Zabaltegi-Tabakalerak, Zinemaldiko sail irekienak, 19 lan hartuko ditu bere lehiaketan; besteak beste, Bertrand Bonello, Mati Diop, Takashi Miike eta Diao Yinan zinemagileek ekarriko dituzte beren lanak. Lau estreinaldi hartuko ditu sailak eta, gainera, aurrez Berlin, Cannes eta Locarnoko lehiaketetan aurkeztutako hainbat lan hautatu dira. Guztira, hamahiru film luze, film ertain bat, lau film labur (horietako bat animaziokoa) eta sail bat bildu dira.
Lau ekoizpenek munduko estreinaldia izango dute sailean. Ficción privada-n, Andrés di Tellak (Buenos Aires, 1958) familiako oroitzapenak aztertuko ditu bere gurasoek duela hainbat urte elkarri idatzitako gutunen bidez. Zinemagilea Donostiara itzuli da Zabaltegin 327 cuadernos (2015) erakutsi eta gero. Filmarekin batera arte-instalazio bat jarri zen Tabakaleran, eta urte hartan bertan foku bat egin zitzaion hantxe ere. Justin Websterrek (Aldershot, Erresuma Batua, 1963), Muerte en León (2016) eta El fin de ETA (Zinemira, 2016) lanen egileak, Nisman kasuaren ikerketari buruzko sail bat estreinatuko du: El fiscal, la presidenta y el espía.
592 metroz goiti (2018) film laburrarekin Zabaltegi-Tabakalera sailean parte hartu ondoren, Maddi Barber (Lakabe, Nafarroa, 1988) berriz itzuli da sailera Urpean lurra film ertainarekin, non berriz ere arretaz begiratuko baitio Itoizko presari. Laugarren mundu-estreinaldia Izibene Oñederraren (Azkoitia, 1979) Lursaguak izango da, Eusko Jaurlaritzaren Kimuak film laburren katalogoan dagoen lan bat. Aurrez ere Belodromoan emanaldia izan du zuzendariak, Hotzanak, For Your Own Safety (Zabaltegi, 2013) lanarekin eta Kalebegiak (2016) talde-filmeko Kutxa beltza atalarekin. Azkenik, Anthony Marcianok (Frantzia, 1979) nazioartean estreinatuko du bere hirugarren film luzea, Play, bideo-kamera baten bidez belaunaldi oso baten erretratua egingo duen gazte bati buruzkoa.
Angela Schanelecek (Aalen, Alemania, 1962) Ich war zuhause, aber / I Was At Home, But aurkeztuko du, hamar egunez arrastorik utzi gabe desagertuko den seme baten amari buruzko istorio bat. Zuzendaria ohiko parte-hartzailea da Cannesko eta Berlingo zinema-jaialdietan, eta film horri esker zuzendaritza onenaren Zilarrezko Hartza lortu zuen Berlingo azken zinema-jaialdian. Hango Sail Ofizialean parte hartu zuen, halaber, Alemaniako lehiaketan ezaguna den Denis Côté zinemagile eskarmentudunak (New Bruswick, Kanada, 1973). Répertoire des villes disparues (Ghost Town Anthology) filmean, gertakari bitxi batzuk bizi dituen Quebeceko herrixka batera hurbilduko da kanadarra.
Jean-Gabriel Périotek (Bellac, Frantzia, 1974) New Directors sailean parte hartu zuen Lumières d’été (2016) filmarekin, eta Zabaltegi-Tabakaleran, berriz, Une jeunesse allemande (2015) eta Song for the Jungle (2018) lanekin. Azken sail horretara ekarriko du Nos défaites / Our Defeats, berrinterpretazio-jolas batez baliatuta politikarekin ditugun harremanak irudikatzen dituen film bat. Périotek Berlinale Forum sailean parte hartu zuen lan harekin, Callisto McNulty (Paris, 1990) zuzendari hasiberriak Delphine et Carole, insoumuses filmarekin bezala. Lan horretan, 70eko hamarkadako feminismoaren bihotzerako bidaia proposatzen du, Delphine Seyrig aktorearen eta Carole Roussopoulos bideo-artista aurrez aurre jarririk.
