. The Propaganda Game (Zabaltegi, 2015) bigarren dokumentalarekin Goya sariaren hautagaia izan zen. Gainera, Netflixerako Dos cataluñas (2018) dokumental originala zuzendu du, baita Ni distintos ni diferentes: Campeones ere (Belodromoa, 2018).