Donostia Zinemaldiko 67. edizioko atzera begirakoan, Roberto Gavaldón mexikarrak 1945 eta 1974 bitartean zuzendu zituen hogei film luze erakutsiko dituzte. Filmoteca Españolaren lankidetzarekin antolatu den zikloarekin batera, zinemagileari buruzko liburu monografiko bat argitaratuko da.
Argitalpena Quim Casasek eta Ana Cristina Iriartek koordinatuko dute, eta bilduko dituen artikuluen egileen artean Mirito Torreiro, Nuria Vidal, Dolores Tierney, Marina Díaz, Casas bera eta Gavaldónen lanei buruzko Mexikoko aditu garrantzitsuenetako batzuk daude (Rosario Vidal Bonifaz, Carlos Bonfil, Eduardo de la Vega, Fernando Mino, Viviana García Besné, Héctor Orozco, Rafael Aviña eta Paula Astorga, Mexikoko Zinemateka Nazionalaren zuzendari ohia). Zinemagilearen seme Roberto Gavaldón Arbidek liburuaren aurkezpenean parte hartuko du.
Zikloan Euskadiko Filmategiak eta San Telmo Museoak lagundu dute, eta Donostia Zinemaldiaren ondoren, Madrilera eramango dute. Han, Espainiako Zinematekan izango da ikusgai urrian eta azaroan. Programatutako filmetako batzuk Mexikoko Zinemateka Nazionalak eta Filmoteca de la UNAMek zaharberritu dituzte.
Roberto Gavaldón (1909-1986) 1950eko eta 1960ko hamarkadetako Mexikoko zinemako zuzendari garrantzitsuenetako bat izan zen. Jiménezen (Chihuahua, Mexiko) jaio zen 1909an, eta estra, aktore, zuzendari-laguntzaile eta gidoilari lanetan hasi zen zinemaren munduan. Zuzendarikide moduan ere egin zituen lan batzuk, eta 1945ean zuzendu zuen bere lehen bakarkako lana: La barraca, Vicente Blasco Ibáñezen izen bereko nobelaren egokitzapena. Espainiako gerraren ondoren Mexikora erbesteratu ziren Espainiako zenbait teknikari aritu ziren filmaren errealizazio-taldean.
Gavaldónen ezaugarria estilo soila, klasikoa eta errealista da, eta horregatik nabarmendu zen lehen film luzea egin zuenetik bertatik, eta horretan lagundu egin zion Gabriel Figueroa, Alex Phillips eta Jack Draper argazki-zuzendariekin, besteak beste, lan egiteak. Gai melodramatikoak jorratu zituen oro har. Gerora, bere estiloak eta aukeratzen zituen istorioek aurrez aurre jarriko zuten kritikari eta zuzendari gazteagoekin; izan ere, haiek zalantzan jartzen zuten zinemagileak zinema nazionalerako zuen joera.
Macario (1960) da bere filmik garrantzitsuenetako bat. Ben Travenen kontakizun bat du oinarri –John Hustonek ere idazle hori izan zuen inspirazio-iturri The Treasure of the Sierra Madrefilmean, eta Gavaldónek berak ere berriro egokitu zituen haren lanak Rosa blanca (1961) eta Días de otoño (1963) filmetan–, eta harekin Canneseko zinema-jaialdian parte hartu zuen. Gainera, ingelesa ez den hizkuntza batean egindako film onenaren Oscar sarietarako izendatutako lehen film mexikarra izan zen. Protagonista, Ignacio López Tarso (Buñuelen Nazarín filmeko aktoreetako bat), Mexikoko zinemako izarretako bat zen urte haietan. Mexikoko zinematografiako beste izen handi batzuekin ere lan egin zuen Gavaldónek; besteak beste, hauekin: María Félix, Dolores del Río, Arturo de Córdova, Pedro Armendáriz eta Libertad Lamarque melodramaren izar argentinarrarekin.
Urteetan izan zen bere herrialdeko zinemaren ordezkaria nazioarteko lehiaketa garrantzitsuenetan. Zenbait aldiz lehiatu zen Cannesen, Venezian eta Berlinen, eta, 1953an, Acuérdate de vivir lana aurkeztu zuen Donostia Zinemaldiaren lehen edizioan. Zortzi Ariel sari irabazi zituen; hots, Arte eta Zientzia Zinematografikoen Mexikoko Akademiak 1947az geroztik ematen dituen sariak. Film onenaren lehen Ariel saria La barraca filmak jaso zuen.
