"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Greziako Finantzetako ministro ohi Yanis Varoufakis ez da joango Adults in the Room filmaren emanaldira. Bihar gauean emango da filma, haren zuzendari Costa-Gavrasi Donostia saria eman ondoren. Donostia Zinemaldiaren zuzendari José Luis Rebordinosek emango dio zinemagileari lehiaketaren ohorezko sari nagusia.
Azken orduko konpromisoak direla eta, Varoufakis ezin izango da bihar etorri Donostiara, hala aurreikusita egon arren, bere memoria-liburuan oinarritutako filmaren aurkezpenean parte hartzeko. Egongo dira, ordea, Christos Loulis, politikari greziarraren rola pantaila handian jokatzen duena; Valeria Golino, haren emazte Danae Stratourena egiten duena, eta Alexandros Bourdoumis, filmean Alexis Tsipras presidente ohia dena.
Egunaren protagonista Costa-Gavras izango da (Loutra-Iraias, 1933), Donostia Zinemaldiak greziar jatorriko zinemagile frantses hau aitortu nahi baitu zinema politiko eta konprometituaren adierazle nagusietako bat bezala. Besteak beste, honako film hauek zuzendu ditu: Z (1969), Missing (1981), Music Box (1989), Le couperet (2004) eta Le capital (2012).
Urriaren 18an estreinatuko den Adults in the Room filmean Yanis Varoufakisek 2015eko lehen sei hilabeteetan, Greziako finantza-krisian bete-betean, Finantzetako ministro gisa izan zuen agintaldi laburrera gerturatu da Costa-Gavras. Filma «tragedia» bat da, hitzaren zentzu klasikoan, eta «botere-sare anker batean» eta «Greziari austeritatearen diktadura ezartzen dion Eurotaldearen bileren zirkulu basatian harrapatuta» dauden zenbait pertsonaren berri ematen du.