Nest Film Students lehiaketaren XVIII. edizioak hamalau film labur aukeratu ditu 46 herrialdetako 186 eskolek aurkeztutako 373 lanen artean. Donostia Zinemaldiaren 67. edizioaren esparruan egingo da zinema-ikasleen nazioarteko topaketa hori, eta herrialde hauetako film laburrak hautatu dira: Alemania, Argentina, Belgika, Txile, AEB, Espainia, Frantzia, Portugal, Erresuma Batua, Txekiar Errepublika eta Errusia. Zifra horiek aditzera ematen dutenez, urtebetean %34 hazi da eskola parte-hartzaileen kopurua, eta %22, aldiz, jasotako film laburrena.
Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera - Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak antolatzen dute topaketa, mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen lanak ezagutarazi nahian. Bost egunez, irailaren 23tik (astelehena) 27ra (ostirala), beren film laburrak erakutsiko dituzte gazteek, eta eskola magistralak jasoko dituzte Donostiara filmak aurkeztera datozen zinemagintzako profesional handien eskutik. Iaz, Alexander Payne, Peter Strickland, Jaime Rosales, Albertina Carri eta Virgil Vernier zinemagileek partekatu zituzten ezagutzak ikasleekin. Ikusleek, ikasleek eta profesionalek Tabakalerako zinema-aretoan ikusi eta iruzkinduko dituzte hautatutako film laburrak.
Aurten ere, mundu osoko zinemagileen kezka garaikideak aztertuko dituzte Zinemaldiko sail gazteeneko film laburrek, identitateari, maitasunari, lanari, etorkizunari, desirari, indarkeriari eta zalantza existentzialei buruzko istorioak jorratuz. Baina, aurtengo Nest sailean hainbat lan zeharkatzen dituen joera bat nabarmendu beharko bagenu, hitz bakarrean laburbilduko genuke: familia. Hain zuzen, familiaren presentziak, gabeziak, familia-eredu berriek, halako harremanen etorkizunak eta halako loturen intimitateak osatzen dute filmen egitura: ama ezkongabe baten egunerokoa, eta anai-arreba errusiar batzuek dolu-egun batean bizi duten tentsio emozionala; japoniar amona baten 16 milimetroko erretratua, eta bizitzako eta garai politiko bateko oroitzapenak gordetzen dituen familia-artxiboa; munduan bere tokia bilatzen ari den hainbat pertsonaiaren bakardadea, eta norbaitek heldu bihurtzear dagoela jakitean –sute batean soilik jakin daitekeen bezala– bizi duen emozioa.
Lehenengo aldiz, Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) aurkeztutako lan bat sartu da aukeran; izan ere, Zinemaldia, Tabakalera eta Euskadiko Filmategia partaide dituen erakunde horretatik dator La enorme presencia de los muertos film laburra. José María Avilések (Cuenca, Ekuador, 1988) sortu du, zinema-ikasketak osatzeko Donostiako eskolan Sorkuntzako graduondoa egiten ari den ikasle batek.
Martín Rejtman argentinar zuzendaria eskola parte-hartzaileetako ikasleek osatutako epaimahai berezi baten presidentea izango da. Elkarrekin erabakiko dute nork irabazi duen Nest Film Students saileko film labur onenaren saria, eta aukeratutako proiektuaren zuzendariari emango zaio. Orona Fundazioa da sariaren babeslea, eta aurten, diru kopurua bikoiztu eta 10.000 eurokoa izango da. Rejtmanek (Buenos Aires, 1961) lan nabarmenak egin ditu: Silvia Prieto (1999) Made in Spanish sailean proiektatu zen; Los guantes mágicos (2003) Argentinako film onenaren FIPRESCI sariaren irabazlea izan zen, eta Horizontes Latinos sailean parte hartu zuen; eta Dos disparos (2014) ere sail berean aurkeztu zen, Locarnon lehiatu eta gero. Orain arte egin duen azken lana, Shakti (2019), Berlingo zinema-jaialdiko film laburren Sail Ofizialean lehiatu da eta aurtengo Zabaltegi-Tabakalera sailean ikusgai egongo da. Zuzendaria Tabakalerara itzuliko da, bertako zinema-pantailan eskaini zitzaion atzera begirakoaren ondoren eta 2016an hor zinema-lantegi bat irakatsi eta gero.
Talentu berriak sustatzeko estrategiaren barruan Zinemaldiaren atal garrantzitsuenetako bat da Nest Film Students, eta jadanik hasia da fruituak ematen. Aurten, Oren Gerner (Petah-Tikva, Israel, 1984) zinemagileak New Directors sailean aurkeztuko du Africa, bere lehenengo film luzea, Greenland izeneko graduazio-film laburrarekin Nest Film Students saria lortu zuenetik bost urte igaro direnean. Donostia Zinemaldia eta Tabakalera dira sailaren antolatzaileak, eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren ondarearen parte da.
