James Franco estatubatuarra berriz izango da Sail Ofizialean, The Disaster Artist (2017) filmarekin Urrezko Maskorra irabazi ondoren. Oraingoan Zeroville dakar, zinemaren munduan girotutako beste lan bat. Gainera, Donostia Zinemaldian inoiz lehiatu gabeko sei zinemagilek beren lanak erakutsiko dizkigute 67. edizioan: Louise Archambault, Guillaume Nicloux, José Luis Torres Leiva, Ina Weisse, Adilkhan Yerzhanov eta David Zonana.
Louise Archambault (Montreal, Kanada, 1970) Il pleuvait des oiseaux filmarekin lehiatuko da. Jocelyne Saucier idazlearen izen bereko eleberria harturik oinarri, patu gurutzatuei buruzko kontakizun horrek agerian utziko digu maitasunak ez duela adinik, eta bizitza ustekabean berritu daitekeela. Zinemagilearen hirugarren film luzea da; aurrez, Familia-k (2005) Kanadako lehen film onenaren saria irabazi zuen Torontoko zinema-jaialdian eta Locarnoko lehiaketa ofizialean parte hartu zuen, eta Gabrielle (2013) Publikoaren Sariaren irabazlea izan zen lehiaketa horretan, eta Kanadako hautagaia Oscar sarietan.
Zeroville, James Francok (Palo Alto, Estatu Batuak, 1978) berriz Donostiako lehiaketara ekarri duen filma, literatura-lan baten egokitzapena da, halaber; hain zuzen, Steve Ericksonen izen bereko eleberriarena. The Disaster Artist (2017) filmarekin Urrezko Maskorra irabazi ondoren, 60ko hamarkadako Hollywood aldakorrean girotutako fikzio bat zuzendu eta protagonizatu du Francok. Antzeztaldean, Megan Fox, Seth Rogen, Will Ferrell, Jacki Weaver eta Dave Franco izan ditu lagun.
L'enlèvement de Michel Houellebecq (2014) filmean agertu zuen gogo urratzaileari eutsirik, Guillaume Niclouxek (Melun, Frantzia, 1966) berriz ere kameraren aurrean jarri du frantses idazle ezaguna. Thalasso filmean bere burua interpretatu du, eta Gérard Depardieu izan du antzezkide. Talasoterapia-zentro batean elkar ezagutuko dute, eta establezimenduko osasun-erregimen zorrotzean aurrera ateratzen saiatuko dira, baina hainbat gertakarik hankaz gora jarriko dute zentroko errutina.
José Luis Torres Leivak (Santiago, Txile, 1975) Cesare Paveseren olerki baten izena jarri dio Vendrá la muerte y tendrá tus ojos filmari. 2016an Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroko proiektuetako bat izandako lan horrek bi emakumeren arteko maitasun-harremanaren berri emango digu, haietako baten bizitzaren azken uneetan. Amparo Noguerak eta Julieta Figueroak antzeztu dituzte pertsonaiak. Aurrez ere zuzendariarekin lanean aritua da Figueroa; besteak beste, El cielo, la tierra y la lluvia (2008) eta Verano (2011) filmetan.
Dars Vorspiel filmaren protagonista Nina Hoss da (Phoenix, Barbara). Ina Weisse (Berlin, 1968) aktore eta zuzendariaren bigarren filma da, Der Architekt (2008) sari askodunarekin kamera atzean debuta egin ondoren. Aukera honetan, biolin-irakasle baten istorioa kontatuko digu; ikasle batekin obsesionatu eta, azkenean, bere familiari baino arreta handiagoa emango dio.
Adilkhan Yerzhanov (Zhezkazgan, Kazakhstan, 1982) zuzendariak Cannesko zinema-jaialdian aurkeztu zituen The Owners (2014), Emanaldi Berezien esparruan, eta The Gentle Indifference of the World (2018), Un Certain Regard sailean estreinatua. Orain, Donostian lehiatuko da A Dark-Dark Man lanarekin. Kazakhstango herrixka batean hildako haur baten heriotza ikertzen ari diren polizia bat eta kazetari bat dira filmaren ardatzak.
Azkenik, zenbait film labur zuzendu ondoren, bere lehen film luzea ekarriko du David Zonanak (Mexiko Hiria, 1989): Mano de obra, Michel Franco zinemagileak ekoitzitakoa. Opera prima horretan, aktore profesionalak nahiz amateurrak bildu ditu antzeztaldean, laneko prekarietatea pairatzen duten eraikuntza-langile batzuen nora eza irudikatzeko.