Orobat, Berlinale Shorts sailean egondako hiru film labur programatu dira. Sail horretan Urrezko Hartzaren irabazle suertatu zen Blue Boy, Alemaniako hiriburuan lan egiten duten zazpi sexu-langileen gaineko erretratuari esker. Manuel Abramovichek (Buenos Aires, 1987) bigarren aldiz parte hartuko du Zabaltegi-Tabakalera sailean lan horrekin; aurrez, Soldado ekarri zuen (2017), eta ondoren 2018an Ikusmira Berriak programarako hautatu zuten El oasis proiektua. Bigarrenik, Martín Rejtmanen (Buenos Aires, 1961) lanek ere hainbat sail igaro dituzte Donostian, eta aurten Nest Film Students saileko epaimahaiko presidentea izango da. Gainera, Shakti film laburra aurkeztuko du, amonaren heriotzaren egunean neska-lagunarengandik banantzea erabakiko duen mutil bati buruzkoa. Berlinale Shorts sailean izandako hirugarren eta azken filma Leyenda dorada da. Kimuak ekimenean hautatu dute, halaber. Ion de Sosak (Urnieta, 1981) eta Chema García Ibarrak (Elx, 1980) zuzendu dute; azken horrek Zabaltegi-Tabakalera sariaren Aipamen Berezia irabazi zuen La disco resplandece (2016) film laburrarekin.
Bestalde, Atlantique / Atlantics Mati Diopen (Paris, 1982) lehen lana erakutsiko du Zinemaldiak. Dakarreko langile batzuk etorkizun hobe baten bila itsasoratzen direnean hasten da filma. Hari esker, Cannesko Sail Ofizialean Epaimahaiaren Sari Nagusia eraman zuen zuzendari frantses-senegaldarrak. Zinema-jaialdi hartan lehiatu zen Diao Yinan ere, Bai ri yan huo (Black Coal, 2014) filmarekin Berlingo Urrezko Hartza irabazi ondoren. Bere azken lanean, erredentzio bila ari den gangster bat eta berriz aske izateko ahaleginetan ari den prostituta bat bildu ditu Nan Fang Che Zhan de ju hui / The Wild Goose Lake izenburuko filmean.
Nocturama (2016) filmarekin Urrezko Maskorra lortzeko lehiatu eta Sarah Winchester, ópera fantôme (2016) Zabaltegira ekarri ondoren, Bertrand Bonello (Niza, 1968) azken sail horretara itzuliko da Zombi Child-ekin. Filmaren abiaburua 1962. urtea da, baina 55 urteren ondoren jarraituko du, Frantziako hiriburuan. Bestalde, Takashi Miikek (Yao, Osaka prefektura, Japonia, 1960) Hatsukoi filmarekin parte hartuko du. Zuzendariak boxeolari bat, prostituta bat, polizia ustel bat eta yakuza bat elkartu ditu bere filmografian ezagunak diren beste pertsonaia batzuen artean. Bonellok bezala, Miikek Cannesko Errealizadoreen Hamabostaldian aurkeztu zuen film hori.
Damien Manivelek (Brest, Frantzia, 1981) Veneziako Orizzonti sailean eta Zabaltegi-Tabakaleran parte hartu zuen La nuit ou j’ai nagé (2017) filmarekin. Aurten, Les enfants d’Isadora / Isadora’s Children izeneko lanarekin itzuliko da sailera, hari esker Locarnoko zinema-jaialdian zuzendari onenaren saria irabazi berritan. Filmean, lau emakumek berriz topo egingo dute Isadora Duncanek 1913an bere bi haurrak hil ondoren sortu zuen bakarkako dantzarekin. Locarnon programatu da, halaber, L’île aux oisaux /Bird Island, Maya Kosa (Geneva, Suitza, 1985) eta Sergio da Costa (Lausana, 1984) zinemagileen lankidetza berria, non gazte batek berriz ezagutuko baitu mundua txorientzako errehabilitazio-zentro batean. Anna Sofie Hartmannek (Nakskov, 1984) New Directors sailera ekarri zuen bere lehen lana, Limbo (2014), eta oraingoan Giraffe filmarekin itzuli da. Alemania eta Danimarka elkartzeko tunel baten ondorioz betiko aldatuko den eremu bateko langileen eta biztanleen ikuspuntuak aztertuko ditu haren bidez. Locarnoko zinema-jaialdian estreinatu zen, lehiaketaz kanpo.
Zinemaldiak izendatutako epaimahai batek aukeratuko du Zabaltegi-Zabakalera sariaren irabazlea. Orotara 20.000 euro banatuko ditu sariak: 6.000 filmaren zuzendariari, eta gainerako 14.000 euroak, filmaren Espainiako banatzaileari.
