Horizontes Latinos sailak Latinoamerikako hamabost ekoizpenez osatutako aukera bat eskainiko digu Cannesen eta Sundancen saritutako filmak nahiz Berlinen eta Venezian aukeratutakoak bilduta. Filmetako bik Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan parte hartu zuten proiektu besterik ez zirenean, eta hiru Zinema Eraikitzen saileko azken edizioetan izan dira. Zazpi ekoizpen zinemagileen lehen edo bigarren lanak dira eta Gazteriaren TCM Sarirako ere hautagai izango dira.
Argentina, Brasil, Txile, Kuba, Guatemala, Mexiko, Peru eta Uruguaiko zinemagile horiek askotariko gaiei buruzko begirada panoramikoa eskainiko digute: Guatemalako genozidioa, 70eko hamarkadako Txile, kubatar baltseroen krisia, legezko abortua Argentinan, eta Mexikoko bizitza. Historia-liburuetan lekurik ez duten narrazioak ere ekarriko dizkigute: besteak beste, helduaroan sartzeari, bizitzako krisialdiei eta familiarteko harremanei buruzkoak.
Patricio Guzmánen (Santiago, Txile, 1941) azken filmak emango dio hasiera sailari. Bere herrialdearen iparraldean Nostalgia de la luz (Europako Zinema Akademiaren dokumental onenaren saria, eta Horizontes Latinos 2010) eta hegoaldean El botón de nácar filmatu ondoren (Zilarrezko Hartza Berlinen, Horizontes Latinos 2015), La cordillera de los sueños filmarekin Andeetan amaituko du bere trilogia. Azken lan hori Cannesko zinema-jaialdian aurkeztu zen, emanaldi berezi batean, eta dokumental onenaren L’Oeil d’or saria eskuratu zuen bertan.
Jayro Bustamantek (Guatemala, 1977) Alfred Bauer saria irabazi zuen Berlinalen bere lehenengo lanarekin (Ixcanul, Horizontes Latinos, 2015), Zinema Eraikitzen saileko aukeran sartu eta bertan aipamen berezia jaso ondoren. Aurten, parte hartze bikoitza izango du Horizontes Latinos sailean. Bere bigarren filma, Temblores, gizon batekin maiteminduko den 40 urteko kristau ebanjeliko eta elizkoi bati buruzkoa, Berlinaleko Panorama sailean aurkeztu zen eta Horizontes saria eskuratzeko lehiatuko da. Hirugarrenak, La Llorona-k, Guatemalako genozidioa du hizpide; Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren EFADs-CACI saria lortu zuen Zinemaldian, eta sailari amaiera emango dio, lehiaketaz kanpo, estreinaldia Veneziako zinema-jaialdian izan eta gero (Giornati degli autori).
Gainera, Armando Capóren (Gibara, Kuba, 1979) lehenengo lanak, Agosto-k, sailean izango du Europako estreinaldia. Kuba, Costa Rica eta Frantzia arteko koprodukzio hori Zinemaldiko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan (2014) aukeratu zuten, eta Zinema Eraikitzen 32 (2017) sailean parte hartu zuen. Capók 13 urteko Carlos gaztearen istorioa kontatuko digu, 1994ko udaren azken egunetan, baltseroen krisi betean.
Andrés Woodek (Santiago, Txile, 1965) Zinemaldiko New Directors sailean aurkeztu zuen bere lehenengo lana, Historias de fútbol (1997). Ordutik, Cannesko Errealizadoreen Hamabostaldian parte hartu du (Machuca, 2004), film hispanoamerikar onenaren Goya saria irabazi du (La buena vida, 2008), eta Sundancen Epaimahaiaren Sari Nagusia ere eraman zuen (Violeta se fue a los cielos, 2012). Araña Salvador Allenderen gobernuari aurka egiteko sortu zen Patria y Libertad mugimenduan barneratuko da, eta Zinemaldian izango du Europako estreinaldia. Mercedes Morán eta María Valverde aritu dira antzeztaldean.
