"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) antolatzen dute ikus-entzunezko proiektuak garatzeko Ikusmira Berriak egonaldi-programa, eta, orain, egonaldia sei astetik zortzira luzatu dute. Gainera, aurtengo urtetik aurrera, EQZEko ikasleek ere aurkeztu ahal izango dituzte beren proiektuak Ikusmira Berriak programara, Nest Film Students topaketan parte hartzen dutenekin eta Euskal Herriko, Espainiako eta gainerako herrialdeetako zinemagileekin batera.
Ikusmira Berriak programaren seigarren edizioko deialdia uztailaren 1etik abuztuaren 30era egongo da zabalik. Azaroan jakinaraziko dute zein diren aukeratutako bost lanak. Proiektu bakoitzak 5.000 euroko laguntza izango du, garatu ahal izateko. Laguntza maiatzean emango zaie, egonaldiaren bi zatien erdian; hala, zinemagileek hobeto administratu ahalko dituzte beren bitartekoak eta hobeto aprobetxatuko dute esperientzia.
Lehenengo egonaldia 2020ko martxoaren 2tik apirilaren 12ra izango da; hala, lau aste iraun beharrean, sei iraungo du. Apiriletik irailera bitarte ere zuzendariek beren proiektuan lanean jarraituko dute; adituen batzordearen aldetik tutoretza jasoko dute online. Sergio Oksman aurten ere izango da batzorde horretan, eta Eugenia Mumenthaler ekoizlea eta Javier Martín programatzailea batuko zaizkio. Irailean, Zinemaldiarekin bat eginez, zinemagileak berriz etorriko dira Donostiara, egonaldiko azken bi asteak egitera. Orduan, proiektua garatuagoa izango dute zinema-industriari haren berri emateko. Aldi horretan, pitching saiorako (proiektuaren aurkezpena) prestakuntza jasoko dute, Zinemaldian bilduko diren 1.500 profesionaletako batzuekin bileraren bat lotzeko helburuarekin.
Aurtengo Ikusmira Berriak programara aurkeztutako proiektuei dagokienez, Sin dolor (Michael Wahrmann) aukeratu dute TorinoFilmLab-en, eta Un personaje volador proiektuak (Martina Juncadella) Buenos Airesko Bacifi zinema-jaialdiko garapenerako eta koprodukziorako plataformaren ARTEKino saria jaso du. Aurreko urteetan aurkeztutako proiektuei dagokienez, honako hauek ere jaso dituzte sariak edo aukeratuak izan dira nazioarteko zinema-jaialdietan: El agua, Elena López Rierarena; Pornomelancolía (lehen, ‘El oasis’), Manuel Abramovichena, eta Dormen os peixes de olhos abertos, Nele Wohlatzena.
918 gau (Arantza Santesteban) lana filmaketa betean dago; Chupacabra (Grigori Kolomitsev) eta Stephanie (Leonardo Van Dijl) abuztuan hasiko dira filmatzen, eta abuztuan bertan amaituko da Eles transportan a morte lanaren filmaketa (Samuel M. Delgado eta Helena Girón). Gainera, Las letras de Jordi (Maider Fernández Iriarte) eta Fantasía (Aitor eta Amaia Merino) postprodukzio aldian daude, eta azken sei hilabeteetan honako lan hauek estreinatu dira: Muga deitzen da pausoa (Maider Oleaga), Gijongo Zinema Jaialdian, eta Trote (Xacio Baño), Locarnon, zeina Zabaltegi-Tabakaleran aukeratua izan zen.
Ikusmira Berriak ikus-entzunezko proiektuak laguntzeko programa bat da, Tabakalerak, Donostia Zinemaldiak eta Elías Querejeta Zine Eskolak antolatua, REC Grabaketa Estudioaren eta Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin, eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren legatuaren parte da.