Kostalde atlantikoan, gutxi barru irekiko den dorre futurista bat altxa dute Dakarreko aldirietan. Ada, 17 urteko gazte bat, Souleimane eraikuntza-langile gaztearekin maiteminduta dago. Baina beste gizon batekin ezkonarazi nahi dute. Gau batean, Souleimane eta haren lankideak itsasoan desagertuko dira. Gutxira, haien auzo zaharra ikaratzera itzuliko dira, atzean utzi zituzten neska-lagunetan gorpuztuta. Langile batzuk mendekua lortu nahian etorri dira, eta sustatzaileak soldatak ordaintzen ez badizkie dorrea erreko dutela mehatxatuko dute. Baina Souleiman Adarengatik itzuli da, harekin azkenekoz egon ahal izateko.
Nire bila ari zara? Desio nauzu? Pasa dezagun ondo… Berlingo zazpi sexu-langile errumaniarren erretratua, beren esperientzien grabaketei entzuten eta erantzuten ari direnean. Kamera bezero bihurtuko da, eta esplotazio-prozesua ikuskizun, agerian utzirik botere-harremanen performatibotasun saihetsezina. Berlinale Shorts sailean estreinatutako film laburra.
Delphine Seyrig aktore mitikoaren eta Carole Roussopoulos bideo-artistaren arteko bilerak 70eko hamarkadako feminismoaren bihotzera eramango gaitu. Kamera eskuan, borroka erradikaletan nahastuko dira biak, lotsagabekeriaz, irmotasunez eta umore handiz.
Atentatu terrorista bat ikertzen ari den fiskal batek Argentinako presidenteari Iranekin konplotetan aritzea leporatuko dio. Lau egunera, fiskala buruan tiro batekin hilda agertuko da bere etxeko bainugelan. Alberto Nisman Buenos Airesen hil zen, baina hilketa edo suizidio misteriotsuaren uhina munduan hedatu zen Israel, Iran eta Estatu Batuetaraino. Sei kapituluko telesaila.
Bi aktorek zuzendariaren gurasoek elkarri idatzitako gutunak irakurriko dituzte gau eta egun batzuetan zehar. Torcuato, aita, argentinarra da, eta Kamala, ama, hindua. Gutunek 50etik 70era bitarteko hamarkadak zeharkatzen dituzte. Amodiozkoak eta idealistak dira, munduan zeharreko bidaiak jasotzen dituzte, eta sozialismoaz eta psikoanalisiaz, oinazeaz eta hautsitako ametsez hitz egingo digute. Irakurri ahala, antzekotasunak eta desberdintasunak dituen harreman bat azaleratuko da aktoreen artean. Bitartean, zuzendariak alabarekin egituratuko du familiako oroitzapenen puzzlea, XX. mendeko istorio pribatu bat.
Uda Danimarkan: egun luzeak gau urdin bihurtzen dira. Danimarka eta Alemania lotzeko tunel bat egiten ari dira. Hiru pertsonak elkar ezagutuko dute eta berriz bananduko dira.
Leok, bolada txarra pasatzen ari den boxealari gazte batek, bere 'lehenengo maitea' ezagutuko du: Monica, prostituta eta drogazalea izan arren inozentziari eutsi dion neska bat. Ez daki, ordea, Monika droga-trafikoko kontu batean nahastu dela nahi gabe, eta gau osoan zehar atzetik segika izango dituzte polizia ustel bat, yakuza bat, haren etsaia, eta txinatar triadek bidalitako hiltzaile bat. Haien guztien patuek elkar gurutzatuko dute.
Phillip, hamahiru urteko mutiko bat, astebetez etxetik desagertuko da arrastorik utzi gabe. Itzultzen denean, amari bizitzaren gaineko ikuspegia aldatuko diote erantzun nahi dituen galderek. Amak eta semearen irakasleek ezin dute susmatu baino mutila zertan ari zen naturaren mendean geratuz eta heriotzara hurbilduz, aitaren heriotza dela eta. Amak ezingo du onartu semeak bere bizitza duela eta alor horretan eragin mugatua izan dezakeela.
Luze isolatuta egon ondoren, Antoninek, neke kronikoa duen gazte batek, berriz ezagutuko du mundua txorientzako errehabilitazio-zentro batean. Toki bitxi horretan, elkarrekin bizi dira txori zaurituak eta galdutako arimak, hegazkinen nonahiko urrumen artean.
1913an bere bi haurrak hil eta gero, Mother izeneko bakarkako agur-dantza sortu zuen Isadora Duncan dantzari gogoangarriak. Dantzaren une erabat samur batean, ama batek azken aldiz kulunkatzen du bere haurra, joaten utzi aurretik. Mende baten ondoren, dantza lazgarri horrekin topo egingo dute lau emakumek.