Así habló el cambista-k, halaber, Federico Veirojen (Montevideo, 1976) bosgarren film luzeak, Horizontes Latinos sailaren esparruan izango du Europako estreinaldia. Aurrez ere Zinemaldiaren sailetan eta industriako jardueretan parte hartu du zuzendariak bere lanekin: Acné, lehenengo filma, Zinema Eraikitzen saileko TVE sariduna izan zen (2007), eta Errealizadoreen Hamabostaldian estreinatu (2008) eta Horizontes Latinos sailean lehiatu zen. La vida útil-ek Zinema Eraikitzen Industria saria lortu zuen (2009) eta New Directors saileko lehian izan zen. El apóstata (2015) Sail Ofizialerako aukeratu zuten, eta Fipresci sariaren eta Epaimahaiaren Aipamen Bereziaren irabazlea izan zen. Iaz, Zabaltegi-Tabakaleran Belmonte aurkeztu zuen. Daniel Hendler eta Dolores Fonzi dira Así habló el cambista filmaren protagonistak eta Montevideon argentinarren eta brasildarren dibisa klandestinoak salerosten dituen merkatari bat da filmaren ardatza. Juan E. Gruber idazlearen izen bereko eleberri baten egokitzapena da; Veiroj uruguaiarrak landu duen lehenengoa, eta inoiz zuzendu duen aurrekontu handieneko ekoizpena.
De nuevo otra vez Romina Paula (Buenos Aires, 1979) aktore eta dramagileak zuzentzen duen lehenbiziko lana da, eta Rotterdamgo zinema-jaialdiko Bright Future sailean eman zen estreinakoz. Zuzendariak berak bete du protagonistaren rola fikzioa eta ez-fikzioa nahasturik familiari, amatasunari eta bizitzaren ekuatoreko krisi existentzialei buruz hausnartzen duen lan honetan.
El Príncipe, Txile, Argentina eta Belgika arteko koprodukzioa, Sebastián Muñozen lehenengo film luzea da. Alfredo Castro eta Juan Carlos Maldonado protagonistek 20 urteko gazte baten bizitza kontatuko digute, 70eko hamarkadan Txileko espetxe batean. Zinema Eraikitzen 34 saileko aukeran izan zen, eta Veneziako zinema-jaialdiko Kritikaren Astean izango du estreinaldia.
La bronca Daniel eta Diego Vega (Lima) anaien hirugarren film luzea da. Haien lehenengo lana, Octubre, Un Certain Regard saileko Epaimahaiaren Sariaren irabazlea izan zen, eta Horizontes Latinos sailerako aukeratu zuten. Bigarren filmak, El mudo-k (Zinema Eraikitzen 23), zuzendari onenaren saria irabazi zuen BAFICIn, baita gizonezko aktore onenaren saria Locarnon ere. . Gainera, El Chapo telesaileko zenbait atal zuzendu dituzte elkarrekin, eta Diego Vega Matar al padre telesailaren sortzaileetako bat da, Mar Coll eta Valentina Visorekin batera. La bronca filmean, nerabe batek atzean utziko du Peru, 90eko hamarkadan, eta Montrealera joango da Kanadan familia berria sortu duen aitarekin elkartzeko.
Los sonámbulos Paula Hernándezen (Buenos Aires, 1969) laugarren filma da. Senarraren familiaren etxean senideekin bilera tirabiratsua biziko duten emakume bati eta haren alaba nerabeari buruzkoa da. Filmak Horizontes Latinos sailean izango du Europako estreinaldia. Érica Rivas protagonistarekin batera, Daniel Hendler, Marilú Marini eta Luis Ziembrowski aritu dira antzeztaldean.
Lucía Garibaldiren (Montevideo, 1986) lehenengo lanak, Los tiburones-ek, Zinema Eraikitzen 34 saileko Industria saria (2018) eta Film Factory saria eraman zituen. Orduz geroztik, besteak beste, Sundancen zuzendari onenaren saria (World Cinema Dramatic Competition) eta BAFICIko Epaimahaiaren Sari Berezia lortu ditu marrazoak dauden susmoa dela-eta aztoratutako bainuetxe batean lehenengo aldiz desira sentituko duen nerabe bati buruzko film honek.
