Hamazazpi film luzek, film ertain batek eta hiru film laburrek osatuko dute 67. Donostia Zinemaldian hautatutako euskal ekoizpena. Sail Ofizialean, News Directors, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Culinary Zinema eta Zinemira sailetan, eta euskal zinemaren eta EITBren galetan ikusi ahal izango dira. Haietako bederatzi (hau da, munduko estreinaldia Zinemaldian izango duten film luzeak) Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehiatuko dira.
Zinemirak, berariaz euskal zinemari eskainitako sailak, hamar ekoizpen hartu ditu barnean, fikzioa eta ez-fikzioa, opera primak eta ibilbide luzeko zinemagileen lanak bilduta.
Helena Tabernaren (Altsasu, Nafarroa) Varados-ek emango dio hasiera sailari. Zinemaldiak Tabernaren hainbat film programatu ditu azken urteotan: besteak beste, Yoyes (Made in Spain, 2000), La buena nueva (Berri ona, Made in Spain, 2009) eta Acantilado (Zinemira, 2016). Varados-ek Grezian dauden iraupen luzeko errefuxiatuen eguneroko bizitza erakutsiko digu.
Glittering Misfits Iban del Camporen (Arrasate, Gipuzkoa, 1971) lehen film luzea da. Aurrez, Kimuak-en hautatu eta Zinemaldian proiektatu ziren haren bi film labur: Dirty Martini eta Espedizio handia. Glittering Misfits-en, New Yorkeko off-off Broadwayko nightclub eta kabaretak esploratzeko bidaia batean abiatu da Dirty Martini-k zirriborratutako gaian sakontzeko.
Hiru uhinak - Les trois vagues ere Loïc Legrand zuzendariaren lehen film luzea da. Hartan, hiru zinemagilek kondaira zahar bat iruditan kontatzeko erronkari egin beharko diote aurre.
Taberna, Del Campo eta Legrand Euskal Zinemaren Irizar Saria lortzeko lehian izango dira. Gainera, urteko euskal ekoizpen nabarmenetako zazpi lan erakusteko tokia utziko du Zinemirak.
El doble más quince-k, Mikel Ruedaren film berriak (Bilbo, 1980), lehiaketaz kanpo parte hartuko du sailean. Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan (2017) hautatutako proiektuetako bat izan zen, eta Malagako zinema-jaialdian izan zuen estreinaldia. Ruedak New Directors sailean parte hartu zuen bere lehen film luzearekin (Izarren argia / Estrellas que alcanzar, 2010). El doble más quince-n, 45 urteko emakume baten eta 16 urteko mutil baten arteko harremana jaso du. Maribel Verdú eta Germán Alcarazu dira protagonistak.
Sailean ikusiko da Muga deitzen da pausoa ere. Maider Oleagak (Bilbo, 1976) Ikusmira Berriak egonaldi-programaren lehenengo urtean garatu zuen proiektu hori, eta Gijongo zinema-jaialdian estreinatu zen.
Bestalde, Bernardo Atxagaren izen bereko eleberrian oinarritutako filma, Soinujolearen semea, Huelvako eta Nantesko zinema-jaialdietan aukeratu zuten. Zuzendariak, Fernando Bernuések (Donostia, 1961), New Directors saileko lehiara ekarri zuen Kutsidazu bidea, Ixabel (2006, Mireia Gabilondorekin batera zuzendua) eta Zinemiran aurkeztu zuen Mugaldekoak (2010).
Zinemiran ikusiko dugu, halaber, Juanmi Gutiérrezen (Errenteria, 1945) azken filma, Paseko txoriak. Aurrez, beste hamar film aurkeztu ditu Gutiérrezek sailean. Aurtengo otsailean hil zen eta 67. Zinemaldiak omenaldia egingo dio.
70 binlandens Koldo Serraren (Bilbo, 1975) hirugarren film luzea da, The Backwoods (Baso ilunean) eta Gernika. The Movie-ren ondotik. Emma Suárez, Nathalie Poza eta Hugo Silva dira Sitgeseko zinema-jaialdian estreinatutako film horren protagonistak.
Bestalde, La pequeña Suiza Kepa Sojoren (Laudio, Araba, 1968) bigarren film luzea da, El síndrome de Svensson-en (2006) ondoren. Euskadi erdian dagoen Gaztelako herri baten gorabeherak kontatuko dizkigu.
Azkenik, Zinemiran aurkeztuko da Elkano, lehen mundu bira animazio-filma, Ángel Alonsok (Pasaia, Gipuzkoa, 1967) zuzendutako bigarrena. Lehenengoa, El ladrón de sueños (Ametsen lapurra, 2000), animazio-film onenaren Goya sarirako hautagaia izan zen.
