Generoko zinema, filmak areto ilunetan ikusteko magia eta ikusleak omentzeko nahia izango dira 67. Donostia Zinemaldiaren inaugurazio-galarako inspirazio-iturri erabili dituzten argudio nagusiak. Cayetana Guillén Cuervo eta Loreto Mauleón arituko dira aurkezle, eta Borja Crespok zuzenduko du. Besteak beste, Javier Calvo eta Javier Ambrossi (Los Javis), Leticia Dolera eta Paul Urkijo zinemagileek hartuko dute parte, baita Neil Jordan epaimahai ofizialeko buruak, Blackbird filmeko zuzendari Roger Michellek eta Sam Neill aktoreak ere. Ekitaldia bihar izango da (hilak 20), 21:00etan, Kursaal auditoriumean.
2018an, Zinemaldiak egile-galen aldeko apustua egin zuen, eta Borja Cobeaga, Diego San José eta Borja Echevarríari agindu zieten inaugurazioa prestatzeko, eta haiek umorea ezaugarri izan zuen gidoi bat aurkeztu zuten. Aurten, Borja Crespo arduratu da ekitaldia idazteaz eta zuzentzeaz, Susana Fernándezekin eta, berriro, Echevarríarekin batera. Hirukote horrek beste galak ere prestatuko ditu: Donostia sariena (Penélope Cruz, Costa-Gavras, Donald Sutherland), Euskal Zinemarena eta amaierakoa.
Galaren helburua, alde batetik, generoko zinema aldarrikatzea izango da. Izan ere, gero eta presentzia handiagoa du bai Zinemaldian, bai Espainiako zineman oro har eta Euskadikoan bereziki –biek ala biek toki handia hartuko dute galan–. «Egile-kutsu handia izan arren ikusleek oso ondo hartzen duten zinema defendatu nahi dugu. Normalean, komediaren, beldurraren edota fantasiaren generoko filmak izaten dira. Zinema-jaialdietako epaimahaiek eta kritika serioak beti ez dituzte ondo hartzen, baina batzuetan maisulan bihurtzen dira», azaldu du Crespok, eta Zinemaldiko telebista ofizial Morgan Creak Kursaalean proiektatuko dituen bideoen garrantzia nabarmendu du.
Bestalde, ekitaldian «filmak areto ilunetan eta pantaila handian, distrakziorik gabe disfrutatzeko errituala» goraipatuko du. Gainera, bi ikusle mota omenduko ditu: Donostiako emanaldiak betetzen dituzten ikusle arruntak alde batetik, eta kritikariak edo zinema-kazetariak bestetik; izan ere, «horien lanbideari esker, sortzaileak hazi egin daitezke, eta ikusleek interpretazio batekin baino gehiagorekin goza dezakete». Zinemarekin lotutako komikien munduari ere egingo zaio keinuren bat, Paco Rocak, Carlos Vermutek, Koldo Serrak, Raquel Alzatek eta Mamen Moreuk marraztuko dituzten gortinen bidez.
Galan, hainbat gonbidatuk sailen eta jardueren edukiak azalduko dituzte, Alfonso Cuarónen Roma filmak FIPRESCI saria jasoko du, eta Neil Jordan buru duen epaimahai ofizialak hitzaldi txiki bat emango du. Azkenik, Roger Michell zuzendariak, David Bernardi ekoizleak eta Sam Neill aktoreak Blackbird aurkeztuko dute, Sail Ofiziala inauguratuko duen filma.
Inaugurazio-gala Televisión Españolaren La 2 eta ETB1 kateek, eitb.eus atariak eta Zinemaldiko webguneak emango dute zuzenean.
Zuzendaria eta aurkezleak
Borja Crespo bilbotarra zuzendaria, zinema-ekoizlea, idazlea, ilustratzailea eta komikigilea da. Bideoklipak, iragarkiak, film laburrak eta telebistako programak zuzendu ditu. Zinemarekin eta komikiarekin lotutako ekitaldietan aholkulari eta koordinatzaile aritu da kultura-kudeatzaile gisa (GRAF, Tracking Bilbao, Getxoko Komiki Azoka...), eta hainbat erakusketatako komisarioa izan da, horietako batzuk Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean izan dira ikusgai.
Cayetana Guillén Cuervo aktorea Espainiako zinemako aurpegirik ezagunenetako bat da, eta gala aurkeztuko du Loreto Mauleón aktore donostiarrarekin batera. Mauleón Goenkale, El secreto del Puente Viejo eta Patria telesailetan eta La máquina de pintar nubes (2009) eta Bi anai (2011) filmetan aritu da.