Alejandro Landesek (Sao Paulo, Brasil, 1980) bere hirugarren filma ekarriko du: Monos. Lehenengo lanarekin (Cocalero, 2007) Sundancen egin zuen debuta. Bigarren filma, Porfirio (2010), Cannesko zinema-jaialdiko Errealizadoreen Hamabostaldian estreinatu eta Horizontes Latinos sailaren aukeran sartu zen. Monos-ek begirada garaikidez interpretatuko du Eulien ugazaba eleberria. Haur gerrillarien talde bat eta bahitutako emakume estatubatuar bat dira protagonistak. Filmak Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen Sundancen (World Cinema Dramatic Competition), eta Berlingo zinema-jaialdiko Panorama sailean ere aurkeztu zen.
Nuestras madresek, César Díazen (Guatemala, 1978) bigarren film luzeak, Guatemalako gerra zibilean parte hartu zuten militarren epaiketak aztertuko ditu. Kritikaren Astean izan zuen estreinaldia, eta Caméra d’or saria (Cannesko zinema-jaialdiko opera prima onenari ematen zaiona) eta Prix SACD saria irabazi zituen.
Zinemaldiak gertutik jarraitu dio Gael García Bernal (Guadalajara, Mexiko, 1978) aktore, zuzendari eta zinema-ekoizlearen ibilbideari, Amores perros (Zabaltegi, 2000) filmarekin antzezten hasi eta nazioartean sona hartu zuenetik. Mexikarrak zuzendu duen bigarren film luzea aurkeztuko du: Chicuarotes, aurten Cannesko zinema-jaialdiko emanaldi berezietako bat izan dena. Pobreziatik eta beren herrialdeko indarkeriatik ihes egin nahi duten bi nerabe dira Chicuarotes filmaren protagonistak.
Lehiaketaz kanpo, La ola verde (Que sea ley) proiektatuko da, Juan Solanasen (Buenos Aires, 1966) bigarren filma. Lehenengo lana, Nordeste, Un Certain Regard sailean aurkeztu zuen. La ola verde (Que sea ley) ere Cannesko emanaldi berezien artean izan zen. Argentinan abortua legeztatzeko borroka da filmaren gaia.
"Txilen, eguzkia ateratzen denean, muino, harresi eta gailurrak eskalatu behar dira mendikatearen azken harrira iritsi aurretik. Nire herrialdean, nonahi dago mendikatea. Baina txiletarrontzat lurralde ezezaguna da. Iparraldean Nostalgia de la luz eta Hegoaldean El botón de nácar egin ondoren, uste dut orain prest nagoela bizkarrezur izugarri hori filmatzeko, eta gordetzen dituen misterioak, Txileren iraganari eta orainari buruz ager ditzakeen azalpen indartsuak, arakatzeko" (Patricio Guzmán). Cannesko zinema-jaialdiko dokumental onenaren L'Oeil d'Or saria.
"Negar egiten baduzu, akabatuko zaitut” hitzak oraindik belarrietan dituztela, Alma eta haren haurrak erailko dituzte Guatemalako gatazka armatuan. Hogeita hamar urtera, auzi penal bat abiaraziko da genozidioa gainbegiratu zuen Enrique jeneral erretiratuaren aurka. Baina auzia nulutzat jo eta absolbituko dute, eta La Lloronaren espiritua aske geratuko da, munduan zehar nora ezean ibiltzeko, bizien artean galdutako arima gisa. Gauetan, haren negarrak entzuten hasiko da Enrique. Emaztearen eta semearen ustez, Alzheimerrarekin lotutako dementzia-krisiak bizi ditu. Ez dute susmatzen epaiketak lortu ez zuen mendekua hartzeko dagoela han Alma, etxezain berria. Veneziako zinema-jaialdian estreinatua (Giornati degli autori).
Kuba, 1994ko uda. Aldi Berezian, herrialdeko krisi handienetako batean, legez kanpo Estatu Batuetara iristen saiatuko dira milaka kubatar baltsero, bizirik ateratzeko gai izango ote diren jakin gabe. Oporrak hasten direnean, abuztu arduragabe batean murgilduko da Carlos; lagunekin nora ezean ibili, eta lehen aldiz maiteminduko da. Gutxi daki herrialdearen etorkizun ziurgabeari buruz, harik eta, banan-banan, auzotar eta lagunak bizitza hobe baten bila joan, adiskidetasunak hautsi eta familiak banantzen diren arte. Uda bero horretan, hankaz gora jarriko da Carlosen mundua.