‘Agur Etxebeste’ Euskal Zinemaren Galan
Duela 14 urte, Asier Altunak (Bergara, Gipuzkoa, 1969) eta Telmo Esnalek (Zarautz, Gipuzkoa, 1967) Gazteriaren Saria lortu zuten Aupa Etxebeste! (2005) New Directors sailean aurkeztuta. Harrezkero, Zinemaldiaren sailetara ekarri dituzte beren filmak; besteak beste, Sail Ofizialera. Aurten, Agur Etxebeste! filmaren emanaldia hartuko du Euskal Zinemaren Galak. Patrizio Etxebesteren eta haren emazte María Luisaren abentura berriek Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehian parte hartuko dute.
Chaika-rekin (2012) New Directors saileko lehiaketan parte hartu eta gero, Miguel Ángel Jiménezek (Madril, 1979) EiTBren galan estreinatuko du Una ventana al mar, eta Zinemaldiko euskal ekoizpen onenaren saria lortzeko ere lehiatuko da. Filmean, minbizia diagnostiko baten berri izan ondoren Greziarako bidaia egingo duen emakume bat hezurmamitu du Emma Suárezek.
Era berean, Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehian sartuko dira La trinchera infinita, Aitor Arregik (Oñati, Gipuzkoa, 1977), Jon Garañok (Donostia, 1974) eta Josemari Goenagak (Ordizia, Gipuzkoa, 1976) zuzendutako filma, Sail Ofizialeko aukeratik; eta Las letras de Jordi (Ikusmira Berriak 2017), Maider Fernández Iriarteren (Donostia, 1988) lehen lana, New Directors sailetik. Culinary Zineman estreinatutako bi film ere hartuko ditu lehiaketak: batetik, Iñaki Artetaren (Bilbo, 1959) Bittor Arginzoniz. Vivir en silencio, Etxebarri erretegiko sukaldariaren nortasunari buruzkoa; eta, bestetik, Mikel Urretabizkaiaren Gazta, Idiazabal gaztaren unibertsoarekin lotutako lekukotzak bildu dituen filma.
Zinemaldian beste euskal ekoizpen hauek ikusi ahal izango dira, halaber, nahiz eta Irizar saila lortzeko hautagaien zerrendan ageri ez: Ion de Sosaren (Urnieta, Gipuzkoa, 1981) eta Chema García Ibarraren (Elx, Alacant, 1980) Leyenda dorada eta Izibene Oñederraren (Azkoitia, Gipuzkoa, 1979) Lursaguak, Kimuak-etik Zabaltegi-Tabakalera sailerako aukeratutako bi film labur; Maddi Barberren (Lakabe, Navarra, 1988) Urpean lurra film ertaina, Zabaltegi-Tabakalera sailean ere, zuzendariak iaz aurkeztutako 592 metroz goiti film laburra bezala; Oliver Laxeren (Paris, 1982) O que arde, Cannesko zinema-jaialdiko Un Certain Regard sailean estreinatutako eta saritutako filma, Perlak sailean programatu baita; eta Igor Arabaolazaren Zer jan hura izan, Culinary Zinema sailean.
Bi proiektu Koprodukzio Foroan eta Ikusmira Berriak programan
Gainera, euskal ekoizpeneko bi proiektu hartuko ditu Zinemaldiak: Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan Asier Altunaren Karmele hautatu dute eta Ikusmira Berriak egonaldi-programaren esparruan, Aitziber Olaskoaga (Getxo, Bizkaia, 1980) Jo ta ke garatzen ari da.
EUSKAL ZINEMAREN GALA
Patrizio Etxebestek alkatetza utzi beharko du osasun-arazoak direla eta. Gutxik dakite benetako zergatia, ordea: inguruko herrietan argitara atera diren ustelkeria-eskandaluek pentsarazi diote hurrena bera eror daitekeela. Eta nor hobe bera ordezkatzeko eta kontrolari eusteko, Maria Luisa emaztea baino. Baina guztia ez da lehen bezain erraza izango. Emakume loreontziak apaingarri hutsa izatea baztertuko du, eta ekinean hasiko da. Gizon kontrolatzaileak ez du kontrolatzen berak uste edo nahi beste, eta egokitu beharko du, aurrera egin. Krisi orok tirabirak eta arazoak dakartza, familiakoa, politikoa nahiz soziala izan. Baina aldaketak eta abagune handiak ere sortzen ditu. Aupa Etxebeste! (2005) filmaren sekuela.
