Irailaren 27an (22:00etan) Kursaalen egingo den galan, laneko ibilbide osoaren Donostia saria jasoko du Penélope Cruzek. Saria banatu ostean, Olivier Assayasen Wasp Network proiektatuko da; espainiar aktorea bera da filmaren protagonista. Ekitaldirako sarrerak jadanik salgai daude Zinemaldiaren webgunean, 45 euroko prezioan.
Wasp Network-ek Veneziako zinema-jaialdian izango du munduko estreinaldia. Frantzia, Brasil, Espainia eta Belgika arteko koprodukzio horrek, besteak beste, Edgar Ramírez, Gael García Bernal, Wagner Moura, Ana de Armas eta Leonardo Sbaraglia aktoreak bildu ditu antzeztaldean Penélope Cruzekin batera. Kubatar espioien sare bati 90eko hamarkada amaieran AEBn espiatzea eta erailtzea leporatu zitzaienekoa kontatuko digu filmak. Espainian, Wanda Vision eta Avalon enpresek banatuko dute.
Olivier Assayasek (Paris, 1955) Zuzendari Berriak sailean aurkeztu zuen bere lehen film luzea, Désordre (1986). Harrezkero, Donostian hainbat sailetan parte hartu dute haren lanek. Fin aout, debut septembre (1998) Sail Ofizialean izan zen; Quartier des Enfants Rouges (2006, Paris, je t’aime talde-filmeko segmentua), Perlak sailean; Clean (2004), 2009ko Kontrauhina: Frantziako zinema berriena atzera begirakoan; eta L’heure d’été (2008) eta Après mai (2012), Veneziako zinema-jaialdiko gidoi onenaren saria irabazlea, Perlak sailean. Gainera, Cannesen zuzendari onenaren saria lortu zuen Assayasek Personal Shopper (2016) filmari esker.
Habana, 90eko hamarkadaren hasiera. René González kubatar pilotuak, hegazkina lapurtu, eta Kubatik alde egingo du bere emazte eta alaba maiteak atzean utzirik. Miamin bizitza berria hasiko du. Laster, beste kubatar desertore batzuek jarraituko diote, eta espioi-sare bat jarriko dute martxan. Irlan eraso terroristak egin dituzten erakunde anticastristetan infiltratzea da haien misioa.