"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiak bat egingo du Argentinan abortuaren legea onartzeko aldarrikapenarekin: zapi berdez beteko da eta lehiaketaz kanpo eskainiko da Horizontes Latinos sailean Juan Solanasen La ola verde (Que sea ley) filma.
Iaz Canneseko zinema-jaialdian aurkeztu zenean bezalaxe, Donostia Zinemaldian presente dauden filmetako lantaldeei gonbita luzatzen zaie Zinemaldiko zuzendaritza- eta hautaketa-batzordeak zuzendutako aldarrikapen honekin bat egiteko, irailaren 24an (asteartea) 15:15ean Kursaal auditoriumeko eskaileretan egingo den argazkira bertaratuta.
2018an, Argentinako Senatuak abortuaren legea onartzeari uko egin zion zazpigarren aldiz, herritarrak bi alderditan banatu zituen gatazka baten erdian. Juan Solanas da film militante honen zuzendaria. Bertan, ahotsa ematen die Argentinan abortuaren despenalizazioaren alde borrokan ari diren emakumeei. Canneseko zinema-jaialdiaren azken edizioan proiektatu zen, eta «marea berdea» delakoak alfonbra gorria hartu zuen.
La ola verde filmak Argentinan abortua legeztatzeko borroka kontatuko digu, 5.000 kilometrotik gorako bidaia baten bitartez, biktimen lekukotasun ausartez eta bidaia gogoangarri horretan funtsezko izan diren emakumeen ahotsez lagunduta. Emanaldi berezia Cannesko zinema-jaialdian.