Donostia Zinemaldiaren zuzendari José Luis Rebordinosek eta Kutxabankeko ordezkari Idoia Elurbek gaurko prentsaurrekoan jakinarazi dituzte 67. edizioan Kutxabank-New Directors saria lortzeko lehiatuko diren europar, amerikar eta asiar zinemagileen hamalau lehen edo bigarren filmen izenak.
Aurten, zinemagile berrien lanak sustatzeko New Directors saileko film luze batean baino gehiagotan familiako gatazkak eta gurasoen eta seme-alaben arteko harremanak aurkituko ditugu. Beste protagonisten artean, Lituaniako telebistan itsuaren plantak egingo dituen lehiaketa bateko partaidea, galdutako fedearen bila Lourdesera abiatuko den garuneko paralisidun gizona, egungo Tunisiako bidegurutzean dauden bi maitale, Txileko uharte batean harrapatutako familia eta krisi bat jasaten duen dantzako munduko txapeldun bat izango ditugu.
Haututako filmetatik, zortzi lehen lanak dira eta sei bigarrenak, eta azken hauetako zenbait arduradunek New Directors sailean parte hartu dute aurreko edizioetan. Ignas Jonynasek (Vilnius, Lituania, 1971) Losejas / The Gambler (2013) lanarekin egin zuen eta orain Nematoma ekarriko digu, dantza-lehiaketa batean itsuarena egingo duen gizon bati buruzkoa. Iaz, lituanieraz filmatutako proiektu honek Glocal in Progress-eko sariak eskuratu zituen.
Bestalde, Svetla Tsotsorkova zuzendari bulgariarra (Burgas, 1977) Jadja / Thirst (2015) filmarekin aritu zen New Directors sailean. Sestra / Sister honetan, Monika Naydenova eta Svetlana Yancheva aktoreak aritu dira bere esanetara berriz. Nerabe baten gezurrak ahizpa nagusiaren mundua suntsituko du eta beren amari buruzko egia ezagutaraztea ahalbidetuko die.
1976. urtean Suitzako landa-ingurua hondatu zuen lehortean kokatutako Le milieu de l’horizon / Beyond The Horizon filmak familia-ingurua eta inozentzia desagertzen ikusiko dituen gazte baten istorioa kontatzen du. New Directors Sailean Puppy Love (2013) erakutsi eta lau urtera itzuli zaigun Delphine Lehericeyren (Lausana, Suitza, 1975) lan honetako aktoreen artean, Laetitia Casta eta Clémence Poésy daude.
Ondorengo zinemagileek ere bigarren lanak aurkeztuko dituzte. Jorunn Myklebust Syversenek (Oslo, Norvegia, 1978) zuzendutako Disco lanean, protagonista (Skam telesaileko Josefine Frida Pettersen) neska gazte bat da, dantza-txapelduna eta mugimendu ebanjeliko baten eredua: txapelketa baten erdian kolapso bat sufritu ondoren, erantzunak bilatzen hasiko da eliza erradikalago batean. Jorge Riquelme Serranok (Santiago, Txile, 1981) biztanlerik gabeko uharte batean beren deabruei aurre egin beharko dieten familia bateko kideei buruzko Algunas bestias / Some Beasts lanarekin (hainbat sariren irabazlea Zinema Eraikitzen 35 Toulouse-n), Paulina García eta Alfredo Castro aktoreekin. Bestalde, Hinde Boujemaa (1971) tunisiarrak Le Rêve de Noura / Noura’s Dream, ekarriko digu, senarra espetxetik atera aurretik bere bizitzako maitea ezagutuko duen eta dibortziatzear dagoen emakume baten istorioa.