EITB GALA
Albiste batek bizitza aldatzen dionean, Maríak, berrogeita hamabost urteko Bilboko emakume espainiar batek, bere lagun hurkoenekin Greziara bidaiatzea erabakiko du, semea eta sendagileak aurka agertu arren. Bat-bateko erabaki batek Nisyros irlara eramango du: leku baketsu eta lasaia da, eta berehala etxean bezala sentituko da. Irla ederra arakatu eta haren altxor ezkutuetan murgildu bitartean, Stefanos ezagutuko du, eta itxura guztien kontra maitemindu egingo da. Errealitatetik ihesaldi laburra zirudiena zoriona lortzeko ustekabeko aukera bihurtuko da laster.
ZINEMIRA
Euskal zinemari eskainitako saila da eta Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak antolatzen dute, Irizar eta EITBk babestuta eta Euskadiko Filmategiaren, EPEren, IBAIAren eta Zineuskadiren lankidetzarekin.
Mediterraneoan, gure zibilizazioaren oinarri izan zen itsasoan, milaka errefuxiatu daude Europak noiz hartuko dituen zain. Kontinente zaharraren ateetan, itxaropenari eusteko lehiatzen dira, egunero baldintza kaskarretan bizi arren. Varados iraupen luzeko errefuxiatu horien eguneroko bizitzara hurbiltzen da. Atenaseko eraikin okupatuetan nahiz herrialdean zehar sakabanatutako errefuxiatu-eremuetan, bizitzan aurrera egiten utziko dien dokumentazioaren zain daude oraindik gizon-emakume horiek.
Raquel etsi-etsian dabil. Bere egoera pertsonala dela eta, 35.000 euro beharko ditu (lagunartean '70 binlanden' esaten dena) eta hurrengo 24 orduetan beharko ditu gainera. Bere azken itxaropena bankuan mailegua lortzea da. Transakzioa ixtear dagoenean bi lapur sartuko dira, ordea, eta are gehiago zailduko da Raquelen egoera. Beraz, aukera bakarra izango du: denbora bere aurka duela, diruarekin alde egin beharko du handik, edozein preziotan.
Lehen mundu-bira. Magallanesen agintepean hasi eta Juan Sebastian Elkanok amaitutako bidaia, ezezagunerantz. Ekaitza, gosea, tribuak… Bost itsasontzi abiatu ziren Sevillatik. Hiru urteren ondoren, batek soilik lortu zuen itzultzea. Aparteko abentura planetaren inguruan, azkenean biribila dela frogatuta.
Irudika ezazue emakume bat, 45 bat urtekoa. Mehea, liraina, baina adina antzematen zaio. Irudika dezakezue? Orain, demagun eremu batean dagoela. Bakarrik. Familiako autoaren kapotean eserita. Zain. Norbaiten zain. Urduri. Urrutira, norbait iritsiko da. Mutil bat dirudi. Bai, mutil bat da, 16 urteko gazte bat, bizikletako pedalei eragiten. Aurrean geratuko zaio. Elkarri begiratuko diote. Deseroso. Ez dakite zer esan. Ez dakite zer egin. Mutilak erretzen dagoela ikusiko du. "Esan zenidan utzi zenuela", esango dio, zer esan jakin gabe. "Eta zuk, gehiago zenituela", erantzungo dio emakumeak, urduri eta haserre. "Eta orain, zer?", tematuko da mutila, oso urduri. Hori da galdera. Eta orain, zer? Zer gertatuko litzateke 45 urteko emakume bat eta 16 urteko mutil bat, Internet bidez elkar ezagutu, eta sexu-harremana edukitzeko elkartuko balira? Premisa hori da El doble más quince filmaren abiapuntua.
Dirty Martinik eta Tigger!ek, New Yorkeko undergroundaren izarrek, beren probokaziozko eta erreibindikaziozko adierazpide artistikoen sekretuetako batzuk azalduko dizkigute New Yorkeko Off-Off-Broadway eszenako night-club eta kabaretetan. Aldi berean, beren eguneroko intimitatetik, ulertaraziko digute zer borrokari, zer gakori eta zer arrazoiri esker diren oraindik neo-burlesque fenomenoaren figurak eta erreferenteak, joera horrek 90eko hamarkadan New Yorken eztanda egin zuenetik 20 urte igaro direnean.
Kondaira zoragarria eta amorragarria iruditzen zitzaidan. Baina, zer zentzu eman diezaiokegu egun? Iragarki bat atera nuen argitara, istorio zahar horretan oinarritutako film bat egitea eskaintzeko. Lilik, Añak eta Ekaitzek erantzun zuten, jakin-minez eta zinema-gogoz. Elkarrekin, hiru uhinen istorioari heldu, eta bere bihurtuko dute.
Film honek Euskadi erdian dagoen Gaztelako fikziozko herri bateko biztanleen gorabeherak kontatuko dizkigu. Telleria izeneko herriak, 700 urteren ondoren, euskal lurraldean sartu nahi du. Erkidego horretako gobernuak ezezkoa emango dio, baina, herrian santutegi bitxi bat aurkitzen dutenean, munduko herrialde garatuenetako batean anexionatzeko eskatuko dute Telleriako biztanle ausartek: alegia, Suitzan.