Txile, 70eko hamarkadaren hasiera. Eskuin muturreko talde nazionalista bortitz batek boteretik kendu nahi du Allenderen gobernua. Krimenean eta konspirazioan murgilduta, historiaren bilakaera aldatuko duen krimen politiko bat egingo dute hiru taldekidek: Inések, haren senar Justok, eta bien lagun min Gustavok. Aldi berean amodiozko triangelu arriskutsu eta sutsu batean nahastuta, traizioaren itzalak betirako bananduko ditu. Hau da, harik eta, 40 urte geroago, Gustavok gaztaroko kausa nazionalista berpizten duen arte, mendekuak eta obsesioak bultzatuta. Baina Inés negozio-emakume boteretsua da orain, eta poliziak Gerardo eta etxean duen armategi gero eta handiagoa zaintzapean dituen bitartean, Inések ahalegin guztiak egingo ditu bere eta Justo senarraren iragan politiko eta sexuala agerira ekar ez dadin.
70eko hamarkadan, bertako ekonomiak oportunista ugari erakarri zituen Uruguaira. Erakundeek porrot egin zuten; gobernu militarra zegoen; subertsiboak giltzapean zeuden; eta, Brasilgo eta Argentinako ekonomietako izen txarreko sektoreen ustez, dirua desagerrarazteko toki ezin hobea zen Uruguay. Hala hasiko da Humberto Braus atzerriko dibisak salerosten, eta laster egingo du lanbidean gora. Aitaginarrebak lagunduko dio zeregin horretan, kapitalen ihesean beteranoa baita. Gehiegizko diruzalekeriak itsututa, bidean gurutzatzen zaion oro eramango du Humbertok aurretik. Familiako negozioaren jabe bihurtzea lortuko du, eta lan susmagarri bat onartuko du: inoiz ikusi duen diru kopuru handiena zuritzea.
Cagalera eta Moloteco San Gregorio Atlapulco herriko bi nerabe dira. Bizi duten egoera itogarriari ihes egitea bilatuko dute etsi-etsian. Elektrikarien sindikatuan haien bizitza alda dezakeen plaza bat salgai dagoela jakiten dutenean, Mexiko Hiriko mundu kriminal ilunean barrenduko dira, beren askatasuna erosteko ahaleginetan. Cannesko zinema-jaialdiko emanaldi berezia.
Romina familiaren etxera itzuliko da ama izan ondoren. Bere semearen, Ramónen, aitarengandik urrun, bere amaren, Mónicaren, etxean babestuko da. Han amaren denboran murgilduko da, baita alaba-denboran ere, eta zer nahi duen argitzen saiatuko da. Buenos Airesen bisitan, aleman-eskolak emango ditu Rominak, eta ezkongabeko bizitza egiten saiatuko da, gauez ateratzen. Semea maitatzen hasi aurretik nolakoa zen jakin nahi du. Nor den ulertu behar du, bere jatorrira itzuliz eta familiako historiaren zati bat berreginez. Romina Paula idazle, dramagile eta aktoreak zuzendutako lehen lana. Rotterdamgo zinema-jaialdiko Bright Future sailean aurkeztua.
San Bernardo, Txile, 1970. Gau batean, mozkortuta, bere lagunik onena sastakatuko du Jaimek, 20 urteko gazte bakarti eta nartzisista batek, haserrealdi batean itxuraz. Espetxean El Potro ezagutuko du, gizon nagusi eta errespetatua, eta harengana joko du babes, maitasun eta aitorpen bila. Jaime El Príncipe bihurtuko da, eta maitasuna eta leialtasuna aurkituko ditu espetxeko botere-borroka bortitza bizi bitartean. Veneziako zinema-jaialdiko Kritikaren Astean hautatua.