Zortzi opera prima
Las chicas de Pasaik kolektiboarekin film labur batzuk sortu ondoren, Maider Fernandez Iriartek (Donostia, 1988) bere lehen film luzea aurkeztuko du, ez-fikzioko Las letras de Jordi / Jordi’s Letters, Ikusmira Berriak egoitza-programan garatutako proiektua (REC Grabaketa Estudioa postprodukzio-saria), Jainkoak hitz egiteari utzi diolako kezkatuta dabilen 51 urteko Jordi Drassanesi buruzkoa. Film laburren beste sortzaile batek ere ekarriko digu bere lehen lana, hain zuzen ere, Lucía Alemanyk (Traiguera, Valentzia, 1985). Icíar Bollaín, Daniel Sánchez Arévalo eta Borja Cobeagaren ekoizpen-taldeetan lanean aritu ondoren, La inocencia / The Innocence zuzendu du. Aktore-taldean Laia Marull eta Sergi López dituen laneko protagonista mutil helduago batekin harremanetan dabilen nerabe bat da (Carmen Arrufat).
Ana García Blayak (Buenos Aires, 1979) Las buenas intenciones / The Good Intentions lanarekin egin du debuta, Ventana Sur jaialdiko Primer Corte sailean hainbat sari jaso dituena, eta gurasoen arteko gatazkek seme-alabengan duten eragina erakusten duena. Antzeko argumentua dauka Kim Solen (Buyeo, 1992) eta Lee Jihyoungen (Bucheon, 1988) lehen lanak. Gazte hegokorear hauek Scattered Night lanarekin (2019ko Jeonjuko Zinema Jaialdiko Koreako Lehiaketako Sari Handia eta emakumezko aktore onenaren saria Moon Seunga-rentzat) estreinatuko dira.
The Giant filma David Raboy estatubatuarrak (1989) 2012an sortu zuen film laburrean oinarrituta dago, eta Charlotte gazteak (Odessa Young) bere jaioterrian emango duen azken udan iragana atzean uzten saiatuko da. Erresuma Batuko Fyzal Boulifa zuzendariak (Leicester, 1985) –The Curse film laburra (2012) Bafta sarietan izendatuta izan zuen–, Lynn + Lucy aurkeztuko du, betiko bi lagunen harremanaren bitartez erakutsitako indarkeriari eta histeria sozialari buruzko azterlan bat.
Koichi Doi japoniarrak (Yokohama, 1978) Yoake No Takibi / Bonfire At Dawn estreinatuko du, semea Japoniako antzerki klasikoaren Kyogen adarraren arauen arabera hezten duen aitari buruzko istorio garaikidea. Azkenik, 2018an Cannesen Gabriel film laburrarekin lehiatu zen Oren Gernerek (Petah-Tikva, Israel, 1984), bere lehen proiektu luzea erakutsiko du Donostian, Africa, bere burua berreraikitzeko bidaia isilean abiatuko den ingeniari erretiratuari buruzko istorioa. Zinemagile gaztea Zinemaldira itzuliko da, 2014an Greenland film laburrarekin Nest Film Students saria jaso ondoren.
1985. urtean sortutako New Directors sailak Zinemaldiak talentu berrien alde egindako apustuaren isla da. Bere egunean, beste askoren artean, Olivier Assayas, Nicolas Winding Refn, Laurent Cantet, Lucile Hadzihalilovic, Walter Salles, Kevin Smith, Lee Daniels, Ciro Guerra, Isabel Coixet, Alberto Rodríguez, Telmo Esnal eta Asier Altuna zinemagileek ekarri zituzten beren lehen lanak sail honetara.
Donostiatik pasatu ondoren, Kutxabank-New Directors sariaren irabazleak beste jaialdi batzuetarako hautatu dituzte eta Espainian komertzialki estreinatu dituzte. Hain zuzen ere, 2018ko irabazleak, Hiroshi Okuyamaren Jesus filma, joan den uztailaren 26an estreinatu zuten areto komertzialetan.
Kutxabank-New Directors saria nazioarteko epaimahai batek hautatzen du. 50.000 euro dira, eta zuzendariak eta filmaren Espainiako banatzaileak jasotzen dituzte. Kutxabank kolaboratzaile ofizial izango da aurten ere, eta partaidetza zabalagoa izango du. Horren barruan kokatzen da hain zuzen ere, New Directors sailaren babesletza.