Udako egun bat, herriko igerilekua: beroa, nerabeak, familiak, bikoteak, txonboak, garagardoa eta ogitartekoak tabernan. Medium nerabe bat norbaiten bila ari da Espainiako mapa baten gainean pendulu bat mugituz. Ezohiko zerbait gertatuko da ohikoaren artean: mutil bat itotzear dago, eta norbait salbatzera joango zaio igerilekuko uraren gainetik oinez. Bainulariek naturaltasunez hartuko dute gertatutakoa eta ezer gertatu izan ez balitz bezala jarraituko dute.
Hélène Cixousek esan bezala, bizi garen garai honetan, inoiz ezagutu ez dugun espezie bateko milioika lursagu ditugu, milaka urteko kulturaren oinarri kontzeptuala suntsitzen.
Zhou Zenong espetxetik atera berri den gangster bat da. Gau horretan bertan iheslari bihurtuko da, banda-bilera bat gaizki amaitu eta ondorioz polizia bat hiltzen denean. Zauriak sendatu bitartean ezkutatu nahian, Liu Aiai aurkituko du: laguntzeko edo diru kopuru handi samar baten truke Zhou poliziaren kapitainarengana eramateko bidalitako prostituta bat. Bandetatik eta itxuraz Wuhan hiri osoa hartu duen polizia-operaziotik ihes, neska arrotz horregatik eta atzean utzi duen familiarengatik zenbateraino sakrifikatzeko prest dagoen erabaki beharko du Zhouk.
Zer indar geratzen zaizkigu orainaren kaosari aurre egiteko? Nos défaites-ek politikarekin dugun erlazioaren erretratu bat egingo du. Horretarako, jolas gisa, 68ko Maiatzaren osteko filmen zatiak berrinterpretatzeko eskatuko die bigarren hezkuntzako ikasleei, eta aktore gazte horien elkarrizketak tartekatuko ditu. Nola hautematen dute haiek hazi diren mundua? Eta, batez ere, aldatu, suntsitu edo berria eraiki nahiko dute?
1993an, 13 urte dituenean, Maxek bere lehen bideo-kamera jasoko du. 90eko hamarkadatik eta gaurdaino, guztia grabatuko du Maxek: lagunak, arrakastak, desilusioak, lehen aldiak… Hala funtsezkoa nola azalekoa. Bere bizitzako erabaki garrantzitsuena hartzeko bezperan, bere bizitzako filma editatuko du. Guztion bizitzako filma.
Irénée-les-Neigesen, 215 biztanle dituen Quebeceko herri isolatu batean, auto-istripu batean hilko da Simon Dube. Herritarrek, zur eta lur, ez dute tragediaren inguruabarrei buruz hitz egin nahiko. Une horretatik aurrera, badirudi denborak zentzua galduko duela irudituko zaie Dube familiarentzat, Smallwood alkatearentzat eta beste zenbait herritarrentzat, eta egunak amaigabe bihurtuko dira. Astiro, zerbait jaitsiko da inguru horretara. Dolu-garai horretan, behe-lainoaren erdian, arrotzak agertzen hasiko dira. Nor dira? Zer ari da gertatzen?
Federicok Magdarekin harremana haustea erabakiko du, baina neska aurreratu egingo zaio. Federico depresio sakon batean eroriko da. Hala ere, bizitza aldatzen hasiko zaio amonak hil aurreko hilabeteetan eman zizkion patata knishe izoztuak aurkitzen dituenean etxeko izozkailuan.
Duela ia bi hamarkada, Itoizko urtegiak Nafarroako Pirinioetako maldetako zazpi herri eta hiru erreserba natural urperatu zituen. Itoitzekiko Elkartasuna talde ekologistak bideoan hartu zuen urtegiaren aurkako borroka. Oraindik urpeko lurrarekin amets egiten dute han egon zirenek. Beren ahotsekin eta keinuekin gaurdaino iraun duen dolu indibidual eta kolektiboa azalduko dute. Munduko estreinaldia.
Haiti, 1962. Gizon bat hildakoen artetik itzuliko da, eta azukre-kanaberako soroen infernura bidaliko dute. Handik 55 urtera, Ohorezko Legioaren Parisko barnetegi entzutetsuan, haitiar neska batek bere familiaren sekretua azalduko die bere lagun berriei, bihotza apurtuta duen ikaskide batek istorio bitxi horren ondorioz pentsaezina egingo duela susmatu gabe. Cannesko Errealizadoreen Hamabostaldian aurkeztua.