Bi emakume Donostiako (Euskadi) etxe zahar batean elkartuko dira. Bata bizirik dago eta zinemagilea da; besteak Elvira Zipitria Irastorza du izena, eta 1982an hil zen. Zinemagilea konturatuko da presentzia ikusezin batez beteta duela bizilekua, hainbat oihartzun ia-ia sumaezinez. Francoren diktaduraz geroztikoak dira hotsetako batzuk; garai hartan, euskara-eskola klandestino bat sortu zuen Elvirak. Etxeko aspaldiko maizterra emakume garrantzitsua izan zen XX. mendeko euskal kulturan eta politikan. Hala ere, ezkutuan geratu da. Zinemagilea, hari buruz gehiago jakin nahiak bultzatuta, ikertzen hasiko da. Bilaketa ez da bat ere erraza izango, eta laster performatibo bihurtuko da. Filma egitea Elvirarengana gerturatzeko modu azkenekoa izango da.
2018ko uztailean hasi zen guztia. Afrikatik zetozen etorkin taldeak Irungo tren-geltokira iristen hasi ziren, Frantziako muga zeharkatu nahian. Kalean egiten zuten lo. Herrian aritzen ziren GKE-ek mugimendu okupak erreakzionatzea lortu zuten, eta hala, beren lokalak utzi zizkieten. Eskuzabaltasuneko mugimendu horrek Irun osoa hartu zuen.
David Imazek Euskaditik ihes egin behar izan zuen 70eko hamarkadaren erdialdean, beretarrek baztertu eta traizioa leporatu ziotenean. Kalifornian zoriona aurkitu arren, oraindik atsekabea sortzen dio iraganak, eta erru-sentimenduak ez dio utziko bizitzaren azken egunak lasai ematen. Joseba Altuna, txikitako laguna, agur esatera joango zaio, eta, bide batez, konpondu gabekoak konpontzera. Denbora luzea eman dute elkar ikusi gabe, baina iritsi da egiari aurre egiteko unea. Bernardo Atxagaren izen bereko eleberrian oinarritua.
Zinemira sariak Jose María 'Txepe' Lara ekoizlearen ibilbidea sarituko du
Irailaren 24an (asteartea), Victoria Eugenia antzokian egingo den Euskal Zinemaren galan, Agur Etxebeste! filma estreinatzeaz gain, Zinemira saria banatuko da. Zinemaldiak eta Ibaia eta EPE/APV ekoizle-elkarteek euskal zinemaren pertsonaia nabarmen baten ibilbidea aintzat hartzeko ematen dute ohorezko sari hori. Orain arte, Imanol Uribe (2009), Álex Angulo (2010), Elías Querejeta (2011), Michel Gaztambide (2012), Juanba Berasategi (2013), Pedro Olea (2014), Karmele Soler (2015), Ramón Barea (2016), Julia Juaniz (2017) eta Ramón Agirre (2018) omendu ditu sariak. 2019an, José María Lara Txepe ekoizlearen jardunari egingo zaio gorazarre.
Txepe Larak (Madril, 1948) 1985ean hasi zuen zinemarekin harremana, foto finkoko eta kamera-laguntzaileko zereginak betez Hamaseigarrenean aidanez (Anjel Lertxundi, 1985), Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1986), Adiós, pequeña (Imanol Uribe, 1986) eta Ander eta Yul (Ana Díez, 1988, New Directors) filmetan.
Beste teknikari batzuekin batera, Euskal Teknikari Zinematografikoen Elkartea sortu zuen 1985etik 1986ra bitartean.
1987an José María Lara P.C. ekoiztetxea sortu zuen eta hor hasi zen bere bidea urratzen azken hiru hamarkadetako euskal zinemagintzan funtsezkoa izan den ekoizle aurrendari hori. Hala, 1988an, Lourdes Bañuelosen No estamos ekoitzi zuen. Hainbat enpresarekin –besteak beste, José Mª Lara PC, Alokatu SL, Shangri-la PC, Primero izquierda, Toca.Sons Produccions, Lumiere Produkzioak eta Xerifa Producciones– orotara ekoitzi dituen 40 film laburretan lehena izan zen.
Alfonso Arandiaren lehen filmean (El anónimo… ¡vaya papelón!, 1990) jarduera egitekotsua bete zuen ekoizle elkartu, ekoizle exekutibo eta kamera-laguntzaile gisa. Martxelo Rubio eta Miguel Molina izan ziren filmeko protagonistak. 1993an Arantxa Lazkanoren Urte ilunak (New Directors) ekoitzi zuen, Euskal Mediarekin batera, eta estatuko hainbat zinema-jaialditan lortu zituen sariak.