Gehienbat melodrama landu bazuen ere, jorratu zuen bestelako generorik, esaterako poliziarena, musikala, fantasiazkoa eta landa-drama, eta western-ranchero ziklo bat egin zuen Antonio Aguilar aktorearekin. Bere filmen artean hauek azpimarratu behar dira: Macario; La otra(1946) –krimen baten inguruko drama, bi ahizpa bikiri buruz, non Dolores del Río aktorea den protagonista; Hollywooden film horren remake bat egin zuten, hots, Dead Ringer (1964), Bette Davis aktorearekin–; La diosa arrodillada (1947); En la palma de tu mano (1951), La noche avanza (1952) –lan honetako protagonista euskal pilotako eskrupulurik gabeko txapeldun bat da–; El rebozo de Soledad (1952); El niño y la niebla (1953); Camelia (1954), Sombra verde(1954), La escondida (1956), eta Miércoles de ceniza (1958). 1955ean, Disney etxeak Mexikon filmatutako bere ekoizpenetako bat zuzentzeko aukeratu zuen Gavaldón: The Littlest Outlaw.
1960ko hamarkadaren hasieran, erabateko aldaketa izan zuen lantzen zituen gaietan, eta modu argiagoan agertu zen gai sozialen eta politikoen alde. Hala, Rosa blanca filmatu zuen, Mexikoko petrolioaren desjabetzeari buruz, baina debekatu egin zuten, eta 1972ra arte ez zen estreinatu. Días de otoño filmean, emakume baten istorio iluna kontatzen du: senargaiak abandonatu du baina denei esaten die harekin ezkondu dela eta haurdun dagoela. Macariofilmeko bikote bera da protagonista; hots, Ignacio López Tarso eta Gavaldónek deskubritu zuen aktore Pina Pellicer. Horren ondoren, Gabriel García Márquez eta Carlos Fuentes idazleekin batera lan egin zuen El gallo de oro (1964) filmaren gidoian: borroka-oilar bati buruzko parabola bat, Juan Rulforen istorio batean oinarrituta.
1970ko hamarkadaren lehen erdian, hiru film egin zituen Espainian: Don Quijote cabalga de nuevo (1973), Fernando Fernán Gómez eta Cantinflas direla Kixote eta Sancho Panza, eta Amparo Rivelles protagonista den bi drama: La madrastra (1974) eta La playa vacía (1977). 1979ra arte aritu zen lanean. Urte hartan Cuando tejen las arañas bere azken lana zuzendu zuen, neska nerabe baten sexualitate erreprimituari buruzko drama bat. Mexiko Hirian zendu zen 1986an.
Familia berri bat Valentziako landa-ingurunera iritsiko da, bertan lurra lantzera. Lursailak lukurari baten esku galdu dituen familia baten barrakan biziko dira. Haiek galera horrekin zerikusirik eduki ez arren, albokoei ez zaie gustatuko beste batzuek lantzea haietako batenak ziren lurrak.
María eta Magdalena bi ahizpa biki dira; bata milioiduna, bestea behartsua. Maríak, ahizpa behartsuak, bere biki alargundu berria erailko du, haren lekua hartzeko. Baina erailtzaileak estualdi batean aurkituko du bere burua, eta biktimak eraildako senarraren heriotzan errurik ez duela frogatu beharko du.
Arrantxo batean anaiak bezala hazi diren bi gizon, Pedro eta Carlos, Luperen maitasuna lortzeko lehiatuko dira. Pedro eta Lupe ezkondu egingo dira, eta emaztearen jokabide apetatsuak tragedia ekarriko du.
Antonio Ituarte enpresari dirudunak biluzik dagoen emakume baten estatua oparituko dio emazteari ezkontzaren urteurrenean. Estatuaren modeloa Raquel da, Antonioren maitalea. Raquelek emaztearengandik dibortziatzeko eskatuko dio Antoniori, eta hortik gutxira egoera misteriotsuan hilko da emaztea. Antoniok maitalea hil nahian emaztea pozoitu duela uste du.
Herri batean alkategaia erail dute. Ministerio publikoaren ikerketan susmagarri nagusia eskualdeko jauntxoa da, Rosauro Castro. Tiroketa batean, Rosauroren seme txikiak bizitza galduko du. Rosaurok mendekua hartu nahi du, baina udal presidenteak, bere konpaiak, ez dio utziko.