Orain dela egun batzuk, Urrezko Maskorra irabazteko lehian izango diren Espainiako hiru ekoizpenak jakinarazi genituen: La trinchera infinita (Aitor Arregi, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga), Mientras dure la guerra (Alejandro Amenábar) eta La hija de un ladrón (Belén Funes). Orain, zazpi hauek gehitu dira sailean. Gainera, Diecisiete-k (Daniel Sánchez Arévalo) lehiaketaz kanpo parte hartuko du, eta La odisea de los giles-ek (Sebastián Borensztein) emanaldi berezia izango du. Hurrengo asteetan, 67. edizio honetan (irailaren 20tik 28ra) Sail Ofiziala osatuko duten gainerako filmak jakinaraziko ditu Zinemaldiak.
Kazakhstango herri batean haur bat erail dute. Bekzat detektibeak lehenbailehen amaitu nahi du ikerketa; izan ere, bertako poliziak jadanik aurkitu du hiltzailea. Baina hiritik kazetari bat iristen denean, dena amilduko da. Bere laneko ibilbidean lehenbiziko aldiz, egiazko ikerketa bat egin beharko du Bekzatek, prozedurari jarraituz.
Anna Bronsky musikako institutu bateko biolin-irakaslea da. Gainerako irakasleak kontra agertu arren, eskolan mutil bat onar dezatela lortuko du Annak, talentu nabarmena duela sumatu baitu. Ordutik aurrera ardura handiz lan egingo du Alexanderrekin, eta azterketa partziala egiteko prestatuko du, bere seme Jonasi gero eta arreta gutxiago emanez. Gero eta gehiago urrunduko da bere senar Philippe Bronsky biolin-egilearengandik ere. Bere maitale eta lankide Christianek boskote batean sartzeko konbentzituko du. Kontzertuan huts egingo du, ordea, eta presioa handituko da. Orain Alexander bihurtu da Annaren tresna, eta betiere aurrerago eta gorago eramango du. Azterketaren eguna iristen denean, gertaerek tragediaren bidea hartuko dute…
Hiru ermitau zahar basoan gordeta bizi dira. Sute handi batek arriskuan jarriko du eremu hori, eta haien egunerokoa astinduko dute bi gertaerak: zaharrena, Boychuck, hil egingo da, eta laurogeitaka urteko emakume bat iritsiko da, bizitza osoan bidegabeki psikiatriko batean barneratuta egon ondoren. Emakumezko argazkilari batek haien ezkutalekua aurkituko du inguruko suterik larrienetan bizirik atera direnei elkarrizketak egitera datorrenean. Bi emakumeek Boychucken ehunka margolan aurkituko dituzte, hark sute horietan bizitako iragan tragikoaren lekuko. Jocelyne Saucier idazlearen izen bereko eleberrian oinarritutako filma.
Franciscok eta eraikuntzako langile talde batek luxuzko etxe bat egingo dute Mexiko Hirian. Lanean, Franciscoren anaia hilko da istripu baten ondorioz, baina etxejabe aberatsak alargunari kalte-ordainik emango ez diola jakingo du Franciscok. Bere eta lankideen aurka abusu berriak jasan ondoren, eta dagokiena hainbatetan eskatu ondoren, bere esku hartuko du justizia. Baina, aurka egin nahi dion munduak irentsiko al du azkenean?
Bost urte igaro dira Michel Houellebecq bahitu zutenetik. Michel eta Gérard Depardieu elkarrekin joango dira Cabourgera, talasoterapia batera. Establezimenduak ezarriko dien osasun-erregimen latzetik onik ateratzen saiatuko dira han. Bitartean, bera bahitu zutenekin etengabe harremanetan jarraituko du Michelek, eta ustekabeko gertakari batzuek hankaz gora jarriko dute egonaldia.
Bizitza osoa elkarrekin eman duten bi emakumek haietako baten gaixotasunari aurre egin beharko diote. Gaixo dagoen emakumeak tratamendurik ez egitea erabakiko du, eta basoko etxola batera joango dira biak, heriotza haien bizitzetara iritsi arte. Hala, berriz aurkituko dute errutinaren eta denboraren poderioz ahuldutako maitasun-garra. Apurka-apurka, bien arteko harremana indartuko da; bitartean, etxola kanpoan, heriotza bere abagunearen zain dago.
Vikar, jendearekin trakets moldatzen den arkitektura-ikasle bat, Hollywood aldera joango da autobusez, ikusi dituen film eskasetan inspirazioa harturik. Larru-arras moztutako buruan duen tatuajeak Soledad aktore ederra txundituko du; Montgomery Clift eta Elizabeth Taylor erakusten ditu, Leku bat eguzkitan filmean agertu bezala. Laster zinemagintzan hasiko da Vikar, lehenbizi diseinatzaile eta ondoren muntatzaile, eta bidaia liluragarria egingo du pelikulen munduan, baina, aurkikuntza ia-ia lazgarri bat tarteko, tragedian amaituko da guztia.