1994an, Helena Tabernaren Alsasua, 1936 filmaz gain, Justino, un asesino de la tercera edad ekoitzi zuen Flavio Martínez Lavianorekin batera. La Cuadrilla delako bikoteak (Santiago Aguilar eta Luis Guridi) zuzendutako lehen film luzea izan zen, eta sari ugari irabazi zituen: besteak beste, bi Goya sari, film onenaren saria Sitgesen, eta beste hainbat sari nazioarteko zinema-jaialdietan. Handik lau urtera, Aguilar eta Guridiren Atilano, presidente ekoitzi zuen, Luis Tosar aktorearen lehen lanetako bat. Alexandre Desplat konpositoreak jarri zion soinu-banda.
Horrez gain, lankidetza arrakastatsua izan zuen Ramón Barearekin; izan ere, harekin elkarlanean egin zituen Adiós, Toby, adiós (1995) eta Muerto de amor (Zabaltegi, 1996) film laburrak, eta Bareak zuzendutako bi film luzeak ere ekoitzi zituen: Pecata minuta (New Directors, 1999) eta El coche de pedales (Euskal Zinemaren Eguna, 2004).
Harreman luzea izan zuen, orobat, Asier Altunarekin eta Telmo Esnalekin; Txotx (1997), 40 ezetz (1999), Topeka (2002) eta Sarean (2008) film laburren ondoren, alboan izan zuten beren lehen film luzea, Aupa Etxebeste! (New Directors, 2005), zuzendu zutenean ere. Filmak Gazteriaren Saria irabazi zuen Donostian, eta zuzendari berri onenaren Goya sarirako hautagaitza lortu zuen.
Daniel Calparsororen hastapenak ere babestu zituen eta harekin lehiatu zen Veneziako Sail Ofizialean (A ciegas, 1997) eta Berlingo zinema-jaialdiko Panorama sailean (Asfalto, 2000).
Era berean, Julia Juaniz muntatzailearekin aritu zen hark errealizadore gisa egindako lanetan: Sigan felices (1989), Traintime (Euskal Zinemaren Sari Nagusia Bilboko zinema-jaialdian, 1991) eta El magnolio (1997); El vuelo de Dora Salazar (2011), El lenguaje de los objetos (2013) eta Kamarada (2018) ez-fikzioko lanak; eta hainbat bideo-lan.
Mercedes Álvarezentzat El viento africano (1997) film laburra eta El cielo gira (2004) sormenezko dokumental arrakastatsua ekoitzi zituen. Besteak beste, Buenos Airesen, Rotterdamen eta Cinéma du Reel-en nabarmendu zuten azken hori.
Era berean, ekoizle-lanak bete zituen Fidel Corderok zuzendutako La fabulosa historia de Diego Marín (1997) filmean. Martxelo Rubio eta Alicia Borrachero izan ziren Miamiko zinema-jaialdian saritutako lan horren protagonistak.
Nazioarteko antzeztaldea duten filmetan ere ibilia da Lara. Esaterako, Morena Films-ekin koprodukzioan Cargo (2006) egin zuen; Clive Gordonek zuzendu eta Paul Lavertyk idatzi, eta Daniel Brühl, Luis Tosar eta Peter Mullan izan ziren protagonistak. Aldiz, 25 degrés en hiver Marion Hänselekin koproduzitu zuen; Stéphane Vuilleten zuzendaritzapean, eta Jacques Gamblin eta Carmen Maura aktoreak buruan, filmak Publikoaren Saria eraman zuen Berlinalen. Gainera, Eva López Sánchezen Francisca-n parte hartu zuen, eta Berlingo Panorama sailean hautatu zuten Mexiko, Alemania eta Espainia arteko koprodukzio hori.
Cannesko Errealizadoreen Hamabostaldian Pedro Aguileraren La influencia (2007) aurkeztu eta gero, zuzendari berarentzat ekoitzi zuen Naufragio ere (Zinemira, 2011).
Aurrez aipatutako filmez gain, Larak ekoitzitako beste asko hartu ditu Zinemaldiak bere aukeran: adibidez, Cecilia Barrigaren Time's Up (New Directors, 2000), Diego Fandosen Cosmos (New Directors, 2007), Arantza Ibarraren eta Alfonso Arandiaren Zigortzaileak (Haurrentzako Zinema, 2010) eta Alberto Gorritiberearen Arriya (Zinemira, 2011). Azken horrek bost sari bildu zituen Malagako zinema-jaialdian eta Karlovy Varyn ere hartu zuen parte.
