Zinema Kritikarien Nazioarteko Federazioko kideek (FIPRESCI) ROMA izendatu dute 2019ko urteko film onena. Bozketan mundu osoko 618 kritikarik hartu dute parte, eta 2018ko uztailaren 1etik aurrera estreinatutako film guztien artetik aukeratu dute ekoizpen hori. Beste hiru film izan dira finalean: Bong Joon-horen Gisaenchung / Parasite-k Perlak sailean parte hartuko du Cannesen Urrezko Palmorria irabazi eta gero; Pedro Almodóvarren Dolor y gloria-ri esker Cannesen aktore onenaren saria irabazi zuen Antonio Banderasek; eta Yorgos Lanthimosen The Favourite / La favorita-k, Venezian saria irabazi, eta emakumezko aktore onenaren Oscarra ekarri zion Olivia Colmani.
Alfonso Cuarónek lehen aldiz irabazi du saria. Hain zuzen ere, ROMA-k jasotako azken aitormena da Fipresci Sari Nagusia; Venezian estreinatu eta gero, Perlak sailean parte hartu zuen 2018an, eta sari-zerrenda amaigabea bildu du hilabete hauetan: Urrezko Lehoia Venezian; ingelesez besteko film onenaren, zuzendaritza onenaren eta argazki onenaren Oscar sariak; ingelesez besteko film onenaren eta argazki onenaren BAFTA sariak; hamar Ariel sari; film iberoamerikar onenaren Goya saria; eta zazpi Platino sari, besteak beste.
1999an sortu zenetik, maila handiko zinemagileak nabarmendu ditu Fipresci Sari Nagusiak: esaterako, Pedro Almodóvar, Michael Haneke, Cristian Mungiu, Jean-Luc Godard, Richard Linklater, Roman Polanski, George Miller, Maren Ade, Aki Kaurismäki eta Paul Thomas Anderson, beste batzuen artean.
67. Donostia Zinemaldiaren inaugurazio-galan banatuko da Fipresci Sari Nagusia.
ROMA Alfonso Cuarón (Gravity, Hijos de los hombres, Y tu mamá también) zuzendari eta gidoilari Oscar saridunak orain arte egindako proiektu pertsonalena da, eta Cleo gazteari buruz hitz egingo digu. Cleo etxeko langile dabil Roman, Mexiko Hiriko erdiko klaseko auzo batean. Berau hezi duten emakumeentzako amodio-gutun bikain honetan, bere haurtzaroko zatiak berreskuratuko ditu Cuarónek, etxeko gatazken eta gizarte-hierarkiaren erretratu emotibo eta benetakoa egiteko, 70eko hamarkadako egoera politiko gorabeheratsuaren esparruan.