Bi anai-arreba berriz elkartuko dira aitaren hiletan. Anaiak hotza dirudi; arreba, berriz, minduta eta minbera dago, argi eta garbi. Orain gurasoak joan zaizkie, eta ezerk ez ditu lotzen. Orduan, zergatik kostatzen zaie horrenbeste ezezagun bihurtzea?
Bizitza erraza eta xumea da itsaso alboko etxe txiki batean; biztanleak itsasaldien arabera bizi dira. Baina gertakari zorabiagarri batek lasaitasuna galaraziko du.
Chiyo zinemagilearen amonaren erretratua da. Filmak familiari, intimitateari eta zahartzaroari buruz hausnartuko du, Yashioko (Saitamako prefektura) eguneroko bizitzako uneen bitartez, hasi udako azokatik eta erritual budistak arte.
Txinako haur bakarraren politikaren garaian, Yan jaioko da, bigarren haur bat. Gurasoek landa-eremura bidaliko dute alaba nagusia eta, Yan ezkutuan gordetzeko, neskaz jantziko dute hazi bitartean. Baina bere identitateari dagokionez nahastuta dago Yan, eta aurka egingo dio inguruko mundu kontserbadoreari. Aitaren taxi zaharra lerratuz adieraziko ditu bere sentimenduak. Gaur gauean, iragana eta ametsak gurutzatzen diren bidaiari ekitea erabakiko du.
Uda da Portugaleko landa-eremuan, eta bertako festak ospatzen ari dira. Chicok ezin du burutik kendu herrian beste haur baten aurka egin duten gorroto-krimena. Isilpean, harreman estua zuen harekin. Bidaia horretan, lagunen presioa dela eta, gizartearen estandarrak betetzen eta bere beldurrak eta desirak ezkutatzen saiatuko da Chico.
Amanda emakume adeitsu eta bakartia bere seme Danielekin bizi da Txile hegoaldeko mendikatean. Octavio, Danielen laguna, nahigabe zaurituko da basoan ehizan ari direla. Amanda arduratuko da hura sendatzeaz, eta harreman estua garatuko du haurrarekin. Konturatuko dira zauriarekiko kontaktuak plazera ematen duela, mendetasuna sortzeraino.
Igande goiz batean, Karinek ohiko errutina utziko du, eta bat-batean aterako da etxetik alabaren bizikletan. Semearen bila doa, aspaldi utzi baitzuen familiako etxearen babesa. Karin baserri batera iritsiko da; semea han bizi da, gizarteak baztertutako beste batzuekin. Konturatu gabe, ama babeslearen trikimailu zaharretan eroriko da berriro, eta aurreko bizitza konbentzionala zergatik utzi zuen gogoraraziko dio semeari. Amaren eta semearen arteko harremana geldi dagoela dirudi, eta elkar ezagutzeko modu berriak aurkitu beharko dituzte orain.
Ivan triste dago, bikotekideak, Merik, duela gutxi utzi duelako. Alexek gau osoan jasan behar izan du festan zeuden bitartean. Eguzkia ateratzen denean etxera joatea erabakiko dute, baina automobilean ezusteko bat izango dute zain: aurpegian zauria duen gazte batek laguntza eskatuko die.
Borisek eta Hugok, 16 urteko bi lagunek, arma bat erosiko dute. Zuzeneko igorpen baten bitartez, ordubetean dena amaituko dela iragarriko dute Interneten. Boris ziur dago erabakiaz, baina Hugok zalantzak ditu oraindik. Haien bizitzaren azken uneetan, desira, beldurrak, oroitzapenak eta ezereza nagusituko dira streaming bidezko igorpenean.
Neskatxa bat sutetik salbatuko du bere bizilagun gazteak. Apartamentu batean gordeko dira, eta handik sutan ikusiko dute eraikina.
Margotzaile batek parkeko banku batean utziko du mugikorra, apropos, bere azken soldata kobratu eta jaioterrira bidali ondoren. Handik gutxira, neska batek aurkitu eta beretzat hartuko du, hutsera igorritako mezu bat izango balitz bezala; deika duen mezu bat, azkenean hildakoen presentzia itzela azalduko diona.
Ama izateak neke fisiko eta emozional etengabea ekar dezake. Filmak neke horri buruz hitz egingo digu.
Morgen-ek gazte jendeari erreparatuko dio. Haien mikrokosmosean sartu eta, dela bakarrik, dela elkarrekin, denbora nola ematen duten begiratuko du.
Celeste argazkilari gaztea bere aitaren negatibo-artxibo zaharrean barrenduko da. 70eko eta 80ko hamarkadetan Txileko diktadurari aurka egin eta Ekuadorren erbesteratutako argazkilari bat da aita. Argazkien bidez, haren oroitzapen iheskorrei heltzeko modu bat aurkituko du, eta borrokaren esanahiari, erbestearen dentsitateari eta orainarekin bizitzeko moduari buruz galdetuko dio bere buruari.