Hamabi herrialdetako hamasei proiektu bildu ditu Europa-Latinoamerika Koprodukzioak bere aukeran, zortzigarren urte honetan 209 izen-emate jaso ondoren.
Beste gai batzuen artean, nerabe baten iratzarraldi sexual korapilatsua, erbestea eta emigrazioa, hainbat tokitako bizitza-baldintza gogorrak eta sexu-esplotazioa jorratuko dituzte proiektuok.
Aukeratutako proiektuetatik, hamaika lehenengo edo bigarren filmak dira: Almamula, Juan Sebastián Toralesena; Ruas da Glória / Streets of Gloria, Felipe Shollena; Perros, Gerardo Minuttirena; Ana no duerme, Daniel Gil Suárezena; Dos estaciones, Juan Pablo Gonzálezena; La hija de todas las rabias, Laura Baumeisterrena; eta Los jueces, César Díaz guatemalarrarena. Azken horren lehenengo lanak, Nuestras madres izeneko filmak, SACD saria eta Caméra d’Or saria irabazi ditu Cannesko 2019ko zinema-jaialdian eta Horizontes Latinos sailean lehiatuko da. Gainera, Ana García Blayak Curuzu / Curuzú proiektuarekin parte hartuko du foroan eta, aldi berean, Las buenas intenciones filmarekin egongo da New Directors sailean.
Halaber, bigarren film luzeen proiektuekin Donostiara itzuliko dira Ulises Porra (Los sucios), New Directors sailean Tigre filmarekin lehiatu zena, eta Gustavo Rondón (El tiempo que perdimos), La familia filmarekin Zinema Eraikitzen, Cannesko Kritikaren Astea eta Horizontes Latinos sailak igaro eta gero.
Zinemaldian aurrez parte hartu duten eskarmentu handiko zenbait zinemagilek ere aurkeztuko dituzte beren proiektuak Koprodukzio Foroan: esaterako, Asier Altuna (Karmele), Benjamín Ávila (El cardenal) eta Neto Villalobos (Amor es el monstruo). Batzuk, gainera, aurreko filmei esker sarituak izan dira; hala, Pablo Giorgellik (Trasfondo) Caméra d’Or saria lortu zuen Cannesko zinema-jaialdian, baita Horizontes saria Donostian ere, Las Acacias filmari esker; Diego Lermanek (El maestro de literatura) gidoi onenaren saria irabazi zuen Donostian Una especie de familia-rekin; eta Mariana Rondóni (Zafari) Urrezko Maskorra eman zion Pelo malo filmak.
2012an sortu zenetik, 114 proiektu bildu dira Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren aukeran; horietatik, 51 amaitu eta estreinatu dira, 14 preprodukzio- edo postprodukzio-fasean daude egun; eta 25ek nazioarteko zinema-jaialdietan parte hartu dute, adibidez, Berlin, Cannes, Locarno, Donostia, Sundance eta Venezian.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak sustatzen du Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa, eta Europa Creativa MEDIAren laguntza ere jasotzen du. Bi zinematografien artean ikus-entzunezko proiektu berriak bultzatzeko erreferentziazko plataforma ez ezik, profesionalen arteko harremanak eta hitzarmenak sortzeko eta esperientziak trukatzeko aukera ematen duen topaleku bat ere bada. Foroaren lehenengo egunean, irailaren 22an, hautatutako proiektuak aurkeztuko dira (pitchingak), baita Ikusmira Berriak egonaldi programaren bosgarren edizioko bost proiektuak ere. Hurrengo hiru egunetan one-to-one bilerak egingo dituzte ekoizle eta zuzendariek mundu osotik etorritako bazkide posibleekin. Foroa Zinema Eraikitzen jardueraren 36. edizioarekin eta Glocal in Progress-en hirugarren edizioarekin batera egingo da.
HARREMANA
industryclub@sansebastianfestival.com
Tel.: +34 943 481217
www.sansebastianfestival.com
Ekimen hau Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren babesari esker, Europa Creativa MEDIAREN laguntzari esker eta honako hauen lankidetzari esker egin da: CAACI (Iberoamerikako Zinematografiako Agintarien Konfederazioa), EFADs (Europako Zinema Agentzietako Zuzendariak), Eurimages, Producers Network (Marché du Film-Festival de Cannes), INCAA (Argentinako Zinemaren eta Ikus entzunezko Erakundea), ARTE, Europa Creativa Desk MEDIA Euskadi, EPE (Euskal Produktoreen Elkartea), Etxepare Euskal Institutua, Europa Distribution, IBAIA (Ikus-entzunezko Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartea), LatAm eta Zineuskadi.
Sustatzaileak:
Laguntzaileak:
Ondorengoen babesarekin