90eko hamarkadaren hasieran, Robertok, bizitzan galduta dabilen 18 urteko mutil batek, atzean utziko du Peru bortitza, eta Montrealera joango da aitarengana. Aitak, Bob Montoyak, duela hainbat urte egin zuen ihes herrialdetik, eta bere kanadar familia berriarekin bizi da orain. Harro, semeari iparramerikar ametsaren bertsio onena erakusten saiatuko da Bob, baina bere aurreiritziek markatuko dute. Aita-semeen berrelkarketa betirako geratuko da inoiz saihestu ezin izan duten indarkeriarekin lotuta.
Emakume heldu bat eta haren 14 urteko alaba, sonanbulua, iratzartzen. Isilpeko krisi baten mugetan dagoen ezkon-harreman bat. Familia erritualista eta endogamikoa. Amona, senideak, lehengusuak. Uda, izerdia, alkohola, tradizioak. Gorputz biluziak, aldatzen ari diren gorputzak, eta gorputz berrien gaineko begiradak. Familiaren etxe historikoan urte amaiera ospatzeko festa izango da sonanbuluek iratzartzeko behar duten amarru beroa.
Kostaldean marrazoak daudelako susmoak bainuetxe txiki bateko bizitza lasaia aztoratuko du. Rosinak, 14 urteko nerabe batek, itsasoan zer edo zer ikusi duela uste du, baina badirudi inork ez diola arreta handirik jartzen. Aitak etxeetan mantentze-lanak egitera eramaten duenean, Joselo ezagutuko du, apur bat nagusiagoa den arrantzale bat. Igerileku zikin, lorategi arranditsu eta hondartza hutsen artean, desio berri bat bizitzen hasiko da Rosina: bere gorputzaren eta Joselorenaren arteko distantziak laburtu nahia. Baina Joselok ez du interes bera. Haren arreta erakarri nahian, plan korapilatsu eta apur bat traketsa prestatuko du, eta ikusezin eta arriskutsu ibiliko da, harrapakari misteriotsuen presentziak inspiratuta bezala. Zuzendari onenaren saria Sundancen.
Mendi erraldoi baten gailurrean, lehen ikusian udaleku dirudien toki batean, sarjentu paramilitar baten begirada ernearen pean bizi dira “Los Monos” izeneko zortzi haur gerrillari. Argi dute zein den beren misio bakarra: bahitu duten emakumezko doktore amerikarra zaintzea. Misio hori arriskuan jartzen denean, haien arteko konfiantza ere kolokan jarriko da. Epaimahaiaren Sari Berezia Sundancen.
Guatemala, 2018 urtea. Gerra Zibila hasi zuten soldaduen epaiketari begira dago herrialde osoa. Auzian, biktimen azalpenak entzungo dira, bata bestearen atzetik. Ernestok, Forense Fundazioarentzat lan egiten duen antropologo gazteak, gerran desagertutako jendea identifikatzen du. Egun batean, adineko andre baten kontakizuna entzutean, bere aitarengana eraman dezakeen pista bat aurkitu duela irudituko zaio; izan ere, garai hartan desagertutako gerrillaria zen aita. Bere amaren nahien kontra, buru-belarri hasiko da egia bilatzen.
Pablo ezkonduta dagoen 40 urteko gizon bat da, bi haur zoragarriren aita. Gizon eredugarria eta kristau ebanjeliko elizkoia da. Baina bere bizitza tradizional perfektuan arrailak agertuko dira gizon batekin maitemindu eta bere sentimenduak eta gatazkak lehian hasten direnean. Bere bizitza intolerantziazko infernu zapaltzailea bihurtuko da; izan ere, hura sendatzeko ahalegin guztiak egitea erabakiko dute familiak eta elizak, eta terapia bidez gogoa erreprimitzera behartuko dute. Berlinaleko Panorama sailean aurkeztua.
La ola verde filmak Argentinan abortua legeztatzeko borroka kontatuko digu, 5.000 kilometrotik gorako bidaia baten bitartez, biktimen lekukotasun ausartez eta bidaia gogoangarri horretan funtsezko izan diren emakumeen ahotsez lagunduta. Emanaldi berezia Cannesko zinema-jaialdian.