EiTBk eta Donostia Zinemaldiak lankidetza hitzarmena berritu dute ostiral honetan, irailak 13, Donostiako Victoria Eugenia antzokian izan den ekitaldian. Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak eta Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak sinatu dute ituna. Hartara, Zinemaldiarekin duen konpromisoa berritu ondoren, aurten ere EiTBk Zinemaldiaren berri eman eta jarraipen handia egingo dio EiTB taldearen hedabide guztietan.
Irailaren 20tik 28ra bitartean izango den Donostia Zinemaldiaren inguruan berri emateko esfortzu berezia egingo dute ETBn, Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Gaztean eta eitb.eus-en. Halaber, ETB1en zuzenean eskainiko dira irekiera eta itxiera galak eta, ETB4n, Euskal Zinemaren Gala eta hiru Donostia Sariak (Penélope Cruz, Costa-Gavras eta Donald Sutherland). Emanaldi guztiak streaming bidez jarraitu ahal izango dira eitb.eus-en.
ETBko albistegiek egunero eskainiko diote arreta Zinemaldiari: zuzenekoak, erreportajeak, elkarrizketak eta aurkeztuko diren filmen kronikak eskainiko dituzte. Kazetari eta teknikari lantalde zabalak berri emango du bederatzi egunetan Donostiatik bertatik. ¡Que Me Estás Contando! eta Ahoz Aho saioek ere Zinemaldiari erreparatuko diote. Berebat, EiTB Kultura saioan Maialen Beloki Zinemaldiko zuzendari ordea elkarrizketatuko dute datorren astean.
eitb.eus-ek gune berezia eskainiko dio eta streamingez emango ditu ekitaldi berezienak. Halaber, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Gazteak ardatz nagusi izango dute Zinemaldia programazioan. Elkarrizketak, erreportajeak, filmen analisiak eta ekitaldi eta jai guztien kronikak bilduko dituzte albistegi eta eguneroko saioetan.
‘Una ventana al mar’ filmaren estreinaldia, EiTB Galan
Zinemaldiaren 67. edizioko EiTB Gala irailaren 25ean izango da, Victoria Eugenia antzokian, 21:30ean. Bertan, Miguel Angel Jimenezen
Una ventana al mar proiektatuko da, Emma Suarez protagonista duen drama erromantikoa. Euskal eta greziar koprodukzio hau Euskal Zinemaren Irizar sarirako lehian arituko da.
Albiste batek bizitza aldatzen dionean, Mariak (Emma Suarez), 55 urteko Bilboko emakumeak, bere lagun minekin Greziara bidaiatzea erabakiko du, semea (Gaizka Ugarte) eta sendagileak aurka agertu arren. Bat-bateko erabaki batek Nisyros irlara eramango du: leku baketsu eta lasaia da, eta berehala etxean bezala sentituko da. Irla ederra arakatu eta haren altxor ezkutuetan murgildu bitartean, Stefanos (Akilas Karafisis) ezagutuko du, eta ustekabean maitemindu egingo da. Errealitatetik ihesaldi laburra zirudiena zoriona lortzeko, ustekabeko aukera bihurtuko da laster.
EiTBk babestutako hamabi ekoizpen Zinemaldian
Aipatutako Una ventana al mar filmaz gainera, Zinemaldian izango diren beste 11 ekoizpenek izan dute EiTBren parte hartzea. Guztira, 4 milioi euro inguru inbertitu ditu EiTBk 12 film hauen finantzaketan. Euskal zinemak bizi duen garai oparo honetan, EiTBk egindako lana gogora ekarri nahi izan du Maite Iturbe zuzendari nagusiak. Diruz laguntzea ez ezik, proiektuen aukeraketan ere garrantzia handia baitu EiTBren parte hartzeak.
EiTBk parte hartutako pelikulen artean, sei estreinaldi Euskal Zinemaren Irizar saria irabazteko lehian izango dira.
Asier Altuna eta Telmo Esnalen pelikula berria, Agur Etxebeste!, Euskal Zinemaren Galako protagonista izango da.
Zinemira sailaren barruan, EiTBren partaidetza izan duten sei pelikula izango dira: 70 Binladens (Koldo Serra), Elkano: lehen mundu bira (Angel Alonso), El doble más quince (Mikel Rueda), La pequeña Suiza (Kepa Sojo), Muga deitzen da pausoa (Maider Oleaga) eta Soinujolearen semea (Fernando Bernués).
Aitor Arregik, Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendu duten La trinchera infinita pelikula Sail Ofizialeko lehian izango da, baita Irizar saria irabazteko borrokan ere.
Gauza bera egingo du Maider Fernandez Iriartek zuzendu duen Las letras de Jordi pelikulak, New Directors sailean. Donostiarraren lehen film luzea, gainera, Gazteriaren Sarirako lehiatuko da.
Perlak sailean, O que arde (Oliver Laxe) izango da ikusgai, eta Culinary Zineman, Mikel Urretabizkaiaren Gazta, Irizar sarirako lehian hau ere.