Gisaengchung / Parasite, Bong Joon Hori Cannesko Urrezko Palmorria eman dion film luzea, da Perlak saileko lehen aurrerapenean nagusi, eta horrekin batera izango dira Frantziako zinema-jaialdiko Sail Ofizialean eta Un Certain Regard sailean lehiatu diren beste titulu batzuk eta Berlineko zinema-jaialdiaren azken edizioan izan diren bi film. Zortzi ekoizpen horiek arituko dira ikusleek erabakitzen duten Donostia Hiria Publikoaren Sariagatik lehian.
Bong Joon Hok (Daegu, Hego Korea, 1969) Barking Dogs Never Bite (2000) filmarekin Donostiako Sail Ofizialean egin zuen nazioarteko debuta, eta, Memories of Murder filmarekin itzuli zen (Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra eta Zuzendari Berriak Saria, 2003). Mother (Perlak, 2009) eta Snowpiercer (2013) lanen egilea Asiako zinemaren egungo figura nagusietako bat da, eta Gisaengchung / Parasite filmarekin Urrezko Palmorria lortu du, familia aberats eta pobre banaren topaketa harrigarriaren bitartez erradiografia soziala eginez.
Les Misérables, Ladj Lyren (1978) lehen film luzeak Canneseko Epaimahaiaren saria ex aequo lortu zuen Bacurau lanarekin batera. Malin jaiotako zuzendari frantziarrak Victor Hugoren literaturako klasikoaren izenburua erabili du Parisko aldirietako bizimodu gatazkatsuari buruzko istorio garaikide bat kontatzeko.
Ukitu sozial nabarmena dauka baita ere Sorry We Missed You filmak, I, Daniel Blake obrarekin (2016) Donostia Zinemaldiko Publikoaren saria irabazi zuen Ken Loachen (Nuneaton, Erresuma Batua, 1936) lan berriak, alegia. Mende erdiko ibilbidea eta hogeita hamar lan baino gehiago egin ondoren, maisu britainiarra Cannesen lehiatu zen berriz lan-prekaritatearen tranpei aurre egiten dien familia baten erretratu garaikide honekin.
Olivier Nakache (Suresnes, Frantzia, 1973) eta Éric Toledano (Paris, 1971) Donostiako ohiko parte-hartzaileak dira. Intouchables (Untouchable, 2011) filmaren munduko estreinaldiarekin eta Samba (2014) lanarekin bi edizio itxi dituzte, eta Le sens de la fête / C’est la vie! (2017) filmarekin lehian aritu dira. Aurtengo Canneseko jaialdia lehiaketaz kanpo itxi zuen Hors Normes / The Specials lanean, Frantziako tandem honek autismoa duten haurren elkarte bat sortuko duten bi lagunen (Vincent Cassel eta Reda Kateb) gorabeherak kontatzen ditu.
Bestalde, Oliver Laxe (1982) Parisen jaiotako zinemagile galiziarrak O que arde / Fire Will Come aurkeztuko du. Sute bat eragiteagatik espetxe-zigorra bete ondoren, herrixka galdu batera amarekin, txakurrarekin eta hiru behirekin bizitzera itzuliko den gizona du protagonista. Film honekin, Todos vós sodes capitáns (2010) eta Mimosas (2016) lanen egileak Un Certain Regard Epaimahaiaren Saria jaso du, baita soinu-sorkuntza onenaren saria ere.
Canneseko sail horretan ere zuzendari onenaren saria jaso du Kantemir Balagov (Naltxik, Errusia, 1991) gazteak. Tesnota / Closeness opera primarekin (Zabaltegi-Tabakalera, 2017) ikusleak harritu ondoren, Beanpole bigarren filma II. Mundu Gerraren amaieran kokatu du, Leningrad suntsituan beren bizitzak berregiten saiatuko diren bi emakumeren istorioa kontatzeko.
Gainera, Wang Xiaoshuai zuzendari txinatarrak (Shanghai, 1966), Shi qi sui de dan che / Beijing Bicycle (Perlak, 2001) eta 11 Flowers (Sail Ofiziala, 2011) lanen egileak, Di jiu tian chang / So Long, My Son ekarriko digu. Istorio honetan, bi bikotek 1980ko hamarkadako Txinan izandako aldaketa sozialei eta ekonomikoei aurre egin beharko diete. Yong Mei eta Wang Jingchun protagonistek, hurrenez hurren, emakumezko eta gizonezko aktore onenen Zilarrezko Hartza eskuratu zuten Berlinalen.
Berlineko zinema-jaialdian, lehiaketaz kanpo, Amazing Grace ere egon zen ikusgai, 1972an Aretha Franklinek Los Ángelesko eliza baptista batean bere diskorik salduena grabatzeko eman zituen gospel kontzertuei buruzko filma. Sydney Pollack zinemagileak emanaldia filmatu zuen, eta, 47 urte ondoren, Alan Elliott-ek (1964) irudiok erabiliz dokumental bat sortu du, besteak beste, Spike Leek koproduzitu duena.