Karin astrologo eta okultista bezeroen sineskortasunaz baliatzen den iruzurgile bat da egiaz. Bere maitale Clarak, apaindegiko langileak, lortzen dio iruzurra egiteko informazioa. Clarak jakinaraziko dio Vittorio Romano diruduna hil berri dela, emazteak, Adak, haren iloba Leónekin traizionatu duela jakin ondoren. Karin hiletara agertuko da, hildakoaren lagun minaren plantak egiten. Han, Adak aitortuko dio berak eta Leónek pozoitu zutela Vittorio, haren dirua lortzeko. Karin eta Ada León erailtzeko azpikeriatan hasiko dira.
Alberto Robles doktoreak porrot egin duela sentitzen du; izan ere, ezin izan zituen bete Medikuntza ikasten zebileneko ametsak, eta jaioterrira itzuli behar izan zuen lanera. Bi lagun ditu han, aita Juan eta Roque Suazo, eta haiekin batera aurka egingo dio bertako jauntxoari. Gau batean, Soledad izeneko emakume batek anaiarengana joateko eskatuko dio doktoreari, hark sukarra baitu. Emakumea berarekin maiteminduko da, eta, esker onez, egunero laguntzera etortzea erabakiko du. Roque Suazo ezagutzeak hankaz gora jarriko du Soledaden bizitza, eta tragedia ekarriko du guztien bizitzetara.
Marcos Arizmendi hainbat emakumerekin maite-jolasetan ibiltzera ohituta dagoen pilotari harroxko bat da. Baina apustu-artekari baten amarruek arriskuan jarriko dute haren bizitza.
Yolanda piano-irakaslea hiriburura joango da, maite duen gizona ahizparekin ezkondu baita akats bat dela medio. Han, haurtzaindegi batean irakatsiko du, eta ikasleetako baten familiak hartuko du. Amak, gurpil-aulki batean dagoenez, haurrak hazteko laguntza eskatuko dio. Yolandaren ahizparekin ezkondu den gizonak, ordea, Yolandaren eta familiako aitaren, Manuelen, artean zerbait gehiago dagoela susmaraziko dio seme nagusiari.
Rafael zezenketariak zezen bat eskainiko dio Camelia aktore ospetsuari, baina zezenketa horretan bertan adarkatuko dute. Bien arteko harremana estutu, eta elkarrekin maiteminduko dira. Cameliak minbizia du. Hainbat liskar eta gero, Rafaelen herrira joango dira ezkontzera, baina han, Enriquek, zezenketariaren anaiak, Camelia ezagutuko du: bere maitale ohia da, eta harengatik espetxera joan zen. Anaia uzteko konbentzituko du, eta Camelia eskutitz bat utzirik joango da.
Federicok Mexikoko konpainia batentzat lan egiten du, eta oihanera joan beharko du kortisonadun zuhaitza non hazten den bilatzeko. Oihanean galduta, azkenean jendegune batera iritsiko da, ur-jauzi batean alboan. Han harrera gaiztoa egingo dio Santosek, mundutik ihes egin duen izaki samindu batek. Zubia moztu, eta ibaira botako du. Yáscarak, Santosen alabak, salbatuko du, eta Federicorekin maiteminduko da, baina gizona ezkonduta dago. Gizon batzuek Federico erreskatatuko dute, eta Yáscara bakarrik geratuko da. Aitak esango dio maite badu itzuliko dela.
Jesús Bernalek bost seme ditu. Meatzariak dira, baina haietako bi eskolatuta daude, eta haien irakasleak ideia aurrerazaleak ditu. Bernaldarrek, zain bat aurkitu, eta beren jabetzapean erregistratuko dute, baina Frantziako konpainia batek kenduko die jabetza. Leherketa bat dagoenean, meategiaren jabeek ez dituzte erreskatatu nahiko harrapatutako langileak. Hortaz, enpresaren aurka matxinatuko dira anaiak.
Mexikon, Kristeroen Gerran (1920ko hamarkada), apaiz katoliko batek Victoria bortxatuko du; hala, erlijioaren eta, batez ere, apaizen etsai bihurtuko da. Horregatik, eta familian izan dituen bizipen tragikoengatik, oso emakume gogorra bilakatuko da. Familia onekoa izan arren, burdel baten jabe bihurtuko da. Baina egun batean Federico Lamadrid doktorearekin maiteminduko da, eta horrek zalantzan jarriko ditu lehenagoko uste eta aurreiritziak; batez ere, Federico apaiza ere badela jakiten duenean.
