"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Lucía Peralta efektu bisualen artistaren (Aquaman, Jumanji – Welcome to the jungle, The Jungle Book edota Game of Thrones) eskola magistrala Zinemaldia & Technologyren programazioan sartuko da. Lucía Peralta Deluxe Spaineko DMP (Digital Matte Paintings) taldeko arduraduna da, eta, efektu bisualen arloko gainbegirale Curro Muñozekin batera, ekimenaren bigarren edizioan parte hartuko du, irailaren 22an (igandea), Tabakaleran.
Berritasun gisa, Zinemaldia Startup Challenge lehiaketako saria emango da aurten. Bost proiektu finalistek beren proposamena aurkeztuko dute: FlowCut, errealitate areagotuko proiektu bat, Elbio Nielsen eta Fernando Chiarri Bizkaian kokatutako ekintzaileek garatua; LargoAI, adimen artifizialaren esparruko ekimen bat, Suitzako startup batek bultzatua; Shield by Brave, hau ere adimen artifizialaren esparruko proiektu bat, non Arabako enpresa bat lanean ari den; Scenso.tv, blockchain teknologia ikus-entzunezkoen kudeaketari aplikatua, Frantziako enpresa batek egina; eta Volograms, errealitate areagotuko eta errealitate birtualeko edukiak sortzeko proposamen berritzaile bat, Irlandako enpresa baten eskutik.
Pedro Muñoz Barojak (Easo Ventures), Vanessa Ruiz Larreak (Deluxe Spain) eta Thierry Baujard-ek (Media Deals) osatuko dute epaimahaia eta aukeratuko dute irabazlea. Irabazleak 10.000 euro gordineko saria jasoko du. Bost finalistek Euskadiko Teknologia Parkeen Sareko BIC (Business Innovation Center) bateko inkubazio-espazio batean urtebetez aritzeko aukera izango dute, eta proiektua garatzeko 500.000 eurora arteko finantzaketa eskuratu ahal izango dute.
Eskola magistralaz, bost proiektu finalisten aurkezpenez (pitching) eta sari-banaketaz gain, zenbait enpresaren lau aurkezpen eta erakustaldi ere izango dira: 2deo (Anaitz Goia, 2deo-Tabakalera; eta Jose Mari Rivero eta Belén Moneo, Gosho); ikuspegi artifiziala (Aritz Víllodas, Tecnalia; eta Mónica Calvo eta Lucía Fierro, Alegría Activity); Pixel Level Product Placement (Mikel Zorrilla, Vicomtech; eta Xabi Zabaleta, Pausoka); eta errealitate birtuala (Pablo Aguirrezabal, Tecnalia; eta Ricardo Ramón González eta Jone Landaluze, Dibulitoon).
Eusko Jaurlaritzak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bitartez, Zinemaldia Startup Challenge sustatu du, ekimen honen bigarren edizioko jarduera nagusia. Ekimena bera Donostia Zinemaldiak, Tecnaliak, Tabakalerak –2deo ikus-entzunezko laborategiaren bidez– eta Petronorrek antolatu dute, Vicomtech ikerketa aplikatuko zentroaren laguntzaz.
Europa Creativa MEDIAren babesa, European Film Forumen bidez
Jardunaldiak Europar Batasunaren babesa du Europa Creativa MEDIA programako European Film Forumen bidez. MEDIAren helburua Europako zinemaren eta ikus-entzunezkoen industriaren lehiakortasuna bultzatzea da, baita Europako zinema sustatzea ere.
Zinemaldia & Technology Donostia Zinemaldiaren apustu estrategiko bat da, eta teknologiaren eta ikus-entzunezkoen industriaren erreferentziako espazioa izatea nahi dute.
Sarrera librea izango da, jarlekuak bete arte.
Tabakalerako patioa, 10:00etan