2011n Miguel Curielen La niña de Maracaibo film luzea ekoitzi zuen.2013an, berriz, Alberto Moraisen Los chicos del puerto aurkeztu zuen Toronton. Aurrez ere aritua zen harekin, Rotterdamen eta Buenos Airesen hautatutako Un lugar en el cine debut-lanean (Euskal Zinemaren Eguna, 2008). Iaz, Duerme Negrita film laburra ekoitzi zuen; Ainara Porrón Arratibelek zuzendu eta Itsaso Aranak bete zuen protagonistaren papera. 2015ean José Semprún zuzendariaren Relaxing Cup of Coffee ekoitzi zuen.
Egin dituen ez-fikzioko lanen artean, honako hauek aipa daitezke: The Devil's Apprentice (Willy Huismann, 2006), Mi carrera en la Iglesia (Catherine Ulmer, 2011), La guerra del golf (Lucía Sánchez, 2013), La cañada de Andrea (Ekain Irigoyen, 2013), La memoria rota (Jorge Amat, 2018) eta Los caminos de la memoria (José Luis Peñafuerte, 2009) sari askoduna; izan ere, Valladolid, Merida, Montpellier, Miarritze, Ismailia (Egipto) eta Palermon nabarmendu zuten, eta dokumental onenaren Magritte saria ere irabazi zuen.
Hamar urtez FICI zuzendu zuen (Haur eta Gazteen Nazioarteko Zinemaren Madrilgo Jaialdia).
SAIL OFIZIALA - Lehiaketarako
Higiniok eta Rosak hilabete gutxi daramatzate ezkonduta, Gerra Zibila piztu eta, ondorioz, gizonaren bizitza arrisku larrian jartzen denean. Emaztearen laguntzaz, Higiniok etxean zulo bat egin eta denbora batez bertan ezkutatzea erabakiko du. Errepresaliak jasotzeko beldurrak eta elkarrenganako maitasunak 30 urtetik gora iraungo duen itxialdi batera kondenatuko dute bikotea.
NEW DIRECTORS
Jordi duela 51 urte jaio zen, garuneko paralisiarekin. Ezin du hitz egin, baina taula bat erabiliz komunika daiteke. Modu horretan azalduko dio Maiderri, film honen zuzendariari, 21 urte zituenean Jainkoak hitz egiten ziola sentitu zuela lehen aldiz. Orain, ordea, gurasoen etxetik egoitza batera bizitzera joan da, eta han ez du berriz sentitu Jainkoa. Urtean behin, Lourdesko santutegira erromesaldian joaten da Jordi, eta han bilatzen du Jainkoarekin konektatzea, nahiz eta ez dakien Jainkoa berriz itzuliko zaion. Opera prima. Ikusmira Berriak egoitza-programaren bitartez garatutako proiektua. REC Grabaketa Estudioa postprodukzio saria.
ZABALTEGI-TABAKALERA
Udako egun bat, herriko igerilekua: beroa, nerabeak, familiak, bikoteak, txonboak, garagardoa eta ogitartekoak tabernan. Medium nerabe bat norbaiten bila ari da Espainiako mapa baten gainean pendulu bat mugituz. Ezohiko zerbait gertatuko da ohikoaren artean: mutil bat itotzear dago, eta norbait salbatzera joango zaio igerilekuko uraren gainetik oinez. Bainulariek naturaltasunez hartuko dute gertatutakoa eta ezer gertatu izan ez balitz bezala jarraituko dute.
Hélène Cixousek esan bezala, bizi garen garai honetan, inoiz ezagutu ez dugun espezie bateko milioika lursagu ditugu, milaka urteko kulturaren oinarri kontzeptuala suntsitzen.
Duela ia bi hamarkada, Itoizko urtegiak Nafarroako Pirinioetako maldetako zazpi herri eta hiru erreserba natural urperatu zituen. Itoitzekiko Elkartasuna talde ekologistak bideoan hartu zuen urtegiaren aurkako borroka. Oraindik urpeko lurrarekin amets egiten dute han egon zirenek. Beren ahotsekin eta keinuekin gaurdaino iraun duen dolu indibidual eta kolektiboa azalduko dute. Munduko estreinaldia.
HORIZONTES LATINOS
Kuba, 1994ko uda. Aldi Berezian, herrialdeko krisi handienetako batean, legez kanpo Estatu Batuetara iristen saiatuko dira milaka kubatar baltsero, bizirik ateratzeko gai izango ote diren jakin gabe. Oporrak hasten direnean, abuztu arduragabe batean murgilduko da Carlos; lagunekin nora ezean ibili, eta lehen aldiz maiteminduko da. Gutxi daki herrialdearen etorkizun ziurgabeari buruz, harik eta, banan-banan, auzotar eta lagunak bizitza hobe baten bila joan, adiskidetasunak hautsi eta familiak banantzen diren arte. Uda bero horretan, hankaz gora jarriko da Carlosen mundua.