Sail honetako filmak Gazteriaren saria lortzeko hautagai ere badira. Sari hori 18 eta 25 urte bitarteko 150 ikaslek osatutako epaimahai batek erabakitzen du.
Meir 68 urteko ingeniari erretiratua da, eta hiru hamarkadaz arduratu da herriko ospakizun tradizionala antolatzeaz. Baina ardura hori nahi ala ez kenduko diote eskarmentu gabeko nerabeei emateko, eta bere mundua kolokan ikusiko du. Bere sena eta bizkortasuna berreskuratu nahian, kontra egiten hasiko zaio egoera saihetsezinari: bere gorputz fisikoaren traizioari, bere seme-alabekiko distantzia gero eta handiagoari, eta adierazgarritasun ezari. Greenland (2014) film laburrarekin Nest Film Students saria irabazi zuen Oren Gerner zuzendariaren opera prima.
Familia bateko kideak gogoz iritsiko dira Txileko hegoaldeko uharte huts batera, hotel turistiko bat sortzeko asmoz. Kontinentetik eraman zituen gizona desagertzen denean, familia harrapatuta geldituko da. Hotzez, eta urik eta ziurtasunik gabe, animoak eta bizikidetza ona desegin egingo dira, eta senide bakoitzak ezkutatzen dituen piztiak agerian geldituko dira. Zuzendariaren bigarren film luzea.
Itxuraz, 19 urteko Mirjamen bizitza perfektua da. Estilo libreko disko-dantzako munduko txapelduna da, eta harro du bere eliza ebanjeliko modernoa. Bere gorputza, ordea, laguntza eske ari da. Munduko txapelketan, bere titulua defendatzen ari dela, eszenatokian ziplo eroriko da. Familiakoek fedean gehiago kontzentratzeko proposatuko diote, irtenbide moduan, eta berak, erantzun bila, eliza zorrotz eta kontserbadoreago batera joko du. Zuzendariaren bigarren film luzea.
Lis nerabea herritik atera eta zirkoko artista izan nahi du, baina badaki horretarako gurasoei gogor aurre egin beharko diela. Uda da eta lagunekin ematen ditu egunak, bera baino zertxobait helduagoa den mutilarekin maite-kontuetan. Intimitate ezagatik eta bizilagunen txutxu-mutxuengatik, harremana isilpean eramango du Lisek, gurasoek jakin ez dezaten. Erlazioak betiko aldatuko du bere bizitza. Opera prima.
90eko hamarkadaren hasiera Buenos Airesen. Amandak 10 urte ditu eta hiru anai-arrebetan zaharrena da. Gurasoak bananduta daudenez, umeak etxe batetik bestera ibiltzen dira. Aitarekin daudenean, heldu batek bezala jokatu behar du Amandak, eta etxeko guztiez –ahal duen bezala– arduratu behar da, Gustavo nahiko bitxia delako eta seme-alabak bere burua baino pittin bat gehiago bakarrik maite dituelako. Egun batean, herrialdetik eta aitaren bizimodu arduragabetik urruti bizitzera joatea proposatuko die amak, eta Amandari kezkak sortuko zaizkio. Opera prima.
Jordi duela 51 urte jaio zen, garuneko paralisiarekin. Ezin du hitz egin, baina taula bat erabiliz komunika daiteke. Modu horretan azalduko dio Maiderri, film honen zuzendariari, 21 urte zituenean Jainkoak hitz egiten ziola sentitu zuela lehen aldiz. Orain, ordea, gurasoen etxetik egoitza batera bizitzera joan da, eta han ez du berriz sentitu Jainkoa. Urtean behin, Lourdesko santutegira erromesaldian joaten da Jordi, eta han bilatzen du Jainkoarekin konektatzea, nahiz eta ez dakien Jainkoa berriz itzuliko zaion. Opera prima. Ikusmira Berriak egoitza-programaren bitartez garatutako proiektua. REC Grabaketa Estudioa postprodukzio saria.
