"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Focus on ekimenaren bidez, Zinemaldian egoteko aukera eman nahi zaie herrialde edo lurralde jakin batetik datozen industriako profesionalei; nagusiki, ekoizpenaren alorrekoak badira. Hala, harreman profesionalen sarea handitu eta Zinemaldiko industria-jardueretan parte har dezakete.
67. edizioan, eta Poloniako Zinema Institutuaren lankidetzari esker, hamar ekoizle etorriko dira Donostiara Europako eta Latinoamerikako beste herrialde batzuekin koprodukzioak egiteko aukerak handitzeko.
Poloniak zinematografia sendoa du, eta bertako industriak gero eta parte-hartze handiagoa du koprodukzioen garapenean. Gainera, Poloniako Zinema Institutuak hobari fiskalen araubide berria jarri du aurten martxan.
Azken urteetan nabarmen ugaritu dira Donostia Zinemaldiko sailetan parte hartu duten Poloniako ekoizpenak. 2016an Plac Zabaw / Playground-ek Sail Ofizialean izan zuen munduko estreinaldia, eta 2017an eta 2018an Poloniako sei ekoizpen edo koprodukzio hartu zituzten Zinemaldiko sailek. Aurten, Poloniarekin koprodukzioan egindako bi lan ikusi ahal izango dira Zinemaldian: Malgorzata Szumowskaren The Other Lamb (Sail Ofiziala) eta Mauricio Osakiren Os Caminhos do Meu Pai / The Paths of My Father (Zinema Eraikitzen).
Ekimena 2014an jarri zen abian, Focus on Canada jardueraren bidez eta Telefilm Canada erakundearen lankidetzari esker. Arrakastatsua izan zenez, 2015ean berriz ere herrialde hori izan zen Focus on jardueraren xede. 2016an, Danimarka, Islandia eta Norvegiako institutu zinematografikoekin elkarlanean, Focus on Nordic Glocal egin zen. Hain zuzen ere, Glocal in Progress jardueraren abiaburua izan zen; 2017an jarri zen martxan, eta 2018an Baltikoko herrialdeei eskaini zitzaien.
Ondorengoen babesarekin