PERLAK
Amadorrek ez du inor bere zain sute bat eragiteagatik zigorra bete ondoren espetxetik ateratzen denean. Etxera itzuliko da, Lugoko mendietan galdutako herrixka batera, eta han berriz bizi beharko du Benedicta amarekin, Luna txakurrarekin eta bere hiru behiekin. Bizitzak astiro-astiro igaroko dira, naturaren erritmoan, harik eta sute bortitz batek ingurua suntsitu eta dena aldatu arte.
"Txilen, eguzkia ateratzen denean, muino, harresi eta gailurrak eskalatu behar dira mendikatearen azken harrira iritsi aurretik. Nire herrialdean, nonahi dago mendikatea. Baina txiletarrontzat lurralde ezezaguna da. Iparraldean Nostalgia de la luz eta Hegoaldean El botón de nácar egin ondoren, uste dut orain prest nagoela bizkarrezur izugarri hori filmatzeko, eta gordetzen dituen misterioak, Txileren iraganari eta orainari buruz ager ditzakeen azalpen indartsuak, arakatzeko" (Patricio Guzmán). Cannesko zinema-jaialdiko dokumental onenaren L'Oeil d'Or saria.
CULINARY ZINEMA
Bittor Arginzonizen izaerak eta bizilekuak berdingabe bihurtzen dute haren sukaldaritza. Jakiak sutan egiteko aukerak ez dira agortu, eta erroetara itzultzea miresgarria izan daiteke begirunez eta bokazioz egiten bada. Autodidakta, munduko hirugarren onena bihurtu du bere jatetxea, Etxebarri, minimalismoa harturik markatzat. Sorlekuko natura da haren paisaia, eta sua eta produktu onenak, haren lanerako materialak. Eta isiltasuna. Isiltasuna bere ibilaldietan, naturan, suan, produktu egokiaren aukeran eta egoste-puntu zehatzean.
Idiazabal gaztaren unibertsoan zeharreko bidaia, aparteko pertsonaia batzuen eskutik. Adibidez, Eli Arrillaga; 24 urte zituela alargun geratu zenean, senarraren lanbidean artzain jarraitzea edo Zarauzko hiri-ingurura itzultzea erabaki behar izan zuen. Elik artzaintzan jarraitu zuen, eta gazta horren ekoizle handietako bat da egun. Edo Juan Mari eta Elena Arzak, Eneko Atxa, Joan Roca, Martín Berasategui, Pedro Subijana eta Andoni Luis Aduriz bikainak; ongi dakite zein garrantzitsua den kalitate handiko artisau-produktua izatea, haien sukaldari-lan zorrotzean ederki egokitu dadin. Urbia, Aralar eta Gorbeia mendikateetan eta Nafarroako goi-mendietan, artzainek kontu handiz zaintzen dituzte latxa arrazako artalde preziatuak, kalitate handieneko produktu bat lortzeko, Ordiziako hitzorduan urteko gazta bikainenaren lehia irabazteko modukoa.
Dokumental honek ekoizleen eta sukaldarien arteko harremana aztertuko du, haien lekukotzetan oinarrituta. Besteak beste, produktuak sukaldean duen garrantzia, jasangarritasuna, belaunaldi arteko erreleboa eta baserriko munduaren sustapena jorratuko ditu.
La ola verde filmak Argentinan abortua legeztatzeko borroka kontatuko digu, 5.000 kilometrotik gorako bidaia baten bitartez, biktimen lekukotasun ausartez eta bidaia gogoangarri horretan funtsezko izan diren emakumeen ahotsez lagunduta. Emanaldi berezia Cannesko zinema-jaialdian.
ZINEMIRA KIMUAK
(PROFESIONALENTZAT ETA AKREDITAZIODUNENTZAT SOILIK)
Zinemira sailean, halaber, Kimuak 2018 programako film laburren aukeraketa bilduko da. Kimuak-ek, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta Euskadiko Filmategiaren arteko ekimenak, urteko film labur nabarmenenak zabaltzea du helburu. Aurten, zazpi film labur sartu dira Kimuak programaren aukeraketan.
Mahaiaren gainean, Ipar poloko Svalbard artxipelagora egin nuen azken bidaiaren mapa dago. Mapa zimurtu eta apurtu hori adimen-kartografia da orain, margolaritza eta marrazkigintzaren eremua, asmamenaren esparru berri eta kitzikagarria.