1976ko uda. Bero-bolada bat azkar-azkar lehortzen ari da Suitzako landa-ingurua. Giro itogarri horretan, nekazari baten 13 urteko semeak, Gusek, familia eta bere inozentzia ihes egiten ikusiko ditu: mundu baten amaiera bizitzen ari da. Zuzendariaren lehenbiziko film luzea, Puppy Love (2013), New Directors egon zen.
Senarra kartzelan duela, Lassad ezagutu du Nourak. Berehala maiteminduko dira eta elkarrekin bizi nahiko dute. Baina Jamel presondegitik aterako da, eta, legeak behartuta, Nourak berarekin bizi beharko du berriz ere. Zuzendariaren bigarren film luzea.
Lynn eta Lucy lagun minak dira betidanik, eta haien erlazioa edozein maitasun-harreman bezain bizia da. Jaio ziren lekutik inoiz aldendu gabe, Lynn bere lehenbiziko mutil-lagunarekin ezkondu zen, eta bizkor hazten ari den alaba bat dute. Orain, pozarren dago bere lagun karismaduna eta aldakorra ama bihurtu delako estraineko aldiz, baina Lucyren erreakzioa ez da Lynnek espero duena. Laster ikusiko dute elkarren adiskidetasuna noraino iristen den, muturreko egoera batean. Opera prima.
Jonasek itsu plantak egingo ditu telebistako dantza-lehiaketa batean sartzeko. Han, Saulé dantza-lagun erakargarria ezagutuko du. Laster, ikuskizuneko lehiakiderik famatuenak izango dira. Bitartean, Vytas, Jonasen aspaldiko ezagun bat, mendeku hartzeko gogoz aterako da espetxetik, bere emazte zenaren heriotzaren errua, berea ez ezik, maitale zuen Jonasena ere badela uste duelako. Ignas Jonynasen bigarren lana, 2018ko Glocal in Progress sailean saritua.
Sumin eta Jinho anai-arrebak elkarrekin bizi dira. Egun batean, gurasoek berehala dibortziatuko direla jakinaraziko diete. Oraindik ez dute erabaki familiako lau kideak nola biziko diren eta bi aste itxaroteko eskatuko diete. Sumin kezkatuta dago, Jinhorengandik aldenduko ote duten eta amarekin edo aitarekin biziko ote den. Egun batean, baina, proposamen bat egingo diote. Opera prima.
Egungo Bulgariako herrixka bat. Ama bat eta bi alabak bizirauteko borrokan ari dira. Askotan, alaba txiki distraitu eta ameslariak istorioak asmatzen ditu, bizitza interesgarriagoa egiteko. Nahi gabe, gezur horietan harrapatuta geldituko da eta ahizpa nagusiaren mundu antolatua eta materialista suntsituko du. Bitartean, bi gazteek amari buruzko egia ezagutuko dute. Zuzendariaren bigarren film luzea.
Graduatu den egun berean, Charlottek jakingo du Georgiako bere herrira itzuli dela bere lehenbiziko maitea, trauma ikaragarria bizi eta urtebetez desagertuta egon ondoren. Baina, gau horretan, bere adineko neska bat hilda aurkituko dute, eta gero beste bat. Beldurgarria den zerbait gertatzen ari da inguruan, eta Charlotten azken uda amesgaizto kutsua hartzen joango da. Opera prima.
Japoniako antzerki tradizionaleko Kyogen adarrean 650 urteko ibilbidea egin duen artista-familia bateko ondorengoa da Motonari Okura. Negu batean, mendian isolatutako etxe batera joango da hamar urteko semearekin, erregimen zorrotz horretan trebatzeko, besteak beste, entseatzen eta garbitzen. Egun batean, aspaldiko lagun baten eta haren ilobaren bisita jasoko dute. Opera prima.