Hurrengo asteetan, Donostia Zinemaldiak Perlak sailean parte hartuko duten gainerako izenburuen berri emango du. Espainian estreinatu ez diren eta kritikak txalotu dituen eta/edo beste nazioarteko zinema-jaialdi batzuetan sariak jaso dituzten urteko film luze gailenen aukeraketa bat proiektatzen du sail honek. Lan guztiak Donostia Hiria Publikoaren Sarietarako hautagai izango dira: film onenarena (50.000 eurokoa) eta Europako film onenarena (20.000 eurokoa).
1972ko urtarrilean, Aretha Franklin handia bi egunez aritu zen Los Angelesko Watts auzoko New Temple Missionary Baptist Church elizan, bere diskorik salduena izango zena, Amazing Grace, grabatzeko. Sydney Pollack zinemagileak zuzendutako talde batek filmatu zituen saio horiek, baina artxiboko materiala ahaztuta egon da lau hamarkadaz. 2008an hil aurretik, filma osatu nahi zuela azaldu zuen Pollackek, eta Alan Elliott ekoizleak proiektuari emandako talde batekin ekin zion lanari. Spike Lee da koproduktoreetako bat. Berlineko zinema-jaialdian lehiaketaz kanpo estreinatu zuten.
1945, Leningrad. II. Mundu Gerrak ingurua suntsituta utzi du, bai eraikinak, bai biztanleen bizitzak. Bi emakume gazte, Iya eta Masha, hondamendi horretan beren bizitzak berregiten saiatuko dira. Tesnota / Closeness (Zabaltegi-Tabakalera, 2017) filmarekin debuta egin ondoren, Cannesko Un Certain Regard saileko zuzendari onenaren saria eskuratu zuen Kantemir Balagov errusiar zuzendari gazteak.
Txinan 1980ko hamarkadatik orain arte izandako aldaketa sozial eta ekonomiko handietara egokitu beharko dira bi bikote. Berlineko zinema-jaialdiaren azken edizioan, Yong Mei eta Wang Jingchun protagonistek, hurrenez hurren, emakumezko eta gizonezko aktore onenen Zilarrezko Hartza lortu zuten.
Ki-taeken familiako guztiak langabezian daude, eta Park familia aberatsaren bizimoduak izugarrizko interesa pizten die. Egun batean, Parken etxean ingelesezko eskolak emateko gomendatuko dute semea. Bidaia kontrolaezin baten hasiera izango da, eta inor ez da onik aterako. Barking Dogs Never Bite (Sail Ofiziala, 2000), Memories of Murder (zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra eta New Directors saria, 2003), Mother (Perlak, 2009) eta Snowpiercer (2013) lanen zuzendariaren azken filmak Urrezko Palmorria eskuratu du Canneseko azken zinema-jaialdian.
Bruno eta Malik lagunen istorioa. Hogei urtez bestelako mundu batean bizi izan dira biak: autismoa duten umeen eta nerabeen munduan. Irabazi asmorik gabeko bi erakunderen arduradunak dira, eta gazteak prestatzen dituzte autismo larria duten pertsonak zaintzeko. Hala, elkarte berezi bat sortuko dute, ohiko inguruetatik kanpo, berdinik gabeko pertsonaia batzuentzat. Intouchables (Sail Ofiziala, 2011) eta Samba (Sail Ofiziala, 2014) lanen egileen azken film luzeak Canneseko zinema-jaialdia itxi zuen, lehiaketaz kanpo.
Stéphanek delinkuentziaren aurkako brigadarekin bat egin berri du Montfermeilen, Parisko aldirietako ekialdeko auzo batean. Han eskarmentu handiko bi kide ezagutuko ditu, Chris eta Gwada, eta laster auzoko taldeen arteko tentsioen berri izango du. Malin jaiotako Ladj Ly frantziar zuzendariaren lehen lana, Epaimahaiaren Sariaren irabazlea Cannesko azken zinema-jaialdian (ex aequo Bacurau filmarekin).
Amadorrek ez du inor bere zain sute bat eragiteagatik zigorra bete ondoren espetxetik ateratzen denean. Etxera itzuliko da, Lugoko mendietan galdutako herrixka batera, eta han berriz bizi beharko du Benedicta amarekin, Luna txakurrarekin eta bere hiru behiekin. Bizitzak astiro-astiro igaroko dira, naturaren erritmoan, harik eta sute bortitz batek ingurua suntsitu eta dena aldatu arte.
Ricky, Abby eta haien bi haurrak Newcastlen bizi dira. Familiak oso harreman estua du. Ricky lan batetik bestera dabil; Abbyk adinekoak zaintzen ditu, eta gogoko du bere lana. Gero eta gehiago egiten dute lan, baina badakite ez dutela inoiz lortuko nahi duten segurtasun ekonomikoa eta ez direla inoiz etxejabe izango. Rickyk aukera bat ikusiko du orduan, aplikazioen iraultzari esker. Bikoteak den-dena jarriko du apustu horret. Abbyk bere autoa salduko du Rickyk furgoneta erosi eta bere kontura lan egin dezan: azkenean bera izango da bere nagusi. Mundu modernoa familiako sukaldean sartuko da, eta bestelako etorkizun bat eskainiko die.