Jim marinel estatubatuarra Topolobampora itzuliko da, Pepe lagun zaharrarekin elkartzeko eta sakonean izkirak arrantza ditzatela proposatzeko. Duela zenbait urte, Pepe gizon bat jotzeagatik espetxe-zigor laburra betetzen ari zela, haren emazte Magdalenarekin amodio-kontu bat izan zuen Jimek. Peperen ustez berea den semea, Jimena da egiaz. Arrantzale batek menturaz esandako zerbait susmo eta jelosia biziak piztuko ditu Peperengan, eta horrek eragina izango du semearengan eta familiaren bizitzan. Bitartean, berriz ere Jimekin harremanean hasiko da Magdalena.
Macario laborari eta egurketari xumeak guajalote (indioilar) oso bat jatearekin amets egiten du, baina bere familia oso egoera larrian bizi da. Egun batean, emazteak bat lapurtu, eta Macariorentzat prestatuko du. Basora joango da jatera, eta han Deabrua, Jainkoa eta Heriotza agertuko zaizkio. Hirurek proposatuko diote indioilarra partekatzea, baina Heriotzari onartuko dio soilik. Trukean, gaixotasun oro senda dezakeen likido bat emango dio Heriotzak botila batean. Hari esker, aberastu egingo da, eta ondorioz Inkisizioaren arreta bereganatuko du. Azkenean, Heriotzak hartuko du.
Luisa probintziako gaztea Mexiko Hirira iritsiko da, pastel-denda batean lan egitera. Han, pastelak apaintzeko talentu handia duela ikusiko du dendaren jabeak, On Albino alargunak. Bi haur adingaberen aita da, eta Luisak maitasuna hartuko die haurrei, baina uko egingo die On Albinok hurbiltzeko egingo dituen saioei, senargaia duelako. Baina, ezkontzaren eguna iristen denean, senargaia ez da agertuko. Atsekabetuta, pastel-dendara itzuli, eta guztiei ezkonduta eta haurdun dagoela sinetsaraziko die Luisak.
Dionisio Pinzón pregoilari xumeari hilzorian dagoen urrezko oilar bat emango diote. Zaindu, biziberritu, eta urrezko oilar izena jarriko dio. Lorenzo Benavides oilar-hazle ospetsuaren oilarretako bati irabaziko dio, eta urrezko oilarra lortzen eta Pinzónekin elkartzen tematuko da hura. Caponeraren laguntzaz, Pinzónen bazkide bihurtuko da Benavides. Hala ere, tratuak ez du luze iraungo, eta azken oilar-borroka batean aurkaz aurka amaituko dute biek.
1937an, Rosa Blanca azienda Estatu Batuetako petrolio-konpainia bati saltzeari uko egingo dio jabeak. Konbentzitzeko, Estatu Batuetara gonbidatuko dute, eta han desagerraraziko dute. Handik gutxira, dokumentu faltsu bat erabiliz, jabetza bereganatuko du konpainiak; petrolio-eremu bihurtzeko suntsitu, eta bertako langileak esplotatzen hasiko dira. Azkenean, Lázaro Cárdenas presidenteak 1938an petrolio-industria nazionalizatzeko adierazpena egin zuela aipatuko du filmak.
On Kixote zalduntza ibiltariarekin eta zaldunen ohore-kodeekin obsesionatuta bizi da. Santxo Panza ezkutari bitxia alboan, zenbait abentura biziko ditu; haietan, isekak eta iruzurrak egingo dizkiete batzuek, eta zentzatzen laguntzen saiatuko dira besteak. Baina ez On Kixotek ez Santxok ez diote ukorik egingo gizadia babesteari.
Enpresari garrantzitsu bat Mercedes prostituta helduarekin ezkonduko da. Baina, handik gutxira, tisi larri baten ondorioz hilko da senarra. Orduan, gogoko dituen bi gizonak limurtzen saiatuko da Mercedes: bere semeorde gaztea eta haren pintura-irakaslea. Hala ere, bien artean amodio-harreman bat dagoela konturatuko da emakumea.
OSATU ZURE LIBURUTEGIA
Gogoratu, Zinemaldiko aurreko edizioetako zikloei eskainitako
liburuak Zinemaldiko Argitalpenen Dendan lor ditzakezula