Chennuk 15 urte zituela egin zuen lehen delitua: kaleko ume izatea. Eta infernuan sartu zen: Pademba Road. Freetowngo helduen kartzela. Infernuan Mr. Sillah da nagusi eta ez dago itxaropenik. Chennuk lau urteren ondoren lortu zuen ateratzea. Orain bertara itzuli nahi du.
Labo Tarragonako garai bateko Francisco Franco Lanbide Unibertsitatearen memorian ibiliko da, eraikinetan eta han egon zirenen oroitzapenetan. Iraganerako bidaia honek oraina eta etorkizuna hobeto ulertzen lagunduko digu.
Udako egun bat, herriko igerilekua: beroa, nerabeak, familiak, bikoteak, txonboak, garagardoa eta ogitartekoak tabernan. Medium nerabe bat norbaiten bila ari da Espainiako mapa baten gainean pendulu bat mugituz. Ezohiko zerbait gertatuko da ohikoaren artean: mutil bat itotzear dago, eta norbait salbatzera joango zaio igerilekuko uraren gainetik oinez. Bainulariek naturaltasunez hartuko dute gertatutakoa eta ezer gertatu izan ez balitz bezala jarraituko dute.
Hélène Cixousek esan bezala, bizi garen garai honetan, inoiz ezagutu ez dugun espezie bateko milioika lursagu ditugu, milaka urteko kulturaren oinarri kontzeptuala suntsitzen.
Denboraldi batez ama ikusi gabe egon ostean, Angel Marik indarrak hartu eta haren zahar-etxera bisitan joatea erabakiko du. Gogorra egiten zaio ama horrela ikustea: zahartzaroak jota seme-alabak ere ezagutzen ez dituen amona baten moduan.
Esloveniako bi hartz emeren etorrerak Nafarroako Pirinioetako oreka irauliko du. Milioika urtez hartza Pirinioetako biztanlea izan da, eta haren desagertzeak ingurua eraldatu zuen. Bi biztanle berri hauen presentziak iraganeko gatazkak azaleratuko ditu.
Guatemala, 2018 urtea. Gerra Zibila hasi zuten soldaduen epaiketari begira dago herrialde osoa. Auzian, biktimen azalpenak entzungo dira, bata bestearen atzetik. Ernestok, Forense Fundazioarentzat lan egiten duen antropologo gazteak, gerran desagertutako jendea identifikatzen du. Egun batean, adineko andre baten kontakizuna entzutean, bere aitarengana eraman dezakeen pista bat aurkitu duela irudituko zaio; izan ere, garai hartan desagertutako gerrillaria zen aita. Bere amaren nahien kontra, buru-belarri hasiko da egia bilatzen.
Epaimahaiak
Hiru kidez osaturiko epaimahai batek erabakiko du irabazlea:
EUROPA-LATINOAMERIKA KOPRODUKZIO FOROA
Ondarroa, Euskal Herria, 1936ko urria. Frankoren armada herrian sartuko da, eta 24 urteko Karmele Aurresti erizain gaztearen familiak Frantziara alde egingo du itsasontzian. Filmak Karmeleren istorioa kontatuko digu: lehenik eta behin, Frantzian errefuxiatuta; han, Parisen erbesteratutako beste euskal gazte batzuk ezagutu, Txomin musikari idealista eta konprometituarekin maitemindu, eta Caracasen (Venezuela) erbesteratutako familia osatuko du. Ondoren, Espainia frankistara itzulitakoan, konspirazioak eta diktaduraren aurkako borroka, klandestinitatea eta zigorrak, eta berriz ere erbestea.
IKUSMIRA BERRIAK
1990. urtean Negu Gorriak taldeak lehenbiziko kontzertua egin zuen Herrera de la Mancha espetxearen aurrean. Beranduago, emanaldiaren VHSa jarri zuen salgai. Zinta hori sinbolo bihurtu zen ezker abertzalearen jarraitzaileentzat. Jo ta ke bideo-entseguaren abiapuntua irudi horiek dira, hain zuzen, baita zuzendariaren senideen oroitzapenak ere. Haren bidez, hausnartu egiten du nazio-identitatearen eraikuntzari eta aberriaren, aitaren eta abertzaletasunaren arteko loturari buruz. Proiektuak egilearen kontzientzia politikoaren susperraldia jasotzen du, euskal inguru politizatu eta polarizatu batean.
Erabat edo hein batean euskarazkoak diren filmak |
Euskarara bikoiztutako haur-filmak |
Haurrei zuzendutako sei film euskara bikoiztutakoak izango dira. Iraileko lehen astean jakinaraziko dira.
Euskarazko azpitituluak dituzten beste sailetako filmak |
Culinary Zinema sailean euskarazko azpitituluak izango dituzten hiru film egongo dira. Culinary Zinemaren programa iragarriko dugu datorren astelehenean, irailaren 2an.