Penélope Cruzek Donostia Zinemaldiaren 67. edizioko Donostia sari bat jasoko du. Aktore espainiarrak protagonismo bikoitza izango du; alde batetik, Zinemaldiko ohorezko sari garrantzitsuena jasoko du, 1986tik zinemaren munduko figura handien ibilbidea eta ekarpena saritzen duena; eta bestetik, datorren edizioaren kartel ofizialaren irudia izango da.
Penélope Cruz (Madril, 1974) da nazioartean arrakasta handiena izan duen aktore espainiarra: antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren Oscar saria eta Bafta saria irabazi zituen Vicky Cristina Barcelona filmagatik (Woody Allen, Zabaltegi-Perlak 2008); hiru Goya La niña de tus ojos (Fernando Trueba, 1998), Volver (Pedro Almodóvar, FIPRESCI Sari Nagusia 2005) eta Vicky Cristina Barcelona filmetan egindako lanagatik; Canneseko zinema-jaialdiko emakumezko interpretazio onenaren sari kolektiboa (Volver), ohorezko César saria eta Arte Ederretako Merituaren Urrezko Domina (2018), beste aintzatespen askoren artean.
Cruzek gaztelania, ingelesa, italiera eta frantsesa erabili ditu bere lanetan, eta protagonista izan da, besteak beste, film hauetan: Belle Époque (Fernando Trueba, 1992, ingelesez besteko film onenaren Oscar saria), Jamón, jamón (Bigas Luna, 1992), Abre los ojos (Alejandro Aménabar, 1997), La niña de tus ojos (Fernando Trueba, 1998), Todo sobre mi madre (Pedro Almodóvar, 1999, ingelesez besteko film onenaren Oscar saria), Sin noticias de Dios (Agustín Díaz Yanes, 2001), Vanilla Sky (Cameron Crowe, 2001), Elegy (Isabel Coixet, 2008), Nine (Rob Marshall, 2009), Pirates of the Caribbean: On Stranger Tides (Rob Marshall, 2011), To Rome With Love (Woody Allen, 2013), Ma ma (Julio Medem, 2015), Todos lo saben (Asghar Farhadi, 2018), Dolor y gloria (Pedro Almodóvar, 2019) eta Wasp Network, Olivier Assayasek zuzendua eta oraindik estreinatu ez dena. Aurki nazioarteko beste bi produkziotan ere hartuko du parte: Simon Kinbergen 355 eta Todd Solondzen Love Child.
Donostian hirutan lehiatu da Zinemaldiaren Sail Ofizialean: Todo es mentira (Álvaro Fernández Armero, 1994), Volavérunt (Bigas Luna, 1999) eta Venuto al mondo (Sergio Castellito, 2012). Loving Pablo (2017) aurkezteko izan zen azken aldiz Donostian, Javier Bardemekin batera, Perlak sailaren itxiera-ekitaldian, Belodromoan egin zen emanaldi jendetsu batean.
Penélope Cruz Zinemaldiko ohorezko sari garrantzitsuena jasoko duen bosgarren aktore espainiarra izango da, Fernando Fernán Gómez (1999), Paco Rabal (2001), Antonio Banderas (2008) eta Carmen Mauraren (2013) ondotik.
Donostia Zinemaldiak karteletarako diseinu berri bat abiarazi zuen 2018an, konposizioan argazkiak eta marrazkiak uztartuz eta zinematografia garaikidearen figura bat txertatuz. Isabelle Huppertek inauguratu zituen kartel horiek iaz eta 67. edizioko karteleko protagonista Penélope Cruz izango da. Kartel ofiziala TGA estudioak egin du, Nico Bustos argazkilariak Penélope Cruzi eginiko erretratu batetik abiatuta.
Hamabost urteko ibilbidean, Donostiako TGA estudioaren funtzionaltasunaren eta estetikaren nahasketak eta lengoaia bisual bereizgarriak, besteak beste, Donostia Kulturaren, Kutxa Fundazioaren, Elías Querejeta Zine Eskolaren eta Aquariumen nortasunak taxutu dituzte. Nagore García Pascualek, Julen Cano Linazasorok eta Txema García Amianok zuzendutako estudioaren kartelen artean daude, besteak beste, Musika Hamabostaldiaren 75. urteurrenarena, Kontxako estropadetako 2017koa, Uda-gau bateko ametsa antzezlanarena edo Zinemaldiaren iazko irudi-aldaketa ekarri zuena.
TGAk egin ditu, halaber, gainerako sailen kartelak ere: New Directors, Horizontes Latinos, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Nest Film Students, Culinary Zinema eta Roberto Gavaldóni buruzko atzera begirako zikloa. Guztietan ere argazkiaren eta marrazkiaren arteko lotura erabiliko da.
Zinemaldiaren webgunean, gaurtik aurrera egongo dira salgai 67. edizioaren inaugurazio eta amaiera galetarako sarrerak. Zeremonia bakoitzerako gehienez ere lau sarrera erosi ahal izango dira.
Zinemaldia pertsona eta enpresa askoren lankidetzari eta grinari esker da posible. Besteak beste, hauek:
Eskerrak, halaber, Donostiako Nazioarteko Zinemaldia Sozietate Anonimoaren Administrazio kontseiluko kideei: Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioa, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala.