More Raça kosovotar zinemagilearen eta Pau Cruanyes eta Gerard Vidal katalan zuzendarien lehenengo lanak eta Andrei Gruzsniczki errumaniarraren film luze berria ikusiko ditugu aurten Glocal in Progress jardueran. Alemanez, gaztelaniaz, frantsesez, italieraz eta errusieraz izan ezik, Europako beste edozein hizkuntzatan egin diren eta postprodukzioan dauden filmentzako Industria jarduera da Glocal in Progress.
Hiru filmak postprodukzio-fasean daude, eta ekoizle, banatzaile, salmenta-agente eta programatzailez osatutako audientzia bati aurkeztuko zaizkio, lanak amaitzen eta nazioartean banatzen lagundu dezaten.
Galaktika e Andromedës / Andromeda Galaxy filmean, iraupen luzeko langabetu batek Kosovon bizi duen egoera zaila irudikatu du More Raçak (Kosovo, 1992). Raçak 2019ko Berlinale Talents programan parte hartu zuen. Zuzentzen duen lehenengo film luzea da hau; aurrez, hiru film labur egin zituen.
Emil, Andrei Gruzsniczkiren (Ploiesti, Errumania, 1962) filma, Errumaniako herrixka batean girotutako eta umore beltzez jositako dolu- eta mamu-istorio bat da. Zuzendariaren film luzeek hainbat sari irabazi dituzte jadanik, besteak beste, Transilvaniako eta Erromako zinema-jaialdietan eta Errumaniako Zinema Akademiaren sarietan.
Pau Cruanyesek (Bartzelona, 1995) eta Gerard Vidalek (Bartzelona, 1995) beren lehenengo lana ekarriko dute, Les dues nits d’ahir / Yesterday’s Two Nights. Elkarrekin zuzendu zuten Celebración film laburra ere, Sitgeseko zinema-jaialdian zuzendari berrientzako SGAEren saria irabazi zuena.
Aurreko bi edizioetan aurkeztutako sei filmetatik, hiru sartu dira Zinemaldiko sailen aukeran: 2018an, Dantza Sail Ofizialaren Emanaldi Berezietan izan zen eta Un om la locul lui / A Decent Man, berriz, New Directors sailean; aurten, Kutxabank-Zuzendari Berriak saria irabazteko lehian ikusiko dugu Ignas Jonynas zuzendariaren Nematoma, 2018ko Glocal in Progress jarduerako sariduna.
Glocal in Progress irailaren 23an, 24an eta 25ean egingo da, Zinema Eraikitzen 36 eta Europa-Latinoamerika VIII. Koprodukzio Foroa ekimenekin batera. Hizkuntza ez-hegemonikoetan filmatutako Europako ekoizpenak nabarmentzea du helburu (hau da, alemanez, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, italieraz eta errusieraz filmatu ez direnak).
Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Glocal Cinema abiarazi zuen 2014an, hizkuntza ez-hegemonikoetan filmak ekoizten dituzten zinematografien artean sareak sustatzeko asmoz, eta, hain zuzen, Jaurlaritzak orduan martxan jarritako lana osatzera dator Glocal in Progress.
Glocal in Progressen hautatutako filmek Glocal in Progress Industria Saria jasotzeko aukera izango dute. Ad Hoc Studios, BTeam Pictures, Deluxe Spain, Dolby Iberia, Laserfilm Cine y Video, Nephilim Producciones eta No Problem Sonido film irabazlearen postprodukzio zerbitzuak hartuko dituzte, Glocal in Progress Industria Sariaren oinarrietan azaltzen den bezala.
Gainera, Glocal in Progress saria emango da. Glocal in Progress Industria Sariaren film irabazlearen produktore gehiengodunarentzako10.000 euro dira.
Emil, mamuetan sinesten ez duen agure bat, eta haren lagun mina, Titi, herrixka urrun batean bizi dira. Lurreko paradisua izan zitekeen, eta bertan ez da ohiz kanpoko ezer gertatzen. Emilen emaztea, Smaranda, hil eta 40 egunetara egingo duten mezan hasiko da guztia. Denborak aurrera egin ahala, Titiren itxura egunez egun okerragoa dela ikusiko du Emilek. Hura animatzen saiatuko da, baina ezerk ez du funtzionatuko. Izan ere, hil eta 40 egunetara, Titiri segika hasiko da Smaranda, bere maitalea zen eta. Adiskidetasunean eta maitasunean bestea onartzeko egin beharreko ahaleginari buruz hitz egiten digun istorio bat, umore beltzez eta suspensez betea.
Kosovo, 2019. Ustelkeriak eta langabeziak lana aurkitzea eragozten diote Shpëtimi. Ia-ia ez dago eskaintzarik eta 52 urte dituenez, zerbait aurkitzen duenean ere zaharregia dela iruditzen zaie. Haren bizitza are zailagoa bihurtuko da alaba umezurtz-etxetik botatzen dutenean, berekin bizitzera joan beharko duelako, eta etxea egoera txarrean du. Iruzurren eta ezezkoen biktima izateaz nekatuta, giltzurruna saltzea erabakiko du Shpëtimek, bizitza hobea bilatzeko Europara emigratu ahal izateko.
Uda-gau batean, Eric etxe batean sartuko da eta hil berria den Pol adiskidearen errautsak ostuko ditu. Gau horretan bertan, errautsak botatzeko auto-bidaiari ekingo dio Ericek, bere bi lagun onenekin, Ona-rekin eta Marcelekin. Ihesaldiak, ordea, errealitatetik aldenduko ditu, eta gero eta gehiago urrunduko ditu etxera itzultzetik eta hasierako helburutik. Hiru lagunek oso gertu sentitu dute heriotza, baina ez dira gai izan hura ulertzeko. Galera tarteko, konturatuko dira ezin dutela lehen bezala jarraitu, lagunaren heriotzak bizi artean markatuko dituelako. Opera prima.
Ondorengoen babesarekin